}

Synface. Gorrentzako telefono berria

2004/11/14 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Gehienontzat, telefonoz hitz egitea erabat arrunta da. Bi aldiz pentsatu gabe, entzungailua altxatu, zenbakia markatu, eta edonorekin hizketan hasten gara. Baina hariaren beste aldean dagoena gorra bada, gauza asko aldatzen da. Duela gutxi arte, telefonoa baztertu eta beste bide bat hartzea zen errazena; adibidez, posta elektronikoa erabil dezakegu telefonoaren ordez. Orain, ordea, badago aukera.
Lagun askori egingo lioke mesede, gero eta gehiagok baitituzte entzumen-arazoak.

Suediako konpainia batek Synface programa informatikoa sortu du, Europako Batasunaren laguntzarekin. Telefonoa eta ordenagailu bat besterik ez da behar; elkarri konektatu, eta, Synface-ren bidez, ordenagailuaren pantailan aurpegi bat azaltzen da. Gakoa aurpegiaren ahoan dago, ezpainetan hain zuzen: aurpegiaren ezpainen mugimenduak solaskideak esandakora egokitzen dira. Hartara, ezpainen mugimenduei jarraituz, lagunak zer esaten duen jakiteko aukera du gorrak.

Aurrerapena ez da nolanahikoa. Izan ere, lehen ere bazeuden bideak gorrentzat telefonoz aritzeko, baina ez ziren oso egokiak. Horietako bat bideofonoa da. Tresna horrek telebista eta telefonoa konbinatzen ditu, eta solaskidearen aurpegia ikusteko aukera ematen du; beraz, gorrak lagunaren ezpainetan bertan irakur dezake hark esaten duena. Horrek, ordea, eskatzen du hariaren bi aldeetan edukitzea horrelako tresna bat. Horretaz gain, banda zabaleko linea behar da, bestela ez baitira garbi ikusten ezpainen mugimenduak bideoan.

Beste bide bat testufonoa da. Testufonoak lagunak esandakoa idatziz jartzea eskatzen du; horrek ezinezkoa egiten du elkarrizketa arrunt bat izatea, idatzi beharrak asko moteltzen baitu komunikazioa.

Entzun eta ikusi, dena bat

Synface-k ahots-ezagutzaren eta irudi digitalen teknologiak uztartzen ditu.
Speech

Synface-ri esker, berriz, posible da era naturalean komunikatzea. Hizkuntz ezagutzaren eta aurpegi sintetikoen teknologiak uztartzen ditu, eta soinuak eta irudiak ia batera entzun eta ikusten dira. Hain zuzen ere, soinuarekiko 200 milisegundoko atzerapenarekin mugitzen ditu aurpegiak ezpainak.

Hori lortu ahal izateko, programa informatikoak ez du hitz osoa ezagutu arte itxaroten irudia mugitzeko, baizik eta soinuak ezagutu orduko sortzen du mugimendua. Hartara, hitza eta mugimendua ia denbora berean gertatzen dira, eta, horretaz gain, hizkuntza desberdinetan arazorik gabe erabiltzea ahalbidetzen du.

Synface-k, beraz, ez du hiztegi mugatu bat; soinuak ezagutzen dituenez, edozein hizkuntzatarako balio du. Aldaketa txiki batzuk egin behar dira hizkuntza bakoitzera moldatzeko, baina oinarria bera da. Aldaketak soinuei dagozkie: hizkuntza batzuetan besteetan erabiltzen ez diren soinuak daude, eta horiek sartu behar dira programan gero ezagutzeko gai izan dadin. Lehen prototipoa ingelesez, suediarrez, eta nederlanderaz erabiltzeko modukoa da, eta italiarrez eta finlandieraz erabiltzeko aldaketatxoak egiten ari dira orain. Laster, edozein hizkuntzatan erabili ahal izango dela espero dute ikertzaileek.

Askoren mesederako

Aireportuetan eta geltokietan oharrak emateko ere lagungarria izan daitekeela uste dute.

Synface sortzeko egitasmoan, hainbat enpresa eta erakundek parte hartu dute, eta abendura arte jarraituko dute lanean. Dagoeneko egin dituzte lehenengo probak Britainia Handian, eta laster egingo dituzte Suedian eta Herbehereetan. Britainia Handiko probetan parte hartu zutenen % 84k esan zuten hitzak erraz ezagutu zituztela, eta % 74k telefonoaz normal aritzeko laguntza handia zela adierazi zuten.

Asmatzaileek onartzen dute erabiltzaileetako batzuek arazoak izan zituztela aurpegi digitalaren ezpainak irakurtzeko, baina, hala eta guztiz ere, emaitzak beste sistemekin baino askoz hobeak dira. Beraz, bide onetik doazela ondorioztatu dute ikertzaileek.

Horrelako tresna batek jende askori lagun diezaiokeela uste dute. Nahiz eta ez dakiten zenbat lagunek duten entzuteko zailtasuna, ikerketa batzuek kalkulatzen dute 80 milioi lagunek izan dezaketela arazo hori Europa osoan. Adibidez, Suediak 9 milioi biztanle ditu, eta 800 mila inguruk dute entzuteko zailtasuna. Horietatik, 350 milak laguntza behar dute entzuteko.

Gainera, populazioa zahartzen ari den heinean, gero eta gehiago dira entzuteko zailtasuna dutenak. Bestalde, zenbait adituren ustez, gero eta lehenago hasten dira entzumena galtzen europarrak, gaur egungo bizimodua oso zaratatsua baita, eta entzumena kaltetzen du. Horregatik, denborarekin entzumen-arazoak dituztenen kopuruak gora egingo duela kalkulatzen dute.

Lehenengo probak Britainia Handian egin dituzte, eta oso gustura daude emaitzekin.

Bestelako aplikazioak ere bilatu dizkiote Synface-ri. Esate baterako, toki jendetsu eta zaratatsuetan oharrak emateko lagungarria izango litzatekeela iruditzen zaie. Adibidez, tren-geltoki batean, hitzez esaten dena pantaila batean ere adieraziko lukete, eta entzumen ona dutenei ere mesede egingo lieke aurpegi batean ikusteak bozgorailua esaten ari den oharra. Ordenagailu eramangarrietan, PDAtan eta telefono mugikorretan txertatzea ere badagoela uste dute. Guztia komunikazioa errazte aldera.

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia