Elhuyar zientziaren komunikazioa

Sistema eragileak: MS-DOSetik harantzago

1994/12/01 Alegria Loinaz, Iñaki | Lazkano, Elena Iturria: Elhuyar aldizkaria

Mikrokernel-ak: oinarri txikia hedadura handiagorako

Gaur egun ordenadoreak bizitzako arlo gehienetan erabiltzen dira; bai irakaskuntzan, bai ikerkuntzan, kazetaritzan, etab.etan. Baina ordenadorea ez da begi-bistan dagoena, hots, hardwarea, bakarrik: PUZa (Prozesatzeko Unitate Zentrala), inprimagailua, diskoa, pantaila, ... Hauek guztiak, edozein ordenadorek eskaintzen dituen baliabideak izanik, modu eroso eta orekatuan kudeatu behar dira makinari ahalik eta etekin handiena ateratzeko.

Gaur egun ordenadoreak bizitzako arlo gehienetan erabiltzen dira; bai irakaskuntzan, bai ikerkuntzan, kazetaritzan, etab.etan. Baina ordenadorea ez da begi-bistan dagoena, hots, hardwarea, bakarrik.

Sistema Eragilea (SE) da horretaz arduratzen den programa- eta errutina-multzoa; ordenadorea piztean aktibatzen da eta erabiltzaile arrunta konturatzen ez bada ere exekutatzen ari da ordenadorea piztuta dagoen bitartean. Hori dela eta, ordenadorea erostean hardware hutsa erosteak ez du zentzurik gaur egun, eta prozesadorearen MHz-ei eta memoriako eta diskoko Megei jaramon egiten badiegu, Sistemari are gehiago, batez ere ordenadorea ahaltsu samarra denean.

Ordenadoreak garatzen joan diren neurrian, SEak ere moldatuz joan dira baliabide berriak erabiltzeko eta atarramendu hobea lortzeko. Izan ere, hardwarearen aldetik aldaketak izugarri handiak eta azkarrak izan diren bitartean, PC-XT batetik Pentium edo Power-PC batera urte gutxitan pasaz, Sistemaren aldetiko aldaketak askoz motelagoak izan dira. Arrazoiak, besteak beste, hauek dira:

  • Inertzia. Erabiltzaileak lan-modu desberdina ikasi behar du Sistema aldatzen bada, eta giza aldaketak askoz zailagoak dira makinenak baino.
  • Bateragarritasuna. Fabrikatzaileen ikuspuntutik ikusita, eginda zeuden programa asko Sistema konkretu baterako zeuden eta Sistema aldatzekotan programak berriz egin behar ziren. Gainera, erabiltzailea ordenadorea eta Sistema aldatzeak dakarren gastuari aurre egiteko prest badago ere, harrituta geldituko da programa berriak erosi behar dituela jakiten duenean.

Arrazoiak arrazoi, errealitatea hor dago: azken teknologiaz garatutako ordenadoreak orain dela hamabost urte sortutakotik oso hurbil dauden Sistemekin saltzen dira. Baietz aurkitu Pentiumen bat MS-DOS pean lanean!

OS/2k ez du lortu MS-DOS ordezkatzea.

Arazo hauen aurrean bateragarritasuna da erabiltzaileek eskatzen dutena, hau da, makina eta sistema eragilea edozein izanda programak ibiltzea. Sareen ugaltzeak, azken hamarkadako informatikaren munduan aldaketa nagusia izan denak, bateragarritasunaren beharra areagotu egin du.

Sistema Eragile klasikoenak honakoak dira: MS-DOS (ordenadore pertsonaletan) eta UNIX (lan-estazioetan). Haien ordezkoa(k) izateko borroka handia dago merkatuan: Windows, Windows NT, OSF, mikrokernelak, ...

Sistema klasikoen ezaugarriak, ordenadoreen teknologia eta arkitektura berriek sortutako premia berriak eta etorkizuneko Sistemen aurrikuspena da artikulu honetan azaldu nahi duguna.

Ordenadore pertsonalak: MS-DOS, OS/2, Windows eta Mac

80.eko hamarkadaren hasieran, IBMk lehenengo ordenadore pertsonala kaleratu zuen (PC IBM, 8080, 8 bit, 640K) eta honekin batera Microsoft-ek idatzitako Sistema Eragile berria: MS-DOS (Microsoft Disk Operating System), izenak dioen moduan, diskoari zuzendutako sistema. MS-DOSa azkar zabaldu zen eta gaur egun milioika kopia daude banatuta munduan zehar. Sistema monoprogramatua da, eta, beraz, prozesu bat hasi eta bukatu arte ezin da beste bat martxan jarri, memorian programa desberdinak egon badaitezke ere. Gainera, erabiltzaile bakarreko sistema da (ordenadore pertsonaletan erabiltzeko diseinatu zen) eta ez du hardwarearen babesik.

1) Windows 3.1. eta 2) WFW sistema eragileak. (Argazkia ongi ikusteko jo ezazu PDF-ra.

Beraz, erabiltzaileak zuzenean helbidera dezake hardwarea. Honek, birusek kutsatzeko aukera paregabea eskaintzeaz gain, hardwarea zuzenean helbideratzen duten aplikazioak sortzea eragin du, hots, garraiaezin direnak. Horrez gain, MS-DOSak memoria erabiltzen dueneko modua estu lotua dago 8080 prozesadorearekin eta lehenengo ordenadore pertsonal horren arkitekturarekin (diseinatu zenean ez zen pentsatu horrenbesteko garrantzia izango zuenik, bestela arreta handiagoz diseinatuko baitzen).

Bertan, sistema eragilea eta erabiltzailearen programak hasierako 640Ktan bakarrik koka zitezkeen eta 640Ktik 1Mra bitarteko memoria sarrera-irteeretarako (S/I) erreserbatua zegoen (hau gehiegizkoa izanik gehienetan memoria alferrik galduz); ondorioz, ezinezkoa gertatzen da helbideratze-espazio handiagoa behar duten programak bertan exekutatzea.

Hardwarea garatzen zen neurrian, Microsoft-ek MS-DOSaren bertsio berriak ateratzen zituen aurrerakuntza horiei aurre egin asmoz, baina hala ere, MS-DOSaren mugak gero eta nabarmenago bihurtzen ziren. 640Kko memoria-muga horrek, programa handiagoak exekutatzea galarazten zuen; baita memoria zabaldua (extended memory) erabiltzea ere. Muga hori gainditzeko asmoz, memoria hedatua (expanded memory) erabiltzeko ahalmena gehitu zitzaion. Argi zegoen MS-DOSaren bertsio berriek (ordurako 3.3 bertsioa zegoen merkatuan) ez zutela arazoa konponduko eta, hortaz, IBMk eta Microsoft-ek, berriro elkarlanean, zerotik abiatzea eta Unix-en oinarrituz, ordenadore pertsonaletan erabiltzeko sistema eragile berria eraikitzea erabaki zuten.

Horrela, 1987. urtean OS/2 delakoa sortu zuten, 32 biteko sistema eragile multiataza (prozesuak kanporatzeko lehentasunen mekanismoa erabiltzen zuena). Honek abantaila nabarmenak eskaintzen zituen arren, beharbada multiprogramatua ez izateagatik eta ziurrenik erabiltzaileak ordurako DOS zaharra erabiltzen ohituak zeudelako, ez zuen espero zen arrakasta eduki eta ez zuen DOSa ordezkatzea lortu. Oro har dendetan OS/2ari dagokion atal berezirik ez egotea da honen froga garbia.

OS/2a agertu arren, Microsoft-ek MS-DOSaren bertsio gehiago kaleratzen segitu zuen, merkatuan lehiakide sutsu bihurtuz; 5.0 bertsioak S/Igatik gertatzen den 640Ktik 1M bitarteko memoria-galera saihesteko mekanismo berezi bat erabiltzen du posizio horiek prozesuei esleitzeko, eta 6.0 bertsioa ere merkatuan da aspaldidanik. Baina, bere eraginkortasuna aurretik zalantzan baldin bazegoen, zergatik horrenbesteko arrakasta? Aipatutako arrazoiez gain, agian, hasierako IBM PC horien dokumentazioetan hardwarearen ezaugarriak zehatz-mehatz azaltzen zirelako eta, ondorioz, fabrikatzaile asko sartu zen PCetako merkatuan, PC kloniko deitutakoak sortuz eta prezioak erabat jaitsiaraziz. Lehiakide berri hauentzat MS-DOS erabiltzea zen merkeena eta gainera horrela aplikazio anitz zegoen merkatuan sistema hauen balizko bezeroentzat.

Unix bateratzeko prozesuaren ondorioak. (Argazkia ongi ikusteko jo ezazu PDF-ra.

OS/2aren porrota ikusita, 1991. urtean Microsoft-ek OS/2 sistema baztertu eta, DOSa ordezkatzea ezinezkotzat hartuz, Windows famatua kaleratu zuen, IBMren haserreari jaramonik egin gabe. Windows-a erabiltzaileari zuzendutako interfaze grafikoa (GUI, Graphical User Interface) besterik ez izan arren, itxurosoa izateaz gain, erabiltzailearentzat oso erosoa da; leihoen bidez eta sagua bakarrik erabiliz maneia baititzake aplikazioak nahiz bere fitxategi-sistema, inongo komando eta sintaxia ezagutzeko beharrik gabe. Oso arrakastatsua izan zen, 1992an hogeita bat milioi kopia inguru ari ziren lanean; baina hala ere, erabiltzaileari zuzendutako hobekuntza besterik ez da, eta azpian dagoena MS-DOS denez, arazoek bere horretan diraute. Beraz, Microsoft-ek Windows-a diseinatzean egin zuena MS-DOSa mozorrotzea izan zen.

Hala ere, Windows-a ere garatuz joan da denboran zehar eta, Windows 3.1 (memoriaren kudeaketa hobea duena) eta WFW (Windows For Workgroups), Windows-a darabilten ordenadoreak konektatzeko aukera ematen duena, kaleratu dira. Baita nahikoa arrakasta eduki ere.

Ordenadore pertsonaletako munduan badago beste familia bat aski ezaguna, Macintosh-ena. Hasieratik arrakastarako ezaugarriak zituen arren (interfaze grafiko erosoa eskaini zuen lehena izan baitzen) ez zen beste fabrikatzaileentzat abiapuntu bihurtu. Ikuspuntu komertzial hertsitik abiaturik Sistema ez zen komertzializatu beste fabrikatzaileek erabil zezaten. Horregatik aplikazioak atzeratu egin ziren eta geroago joera aldatu egin bada ere, beranduegi zen jadanik Sistema estandar bihurtzeko. Gaur egun, arrakasta handia izan arren, marka bati lotutako Sistema on bat baino ez da.

UNIX

70.eko hamarkadan, artean ordenadore pertsonalik ez zegoenean, UNIX sortu zen eta pixkanaka miniordenadoreetan sistema eragilerik erabilien bihurtzen joan zen. UNIX, C lengoaian idatzi zen (apropos diseinatu zen C horretarako) makina batetik bestera erraz garraiatu ahal izateko. SE multiprogramatua eta erabiltzaileanitza izanik, gaur egun UNIXerako milaka aplikazio daude.

Oso azkar zabaldu zen, AT Tk iturburu-kodea hasieran dohainik zabaltzen zuelako. Baita bertsio desberdinak sortu ere, ezagunenak System V eta BSD (Berkeley System Design) direlarik. Baina aniztasun honek, mesede baino gehiago kalte egin dio Unix sistemari; sortutako bertsioak inongo estandarrik segitu gabe egiteak ezinezko bihurtu baitu aplikazio bat Unix sistema desberdinetara garraiatzea; hau da, aplikazioak ezin dira bertsio desberdinetan exekutatu.

Sistema eragile modernoak. (Argazkia ongi ikusteko jo ezazu PDF-ra.

Hau konpondu nahian, neurri bateko bateragarritasuna lortzeko lehenengo pausoa IEEEk (Institute of Electrical and Electronics Engineers-ek) eman zuen AT T delakoaren ekimenez, POSIX batzordea sortu zuenean. Batzorde honek I003.1 estandarra argitaratu zuen, System V eta BSD bertsioen ezaugarri amankomunak bilduz. Beste fabrikatzaileek ordea, ez zuten begi onez ikusten AT Tk estandarrean azaltzen ez ziren ezaugarrien kontrola edukitzea; berak jokotik at gelditzen baitziren. Horregatik, DECek, IBMk eta HPk OSF (Open Software Foundation) elkartea sortu zuten sistema berri bat eraikitzeko asmoz; IEEEren araudia betetzeaz gain, X11 leiho-sistema, MOTIF interfaze grafikoa eta beste zenbait ezaugarri edukiko zituena, hain zuzen. Beraz, Unix bateratzeko asmoz hasi zenak, ez zuen bere helburua lortu. Hori ezezik, korronte ugari sortarazi zituen.

Ordenadore pertsonaletarako ere Unix bertsioak garatu dira, baina Unix saltzaileek hiru arazoei egin behar diete aurre MS-DOSi lehi egin ahal izateko: aplikazio ezagunenak exekutatzeko ahalmena, eta sistema instalatzean zein sistemaren kudeaketan, erraztasuna. Horrela, 80.eko hamarkadan Microsoft berak garatutako Xenix, eta geroago Santa Cruz Operation (SCO) delakoaren eskuetan gelditu zena, SCO Unix (SCO), Open Desktop (SCO), Solaris (SunSoft), LINUX etab. daude.

Unix-ek aurrerapauso garrantzitsuak eman ditu denboran zehar lan-estazioen eta sareen beharrei erantzuteko asmoz. Interfaze grafikoaren aldetik X arauan oinarritutako Xlib eta Xwindows liburutegi estandarrak sortu ziren eta Unix sistema gehienek segitzen dute, nahiz eta GUIaren azken itxura desberdina izan (Motif, Openwin, ...). Sareen aldetik, lan handia egin da Unix munduan, bezero/zerbitzari arkitektura garatzen, Internet sarerako softwarea sortzen, etab.etan,

Etorkizuneko ordezkoak: Windows NT eta Unix berriak

Windows NT sare homogeno batean. (Argazkia ongi ikusteko jo ezazu PDF-ra.

Zein da orduan alternatiba? MS-DOSaren azken bertsioak, MS-DOS 6.0, ez du gaur egungo sistema eragiletik espero daitekeena eskaintzen: alegiazko memoria erabiltzea, prozesuanitza izatea, prozesuen arteko komunikazioa ematea, etab. Windows-a, memoria-kudeaketa hobea duen arren eta lankidetzan multiataza izan arren (lankide diren prozesuekin dihardu multiataza gisa; ez ordea baliabideak lortzeko lehiatzen duten prozesuekin), erabiltzaile bakarreko instalazioetan soilik erabil daiteke eta zaila da PC motakoa ez den beste plataforma batera garraiatzea. Azkenik, WFW (Windows For Workgroups) delakoak LAN txikietan Windows-arekin lan egiteko behar diren funtzio eta programak gehitzen dituen arren, hau ere MS-DOSaren gainean eraikia dago eta, beraz, arazo berberak ditu.

Argi dago zeintzuk diren beharrak. Alde batetik, sistema eragile berria Unix-ek eskaintzen dituen ezaugarrietan oinarrituz diseinatu behar da, honek bere funtzionaltasuna eta eraginkortasuna ordenadore-sistema handietan frogatu dituelako. Bestalde, erabiltzaileak erabiltzeko erosoa izan behar du eta honen ohiturak gehiegi aldatu gabe. Gainera, bateragarria izan beharko du aurreko sistemekin; erabiltzailea ez baitago sistema aldatzeagatik dauzkan aplikazioak uzteko, berriak erosteko eta hauek erabiltzen ikasteko prest. Horrez gain, makina desberdinetarako eta sarean lan egiteko balio beharko du.

Ideia hauek buruan dituela, Microsoft-ek Windows NT diseinatu du, ordenadore pertsonalen abantailak lan-estazioetako sareenekin konbinatuz. 32 biteko sistema multiataza eta harianitzekoa (multithreading) da hau, C lengoaian idatzia gehienbat, HAL izeneko zatia ezik, makina bakoitzarentzat espezifikoa den atal bakarra dena hardwarea zuzenean helbideratzen du eta. Makina desberdinetan instala daiteke (INTEL, MIPS, ALPHA, POWER-PC). Windows-a ere barruan du eta eskari bidezko orrikatzea duen alegiazko memoria erabiltzen du. Bere fitxategi-sistema berezia duen arren, NTFS izenekoa, MS-DOSarena (FAT) eta OS/2arena (HPFS) ere onartzen ditu; baita fitxategi-sistema formatu berriak agertzen diren heinean horiek gehitzeko interfazea eskaini ere. Horrez gain, segurtasunaren aldetik ingurune fidagarria da, MS-DOS ez bezala. Mikrokernel delakoan eta bezero/ /zerbitzari teknika berrietan dago oinarrituta (ikus aldamenean).

Bestalde, Windows 3.1 nahiz WFW delakoetan aurkitzen diren erabiltzaileari zuzendutako interfaze grafikoa eta sareetan aritzeko Microsoft-en LAN Manager-a gehitzen ditu eta ondorioz erabiltzaileak DOS eta Windows aplikazioak exekuta ditzake. Gainera, WFWk sare handiak konfiguratzeko eta sarearen baliabideak kudeatzeko zerbitzuak eskaintzen ditu. Horrela, DOS eta Windows-arekin bezero/zerbitzari gisa aritzeaz gain, Unix estazioekin bezero gisa ihardun dezake. Beraz, Windows NTaren erabiltzaile bat izan daiteke Unix ingurune baten bezero, Unix zerbitzari nagusi gisa arituz, eta, ondorioz, Unix erabiltzaileek ez dute zertan erabiltzaileanitzeko miniordenadoreen baldintzapetan aritu behar.

Windows-a, memoria-kudeaketa hobea duen arren eta lankidetzan multiataza izan arren, erabiltzaile bakarreko instalazioetan soilik erabil daiteke eta zaila da PC motakoa ez den beste plataforma batera garraiatzea.

Windows NTk abantailak dituen arren, aipa daitezke zenbait arazo ere. Horrela, prozesadore, memoria eta disko asko “jaten” du, erabilera 386 edo goragokoa duten ordenadoreetara mugatuz. Bestalde, Windows 3.1 aplikazioak bertan exekuta daitezkeen arren, aplikazio hauek ez dituzte goi-mailako funtzioak erabiltzen, eta, beraz, ez diete NTk eskaintzen dituen abantailei etekinik ateratzen. Gainera, sortu diren Windows NT aplikazio berriak ez dira asko. Gehienak lehendik zeuden Windows-eko 16 biteko aplikazioak exekutatzeko artezkariak dira. Ondorioz, aplikazio horiek Windows NTpean exekutatzea zuzenean Windows-ean exekutatzea baino motelago gertatzen da.

Objektuak sistema banatuetan erabiltzeko, estandar gisa Microsoft beraren estandar bat segitzen du; OLE 2.0 (Object Linking and Embedding) delakoa, orain arte estandar zen OMGrekin bat ez datorrena. Azkenik, abantaila gisa aipatutako ezaugarriak, hots, multiataza, harianitza, ... ezaugarri finkoak dira, hau da, ezin dira norberaren beharretara egokitu Unix-en ez bezala, hori batzuetan, denbora errealeko aplikazioetan adibidez, kaltegarri gerta daitekeelarik.

Windows NT SE berrien eraikuntzan Microsoft-entzat abiapuntua izan bada ere, honek dagoeneko eskaintzen ditu ondorengoak; baita etorkizunerakoak agindu ere. Horrela, Daytona-k (Windows NT 3.5), lan estazioetara zuzenduta dagoenak, memoria-premia txikiagoak ditu; Chicago (Windows 4.0) merkatu malguagorako da eta Cairo-k (oraindik kaleratu gabe dagoenak) objektuetara zuzendutako interfaze grafikoa eskaintzeaz gain, memoria gutxiago okupatuko duela diote.

Esan bezala, Windows NTrako eraikitako aplikazio espezifikoak gutxi dira eta honek badu bere arrazoia: softwarea garatzen dutenek horretan ihardun baino lehen ziurtatu egin nahi dute Windows NTk ez duela porrotik izango. Horregatik, 32 biteko aplikazio aurreratuak behar dituzten zenbait enpresak Unix soluzioetara (Unixware, Solaris) jotzen du; hauek Windows NTk baino garapen-ingurune sofistikatuagoak eskaintzen baitituzte. Baina, Unix-en oinarrituz softwarea garatzen duten konpainiek aplikazioak Windows NTpean exekutatu ahal izateko moduan eraikitzen dituztenean, erabiltzaileak aukeratu ahal izango du kasu bakoitzerako Unix aplikazioak edo Microsoft produktuak nahi dituen, hardware plataforma berean exekutatu ahal izango direlarik.

Beraz, oraindik puntu-puntuan ez badago ere, Windows NTk badu etorkizuna eta hurrengo urteetan finkatzeko eta beste sistemak gainditzeko, edo gutxienez horiekin elkarkidetzan aritzeko, ezaugarriak ditu.

Hala ere, Microsoft ez da etorkizuneko sistema eragile arrakastatsuaren bila dabilen lehiakide bakarra. Mikrokernel eta bezero/zerbitzari ideia berberetan oinarritutako Sistema gehiago daude merkatura ateratzear.

IBM, OSFren laguntzaz, apustu handia ari da egiten bere Workplace OS izeneko Sistema berriaren alde. Mach mikrokernel famatuan oinarrituta eta gainerakoan ia-ia hutsetik abiatuta sistema ireki eta malgu bat ari da eraikitzen Microsofteko Sistemei aurre egiteko gogo biziz.

OSF bera bere aldetik, Mach-en gainean Unix itxurako geruza bat ari da garatzen, bere aurreko Unix sistemen lana aprobetxatuz. AT T Chorus izeneko sistema berri bat ere ari da eraikitzen. Sun-ek eta Apple-k elkarrekin antzeko asmoa dute eta lan horretan Solaris sistema monolitikoaren kodea lagungarri izango zaie.

Artikuluan zehar azaldutakoarekin argi gelditzen da estandarizaziotik oso urrun gaudela, baina etorkizun hurbilean merkatuan egongo diren Sistemek ezaugarri amankomun bat izango dute: edozein plataformatarako garatutako aplikazio guztiak, edo garrantzitsuenak behinik behin, exekutatu ahal izatearena.

Sare hetereogenoak kontutan hartzen dituzte sistema eragile berriek. (Argazkia ongi ikusteko jo ezazu PDF-ra.

Prozesadore edo ordenadore anitz modu eroso eta eraginkorrean kudeatzeko beharrari sistema eragile tradizionalek ez diote ondo erantzuten. Behar horren arrazoia bikoitza da: sare en hedapen izugarria batetik eta lan-estazioetan eta mikroetan zabaltzen ari diren lehen multiprozesadore ak bestetik.

Sistema eragile tradizionaletan aurreko urtetan gertatutako aldaketa nagusia honako hau izan zen: hasierako sistema monolitiko egituratu gabeetatik geruzetan egituratuta ko sistemetara pasa zen. Aldaketa softwarearen injinerutzak bultzatu zuen; sistema eragilea oso programa konplexua baita, garatzeko denbora luzea eta elkarlana eskatzen duena eta denboran zehar bertsio berriak eskaini behar dituena.

Beheko geruzari kernel edo muin izena ematen bazaio ere, sistema batzuetan izen hau sistema osoari ematen zaio. Beheko geruzan kokatzen diren funtzio tipikoak honakoak dira: hardwarearen eta etenen tratamendua, prozesadorearen kudeaketa eta prozesuen kontrola. Memoria eta fitxategien kudeaketa, segurtasuna eta gainerako zerbitzuak, goiko geruzetan kokatzen dira gehienetan.

Sistema tradizional horiek sareetan lan egiteko, normalean sistema eragile osoak egon behar zuen sareko nodo guztietan. Era berean, sistemaren edozein errutina exekutatzeko prozesadoreak lan-modu berezi pribilegiatuan lan egin behar zuen kernel modu edo sistema modu izenekoan. Mikrokernel-ean oinarritutako sistemen funtsa hauxe da: kernel-ean ahalik eta funtzio gutxien kokatzea, horrela nodo guztietan egon behar duen kodeak, makinaren arabera desberdina denak, memoria gutxi hartuko du.

Gainerako funtzioak mikrokernel-aren gainean egongo dira, honen funtzioak erabiliko dituzte, makinarekiko independenteak izango dira eta ez dute nodo guztietan egon beharko. Carnegie-Mellon unibertsitateko Mach eta Europan garatutako Amoeba dira mikrokernel famatuenak orain arte.

Mikrokernel-ean ezarri behar diren funtzioak zeintzuk diren erabakitzea da funtsezko erabakia eta horretan fabrikatzaileak ez datoz bat. Komunikazioaren kudeaketa da guztietan agertzen den aukeragai ziurra. Malgutasuna dela eta ahalik eta funtzio gutxien izatea onena bada ere, maiz exekutatzen diren funtzioak kanporatzeak eraginkortasun-galera dakar eta hor dago oraindik irekita dagoen eztabaidaren koska.

Esandako ezaugarrien bidez sistema berri hauek sendo, garraiagarri, eta aldaerraz bihurtzen dira. Horretarako goiko zerbitzuek bezero/zerbitzari ereduan oinarriturik egon behar dute. Eredu honen arabera zerbitzu bat, adibidez fitxategi-sistemaren kudeaketa edo sistema zahar baten sistema-deiak exekutatzea, prozesu zerbitzari bezala antolatzen da eta zerbitzua behar duen erabiltzailearen programari bezero deitzen zaio.

Zerbitzaria eskakizun-mezuen zain dago etengabe, eta mezu bat jasotzean aktibatzen du mezuari dagokion lana. Lana bukatutakoan mezu batez amaieraren berri ematen dio eskakizun-mezua bidali duen bezeroari, mikrokernel-aren lan nagusia mezu-trukea izanik. Zerbitzariek erabiltzailearen programen portaera dute mikrokernelaren eta hardwarearen ikuspuntutik, eta, beraz, erabiltzaile moduan exekutatzen dira.

Aurreko ereduarekin sistema irekiak egitea oso erraza da, teorian behintzat. Pentsa dezagun MS-DOSarekin aritu garela lanean orain arte eta sistema berri bat mikrokernel-ean oinarrituta eskaintzen digutela. MS-DOSerako programak exekutatzeko honako hau beharko da:

  • Errutina-multzo egonkor bat, MS-DOS zerbitzari bati mezuak bidaliz erabiltzailearen programen MS-DOSeko sistema-deiak desbideratzeko.
  • MS-DOS zerbitzari bat sistema-deiei zerbitzua emateko. Horretarako mikrokernelen funtzioak edota beste zerbitzariren baten zerbitzuak erabiliko ditu.

Gainera software berria erosi behar dugunean gehien interesatzen zaiguna Unix-erako pakete bat baldin bada, Unix zerbitzari bat eta liburutegi egonkor bat beharko dugu, baina sistema (mikrokernelak) ez da aldatu behar. Aipatutako zerbitzariak sistemarekin batera etor daitezke edo agian aparte erosi beharko dira.

Argazkia ongi ikusteko jo ezazu PDF-ra.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia