}

Teknokrazioaren bidetik, leitzetara

1996/03/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Azken bolada honetan hitzetik hortzera darabilte errausketaren kontua. Jarrera kontrajarriak agertu dira afera honetan eta derrigorrez agertu behar direla iruditzen zaigu. Izan ere, eredu desberdinek topo egin dute gai honetan eta horretara ekar daiteke eztabaida.

Errausketaren aldeko apostua egiteak gure gizartean solidaritatea sustatzeko etorkizuneko aukera galtzea eragingo duela uste dugu ERREKA Plataforman. Eta etorkizunean diogunean ingurugiroa babestea baino gehiago esan nahi dugu: gure baliabideak ongi kudeatuz eta poluziorik sortu gabe, bertako I+G delakoa sustatzea oztopatu egingo duela uste dugu. Mendearen bukaeran gaudelarik, gizadiaren leitzeak tximiniak dira.

Bizkaiko Diputazioak eta Zabalgarbik 458.000 tona zabor tratatzeko bi errausketa-planta egin nahi dituzte. Kopuru hori gaur egun sortzen den zaborrarena baino handiagoa da eta bistan denez, ez da kontutan hartu birziklapenaren irizpidea, bi erakundeek kontrakoa dioten arren. Errausketaren azterketa kontzeptuala eginez, endogamian itxitako gizartearen eredua aurkitzen dugu, garapena kontsumoa areagotzearekin lotzen duena.

Bestalde, emisioak kontrolatzeko Alemaniako araudia erabiliko dela esaten zaigu, baina jakina da bertakoa ere ez dela errespetatzen. Dioxinen emisioan 0,1 ng/m3 ez dela gaindituko esaten dute, baina horrek ez du gure osasunari kalte egingo ez dionik bermatzen. EEBBetako EPA erakundeak aitortu duenez, dioxinek minbizia sor dezakete eta bizidunotan metatzen dira, baina irizpide horiek ez dira aintzakotzat hartu proiektua egiterakoan. Horrez gain, errausketan beste zenbait poluitzaile ere sortzen da, metal astunak kasu, eta arazo hori gainditu gabe dago oraindik. Itxiko al lukete errausketa planta era horretako arazoren bat sortuko balitz? Halaber, errausketaren bidez hondakinak gutxiagotzea lortzen da, baina konpostajean lortzen den proportzio berean ematen da, hau da, zaborraren heren bat gutxiagotzen da; aitzitik, prozesuaren amaieran geratzen den hondakina hondakin toxikoak eta arriskutsuak dira Ingurugiro Sailburuordetzak emandako datuen arabera.

Azpimarratzekoa da bestalde, errausketaren inguruko eztabaida honetan maiz aipatzen ari den energia-berreskuraketa. Lemoizko aferaz geroztik, PNV alderdiak osatu gabe duen barne-zauria da hori eta ezkutuko negozioa ahalbidetzeko erabil daitekeela esatea ez da susmo hutsa. Bizkaian ezarri nahi den errausketa-plantari dagokionez, lehengaiaren herena baino ez da zaborra izango eta gainerakoa petrolioaren eratorriak izango dira. Funtsean, zentral termiko berri bat sortzea proposatzen ari da, antzeko beste hiru planta ia-ia erabili gabe ditugula esan gabe gainera (Santurtzi, Burtzeña eta Pasaia).

Ondorioz, gure hondakinen kudeaketa okerra egiteak geuk guztiok ordaintzen dugun argindarraren fakturan eragin zuzena izango du, kasu honetan bertan sortutako kilowat en erabilera arautzen duen Autosorkuntzako Dekretua modu bihurriaz interpretatuko baita. Kontrako efektua lortzeko sortu zen baliabide horretan oinarrituz, etxeko zaborren tarifa handiagotzea eragotz daiteke, horrela ez egitekotan %500go igoera emango baita. Horrek guztiak urteko ordaindu ohi dugun kopurua (15.000 edo 20.000 pezeta) argindarraren bidez eta ezkutuan ordaindu beharko dugula esan nahi du.

Zaborrak erraustea oso teknika garestia da; izan ere, errausketa-plantan sortutako emisioak gutxiagotzeko eta bigarren mailako produktuak eta zepak tratatzeko azpiegitura bereziak sortu behar dira: gas-emisioak tratatzeko sistemak atondu, zepak metatzeko segurtasun-biltegiak sortu edota errautsen arazoa kudeatzeko plasma-bidezko tratamenduak martxan jarri. Hori guztia egiteko, 40.000 milioi pezeta beharko dira eta beraz, bizkaitar bakoitzak 34.000 pezeta jarri beharko ditu. Errausketa-plantaren ustiapen-kostua 5.000 milioi pezetakoa izango dela diote (ikusteke dago, alajaina!), hau da, 4.200 pezeta biztanleko. Hori guztia prozesuan sortzen diren zepak kudeatzeko eraiki beharko den segurtasun-biltegia kontutan hartu gabe.

ERREKA plataforma ekologistan errausketaren aurka gaude gure inguruan (Gasteizen eta Montejurran) guztiz desberdinak diren esperientziak daudelako eta horrek etorkizunerako bide eraginkorragoak egon badaudela –zabortegien 10 urteko erabilpen denbora– adierazten digulako. Zergatik orain denborarekin larritu? Azken batean, eztabaida honen atzean errausketaren inguruko hika-mika baino garrantzitsuago den zerbait dagoela uste dugu. Besteak beste, garapena ulertzeko beste eredu bat dago, baliabideak mugaturik dituen ingurunearen eramangarritasuna defendatzea eta gure hondakinen kudeaketa zuzena egiteko eskubidea aldarrikatzea; gure bizimodua orekatzeko eta etorkizunerako eredu berriak ahalbidetzeko urrats txikiak ematen hastea da azken finean, eztabadia horren gibelean dagoena.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia