}

Pulsarren antzera telefonoz

2008/09/18 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia

Pulsarrak neutroi-izarrak dira, eta harrigarria bada ere, oinarri gisa erabili dituzte telefono mugikorretarako teknologia bat garatzeko. Hain zuzen, erradiazioa igortzeko pulsarrek duten modu berezia imitatzen duen tresna berri bat prestatzen ari dira Mexiko Berriko laborategi batean.

Pulsarrek hainbat motatako erradiazioak igortzen dituzte, zorrotadaka, eta zorrotada horiek beti norabide berean ateratzen dira. Mexiko Berriko taldeak esan duenez, pulsarretako erradiazio-zorrotaden antzera igortzen ditu beren tresnak irrati-uhinak. Uhin horiek, dena den, ez dira ohikoak, oso intentsitate txikikoak eta oso irismen handikoak dira. Hala, besteak beste, munduko leku urrunenetan dauden telefono mugikorrak martxan aritu ahal izatea posible egingo duela esan dute.

Polarizazio-sinkrotroi izena jarri diote sortu berri duten tresnari. Oraingoz, frogatu dute hiru kilometroko espazioan uste bezalako ezaugarriak dituztela irrati-uhinek, eta, horretarako, orain dela bost urte egindako prototipoa erabili dute (bi metroko luzera duen arku bat da). Dena den, askoz tresna txikiagoak prestatzen ari dira, ordenagailu eramangarri baten tamainakoak edo, merkatuan bideragarria dela frogatzeko.

Irudia: NASA

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia