}

Teknologia berrien harreraz: Papergintzaren hastapenak Hego Euskal Herrian (1755-1842)

1995/03/01 Zaldua Gonzalez, Iban Iturria: Elhuyar aldizkaria

Euskal papergintzaren historia nahikoa laburra da, bigarren arloko beste iharduera batzuen tradizioarekin (burdingintzarekin, adibidez) konparatzen badugu behintzat: XVIII. menderarte ez dugu euskal paper-olen arrastorik. Txinatarrek asmatua eta musulmanek ekarria, papera Europan XI-XII. mendeetan hasi ziren ekoizten, Espainiatik hain zuzen ere.

Hurrengo mendeetan papera egiteko teknikak Espainiatik Europako beste eskualdeetara eraman ziren, produktu hau egiten zen egoitzetan ur-indarra erabiltzea ohizkoa zelarik. Horrela sortu zen paper-errota (ikus 1. irudia). Handik aurrera eta Industri Iraultza arte produktu honen ekoizpen-unitatea izan zen.

1. irudia. XVIII. mendeko paper-errota, frantziako marrazki baten arabera.

Lan honetan puntu hauek ukitu nahiko genituzke: alde batetik, lehenengo paper-errotak Hego Euskal Herrian, XVIII. eta XIX. mendeetan zein testuingurutan ezarri ziren; bestetik, hori nola gertatu zen eta zer teknologi mota inportatu zen; azkenik, iharduera honek hasieran gure artean finkatzeko zer zailtasun izan zituen. Gaur egun, XX. mendearen bukaeran, euskal industriaren krisi eta aldaketa-prozesuan gaude eta agian ez litzateke tontakeria begirada iraganera zuzentzea eta gure historian izandako antzeko garaiak aztertzea. Garai haietako bat XVIII. mendearen azken hamarkadetakoa eta XIX.aren lehenengoetakoa izan zen eta horregatik papergintzari dagokionez aztertzea interesgarria izan daitekeela pentsatzen dugu.

XVIII. mendearen erdialderarte ez zen paper-errotarik martxan jarri Hego Euskal Herrian. Ipar Euskal Herrian bazeuden ordurako gutxi batzuk, Frantziako hegomendebaldeko papergintza-zentru garrantzitsuen hazkunde dinamikaren eraginez sortuak edo. Hego Euskal Herriko lehenengoa 1755.ekoa da, Iruñeko Ospitale Nagusiko bolbora-fabrika izandako batean eraikia; Bizkaiko lehenengoa, Berrizkoa, 1779.ean hasi zen lanean, eta Gipuzkoakoa 1803.ean, Alegian. Ordutik aurrera eta 1842rarte, hots, lehenengo fabrika modernoa ezarri zuten arte, eskuzko papergintza errotzeko hainbat ahalegin burutu zen hiru probintzia hauetan.

Hau guztia testuinguru konkretu batean gertatu zen, ekonomi, gizarte- eta politika-maila gauzatu zeneko Antzinako Erregimenaren krisialdi-garaian, alegia. Ekonomi arloan krisi honen ezaugarririk azpimarragarrienak populazio- eta nekazaritza-hazkundearen erorketa- zikloa, nabigazio eta merkatal ihardueren gainbehera eta burdingintza tradizionalaren porrotaren hasiera izan ziren. Arazo hauek, jakina denez, gizarte harremanen arloan ezegonkortasun handia sortarazi zuten, beste faktore batzuekin batera Karlistaden eztandaren oinarrietan daudelarik. Baina guri gehien interesatzen zaiguna “industri” krisia da, hots, burdingintzaren krisia. Iharduera honek izugarrizko garrantzia zuen Bizkaian eta beste probintzietan ere bai. Nekazaritza-mailan nahikoa pobre ziren eskualde hauentzat burdingintza zen, besteak beste, merkatuko balantza orekatzeko erabiltzen zen bitarteetako bat.

2. irudia. Ateratzailea moldearekin papera eratzen.

XVIII. mendearen bukaeran, ordea, iharduera honen krisia hasi zen. XV. mendeaz gero Europako beste eskualde batzuetan burdina egiteko labe garaiak garatu baziren ere, euskal burdingintzak zuzeneko sistemara loturik segitzen zuen, nazioarteko konkurrentzialtasuna galduz, batipat XVIII. mendean zehar Ingalaterran sortzen ari ziren asmakuntzak zirela eta. Gainera Espainiako Koroak kontrabandoaren aitzakiaz euskal produktu manufakturatuen aurka zeraman politikak min eman zion noski euskal burdin salmentari. Mende bukaera zen eta Amerikako koloniak galtzeak are eta gehiago kaltetu zuen burdingintza tradizionala.

Papergintzaren hastapenak Hego Euskal Herrian testuinguru honetan kokatu behar ditugu. Ordurarte burdinolen ugaritasunak beste iharduera “industrialen” zabalkuntza oztopatu zuen: gogoratu burdinolek “monopolizatzen” zituztela (alea ehotzeko ezinbestekoak ziren errotekin batera, noski) ibai-ertzak; energi iturri berbera (uraren indarra) erabili behar zuten gainerako ihardueren kokalekua, alegia.

Papergintza, esan dugunez, oso lotuta zegoen uraren erabilerarekin; ez bakarrik bere indarra nahitanahiezkoa zuelako (orea egiteko makinei eragiteko), baita ura, trapuarekin batera, iharduera honen lehengai nagusia zelako ere. Gogora dezagun egurra beranduago hasi zirela erabiltzen; XIX. mendearen bigarren erdialdean. Papera egiteko bide tradizionala hau zen, laburki azalduta: landare-zuntzez osatutako ehunen hondakinak (hots, trapuak: lihozkoak, kotoizkoak...) uretan txikituz orea lortzen zen; gero langile espezializatu batek orea aska batetik ateratzen zuen eta molde edo sare batean astinduz soberan zeukan uraren parte bat kentzen zion, paper-orria eratuz (ikus 2. irudia); paper-orriak prentsaren azpian zapaldu ondoren, errotako ganbaran lehortzen jartzen ziren (ikus 3. irudia), batzuetan kolatu eta leundu ere egiten zirelarik.

Eskuzko papergintzak ez zuen leku handiegirik behar eta ugari dira beste ihardueretara atxikitzen ziren egoitzen “birmoldaketak”. Burdinola izandakoak asko dira, batez ere Bizkaian: aipatu Berrizkoa, Zallakoa (1782), Etxebarrikoa (1830), Basaurikoa (1848), etab.; halaber noizbait errota izandakoak: Tolosako Igarondo (1818), ziurraski Abandokoa (1824); Iruñekoa, esan bezala, bolbora-fabrika zen; Aoitzekoa (1773) larrutegi ohia.

3. irudia. Paper-orriak ganbaran lehortzen.

Bestalde, ez dira eraikuntza berrietan egokitutakoak falta; adibidez, Legazpikoa (1805). Hain zuzen ere, hasierako kostu erlatiboki baxua zuen negozioa izan zitekeen. Burdinolan edo errotan egin behar ziren aldaketa teknikoak txikiak ziren. Gure eskualdeak, gainera, bazuen abantailarik trebakuntza aldetik, inguruetako langile askok antzeko mekanismoak erabiltzen eta eraikitzen bazekitelako. Giza kapitalaren aldetik, hein batean behintzat, Euskal Herria ondo hornitua zegoen papergintza ezartzeko.

Burdingintza tradizionalaren gainbehera, hala ere, ez da nahikoa papergintza bultzatzeko egin ziren ahaleginak azaltzeko. Aurrebaldintza garrantzitsua da, noski, ibaietako ur-indarra beste iharduera batzuetarako “askatzen” hasi zelako eta zenbait burdinola-jabe, krisiaren aurrean, beren egoitzetarako erabilbide berriak bilatzen saiatu zelako, Bizkaiko lehenengo bi parte-erroten kasuak argi utziko lukeenez. Baina beste faktore batzuk ere kontutan hartzekoak dira. Ezin da ukatu Hego Euskal Herriko papergintzaren lehenengo arnasa hau Espainian eskualde askotan gertatzen ari zen paper-erroten ugalketaren giroan koka dezakegula. Koroa, dekretu ezberdinen bidez, gutxienez XVIII. mendearen erdialdeaz gero papergintza sustatzen saiatu zen.

Datu zehatzik ez badago ere, paper-ekoizpenak eskariaren zabalkuntza nabaritu zuen: gogora dezagun Argien Mendea zela eta mota guztietako argitalpenen kopurua izugarri handiagotu zela; bestalde, merkataritzaren hazkundeak enbalaketarako zatar-papera eta kartoiaren eskaria handiagotuko zuen. Gai hauek erabiltzen zituzten kartagintza eta zigarrogintzaren bultzada ere ukaezina izan zen XVIII. eta XIX. mendeetan zehar. Baina gainera kontutan hartu behar dugu papergintzarako teknikak, oro har, iparraldetik ailegatu zirela, hots, Frantzia eta Ipar Euskal Herritik: ezaguna da frantziako papergileen tradizio ibiltaria.

4. irudia. Trapuzko paper-orea egiten: mailuen sistema
mailuen buruek forma ezberdinak zituzten trapua mozteko eta txikitzeko

Beraz, esan dugunez, papergintza lehenengo Zuberoa eta Nafarroa Beherean ezagutu zuten, eta geroago Hegoaldean. Gogoratu garai hartan probintzia hauek, foru-sistema zela medio, libreganbiorako espazioa osatzen zutela, Iparraldeko herrialdeekin zituzten loturak oso estuak zirelarik. Horrek ia dudarik gabe teknologia “berria” sartzea erraztu zuen: kontutan hartu garai hartan ezagumendu teknikoak ( know-how -a) langile trebatuarekin batera zabaltzen zirela; industriaurreko joera honek industrializazioa oso aurreratua egon zen arte ez baitzuen indarra galdu.

Guzti honekin batera, Euskal Herriko Adiskideen Elkartekoen ekimena ere kontutan hartzekoa da, Euskal Herriko egitura ekonomikoa berriztatu nahiean, bigarren sektorearen garapenari izugarrizko garrantzia eman baitzioten: burdingintzaren modernizazioa, esate baterako, bere xede nagusienetako bat izan zen. Saiatu ziren, halaber, iharduera berriak sustatzen, eta horien artean papergintza. 1771.ean jadanik, Bilbon paper-fabrika sortzea proposatu zuten. Euskal Herriko Adiskideen Elkartea gutxienez Bizkaiko lehen ahaleginarekin zuzenki erlazionatua egon zen: Berrizko paper errotako nagusia Adiskide "Benemerito" izendatu zuten, honen alaba Elkartearen zilarrezko dominaz saritu zuten, alabak berak landutako sarea zela-eta.

Baina, hala ere, euskal papergintzaren lehenengo bultzada hau ez zen hain arrakastatsua izan. Gipuzkoan, esate baterako, 1803 eta 1841 bitartean egin ziren bost ahaleginetatik bik bakarrik izan zuten zailtasunez eta itxialdiz jorratutako jarraipena. Bizkaian antzeko zerbait gertatu zen: gutxienez lau proiektu martxan jarri baziren ere, batek bakarrik iraun zuen. Paper-errota gehienek urte gutxi batzuetan funtzionatzen zuten, berehala ixten zirelarik. Istiluak, zailtasunei buruzko aipamenak, errentagarritasun faltagatiko kexak, etab. nahikoa ugariak ziren.

Papergintza ez zen finkatu, Gipuzkoan behintzat, ihardueraren industrializazioa arte edo, agian, data zuhurrago bat ematearren, 1860.eko hamarkada arte. Lehenago faktore baikorrak ikusi baditugu, orain pisu handia izan zuten baldintza ezkorrak ere azpimarratu beharko genituzke. Horietakoa aipatu libreganbismo-egoera litzateke. Hego Euskal Herrira produktu asko inportatzen zen, eta besteak beste papera ere bai. Inportazio haiek aspaldidanik finkatutako papergintza-zentruetatik zetozen. ”Haurtzaroan” zegoen iharduera batek gutxi egin zezakeen, prezio eta kalitate aldetik, inportazio horien aurka; muga-sari baten babesik gabe, alegia.

5. irudia. “Pila holandarren” ebakidura. Mailuen funtzioa betetzen zuten aihotzak nahikoa ondo ikusten dira
C

Arazoa ez zen frantziarrek eta holandarrek Hegoaldean sartzen zuten papera zergarik ordaindu gabe saltzea bakarrik; baizik eta gainera lehengai nagusia, trapua, inongo oztoporik gabe esportatzea, Espainiatik trapua ateratzea debekaturik zegoen bitartean (Tolosako papergile bat kaxu zen horregatik). Honez gain euskal papera atzerritarra bailitzan hartzen zen Ebroko aduanak igarotzerakoan eta, hortaz, Espainian sartzerakoan, burdinarekin gertatzen zen bezala, muga-saria ordaindu behar zuen, konkurrentziaren kaltetan. Beraz, ez da harritzekoa Abandoko paper-errotako nagusiek beren lasto-paperezko produktu berriak ekoizteko erret pribilegioa eskatzea, merkatu muga hauek nolabait gainditzeko bide gisa.

Baina erakunde-faktore hauek ez dira aski lehenengo papergintzaren zailtasunak aztertzeko. Teknologia aldetik ere oztopoak egon zirela pentsa daiteke. Ez dirudi, adibidez, hasieran behintzat, ekarri zen teknologia berriena zenik. Paper jarraia produzitzeko makina asmatu eta garatu aurretik (XIX. mendearen lehenengo hamarkadatik) papergintzan ezarritako aurrerapen teknologiko ia bakarra trapuak txikitzeko prozesuan egin zen: lehenago mailuen sistemaren bidez egiten zena (ikus 4. irudia), XVII. mendearen bigarren erdialdeaz gero bizkorragoa zen “pila holandarraren” bidez egiten hasi zen (ikus 5. irudia), nahiz eta asmakuntza hau oso astiro zabaldu.

Papergintza Hego Euskal Herrian sartzen hasi zenerako “pila holandarra” ezaguna zen, baina hemen ezarri ziren lehenengo paper-errotetan badirudi artean mailuen sistema zaharra erabiltzen segitu zela eta horrek ziurrenik euskal produktuen kostua igo egin zuen: La Lande egile frantziarrak zioenez, “pila holandarrak” 8-10 ordutan egiten zuen lana, mailuen bidez 24-30 ordutan burutzen zen. 1820.eko hamarkadatik aurrera ezarritako fabriketan, ordea, “pila holandarra” gero eta ohizkoago bihurtu zen. Ezaguera teknologikoen zabalkundearen aldetik, gainera, beste zailtasun batzuk egon ziren. Papergintzan aritutako frantziarrak erakartzea nahikoa erraza bazen ere (euskal paper errota gehienak bertakoei ofizioa erakusten zieten frantziar langile eta maisuen ardurapean hasten ziren lanean), batzuetan istiluak eta arazoak sortzen ziren langile hauek ofizioa behar bezala ezagutzen ez zutelako edota soldata altuegiak eskatzen zituztelako.

Aipatu beharreko beste faktore bat, noski, gerrena da: Hegoaldean 1794 eta 1839 bitartean hiru gerra izan ziren (Konbentziokoa, Independentziakoa eta 1. karlistada), ezbairik gabe “industriarentzat” kaltegarriak izan zirelarik. Merkatua uzkurtu egiten zen eta badakigu gerra haietan gutxienez paper-errota bat erre zutela. Ezin dugu ahaztu, gainera, lehenengo gerren ondorioz frantziarrekiko harremanak garatuz egin zirela, eta agian horrek ere izan zuen zerikusia sortu ziren aipatu istiluetan.

6. irudia. Tolosako LA ESPERANZA, paper jarraia produzitu zuen Euskal Herriko lehenengo fabrika.

1842.ean Tolosan Euskal Herriko paper jarraia egiteko lehen paper-ola, LA ESPERANZA , jarri zen martxan (ikus 6. irudia). Berehala fabrika berriak eraiki ziren Atarrabian eta Iruran. Papergintzako aro industrialaren hasiera zen, historia hau hemen azaldu duguna baino ezagunagoa delarik. Horrek ez du esan nahi lehenengo ahaleginean sortu eta geratzen ziren paper-errotak berehala desagertu zirenik; hain zuzen ere, artean eskuz papera egiten zuten errota berri batzuk fundatuko ziren. Baina aurreko garaiarekin konparatuz, hazkunde argiko prozesuan murgiltzen gara, batez ere Gipuzkoan.

Oinarri instituzionalak (1841.eko aduanen kostalderatzea, adibidez) eta teknologikoak oso ezberdinak ziren. De facto, etapa berri horretan argitzen saiatu garen papergintzaren lehenengo bultzadari loturiko enpresari gutxi aurkituko dugu: industrigizon berriek arazo ezberdinei egin beharko zieten aurre. Guzti honekin aldaketa-garaiko aniztasuna azpimarratu nahi izan dugu. Orain ere ekonomi krisialdian murgildurik gaude, batzuk desindustrializazio-prozesuaz hitz egiten dutelarik. Krisien azalpen monokausalak ez dira aski, hemen ikusi dugunez. Are gutxiago norabide bakarreko konponbideak. Papergintza ezartzeko lehen ahalegin historiko hauen porrot erlatiboak ezer erakusten badigu, honako da: mota guztietako faktoreak hartu behar ditugula kontutan (ekonomikoak eta teknologikoak bai, baina baita erakundeei eta ingurugiro-politikoari dagozkienak ere).

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia