}

Pluton bakean utzi ezinik

2008/07/13 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia

Urte mordoa eman zuen Astronomoen Nazioarteko Batasunak (IAUk) Pluton planeten sailkapenetik atera eta planeta nano izendatzeko. Bi urte baino ez dira igaro ordutik, eta jadanik, beste kategoria batean sartu dute: hemendik aurrera, Pluton bezalako planeta nanoei plutoide esango zaie.
Marrazkilari batek egindako Plutonen irudia. (Argazkia: NASA/ ESA/ G. Bacon)

Zehazki, hau da plutoide baten definizioa: Eguzkiaren inguruan biraka dabilen gorputz bat da, Neptuno baino orbita handiagoan, itxura biribilari eusteko nahikoa masa (eta grabitate-indar) duena, eta bere orbitan bertan beste gorputz batzuk dituena. Hau da, Plutonen antzeko ezaugarriak dituzten gorputzak dira plutoideak.

Oraingoz, bi plutoide ezagutzen dituzte: Pluton bera, noski, eta Eris. Hala ere, zientzialariek espero dute teknologiak aurrera egin ahala plutoide gehiago deskubritzea. Ezagutzen duten hirugarren planeta nanoak, Zeresek, Plutonen eta Erisen ezaugarriak ditu, baina Marte eta Jupiter artean biratzen da Neptunotik harago biratu ordez.

Beraz, Zeres ez da plutoidea. Eta zientzialariek ez dute beste kategoria bat sortu (ezta sortzeko asmorik ere) Zeresen antzekoak diren planeta nanoentzat. Horretarako eman duten azalpena da Zeres mota horretako gorputz bakarra dela, eta, horregatik, ez duela merezi beste kategoria bat sortzea.

Pluton (ezkerrean) plutoidea da; Zeres (eskuinean), berriz, ez, haren orbita ez delako Neptunorena baino handiagoa (W. M. Keck Observatory etaM. Mutchler , A. Stern, and the HST Pluto Companion Search Team, ESA, NASA).

Izugarri bide luzea egin behar izan du plutoide izenak orain duen kategoria lortzeko. Horrelako izenak jartzea eta sailkapenak egitea IAUri dagokio. Zehazki, espazioko gorputz txikien izenak IAUren barruko Gorputz Txikien Nomenklaturarako Batzordeak ematen ditu. Hortaz, talde horrek izena proposatu zuen, ondoren, Planeta Sistemen Nomenklaturarako Lan Taldeak ontzat hartu zuen, eta, azkenik, IAUren Batzorde Betearazleak baietsi zuen ekainaren hasieran.

Ez da kontrako iritzirik falta

IAUk 10.000 kide inguru ditu, eta, beste erakunde askotan gertatzen den bezala, kide guztiak ez daude konforme erakundeak ofizialki hartzen dituen erabakiekin. Plutonen eta plutoideen kasuan ere hori gertatu da.

Astronomo batzuek uste dute Pluton planeten kategoriatik ateratzea bera oker bat izan zela. Haien ustez, planeta bat izar baten inguruan biratzen den objektu biribil bat da. Biribila izateko gutxieneko masa bat izan behar du, zenbat eta masa handiagoa izan orduan eta grabitate-indar handiagoa sortzen duelako, eta balio jakin batetik aurrera baino ez delako gai indar hori forma biribilari eusteko. Hala, biribilak izateko nahikoa masa duten objektuek objektu txikiagoek ez dituzten propietate geologikoak dituzte, hala nola bolkanismoa, tektonika eta atmosfera.

IAUren Batzorde Betearazlearen kide batzuk. Haiek, besteak beste, egin zuten Plutonen sailkapen berria
The International Astronomical Union/Ed Janssen

Hortaz, uste dute ez dela ez beharrezkoa, ez aurrerapauso bat, ez erabilgarria Pluton planeta nano izendatzea, edo planeta nanoen artean plutoide kategorian sailkatzea. Iritzi hori du, adibidez, Alan Sternek, NASAk Pluton aztertzera bidali zuen New Horizons misioaren ikertzaile nagusiak. Izendapenaren berri izan zuenean, esan zuen plutoide izena bezain baliagarria litzatekeela hemorroide izena, bata zein bestea guztiz hutsala den sailkapen baten izenak liratekeelako.

Gainera, Sternek esan zuen erabaki hori hartzeko IAUko oso kide gutxiren iritzia hartu zutela kontuan. Haren esanean, izena pentsatu, ontzat eman eta baietsi zuten batzordeek hamarna kide inguru baino ez dituzte; eta hartu duten erabakia, berriz, IAU osoaren izenean hartu dute. Noski, IAUko ordezkariek horren kontrakoa adierazi dute, alegia, oso gutxi direla hartutako erabakiaren kontra daudenak, baina oso zarata handia egiten dutela.

Zenbat buru, hainbat aburu, baita gugandik bost mila eta bostehun milioi kilometrora dagoen objektu batekin ere. Horrelakoak gara!

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia