}

Pirinioetako iboi edo lakuen ekologia

1993/12/01 Arturo Elosegi Irurtia - Ekologiako katedradunaZientzia eta Teknologia Fakultatea. EHU Iturria: Elhuyar aldizkaria

Munduko goimendi gehienetan bezalaxe, Pirinioetako paisajearen ezaugarri nabarmenetariko bat lakuak edo iboiak dira. Mendikatea honetan, hain zuzen, 1.000 lakutik gora daude (kolore, forma eta ur-mota desberdinetakoak) ezaugarri hauek iboien propietate fisiko eta biologiko garrantzitsuak isladatzen dituztelarik. Limnologia ur-masa kontinentalen (erreka, ibai, laku, idoi, istil, zoikaztegi, eta abar luze baten) ekologia aztertzeaz arduratzen den zientzia da, eta oraindik iboiak erabat ikertuta ez badaude ere, ikus dezagun sistema hauen ezaugarri nagusiak zeintzuk diren.

Iboien jatorria, ezaugarriak eta bilakaera

Arturo Elosegi

Lakuak oso prozesu desberdinen bidez sor daitezkeen arren, Pirinioetako iboi gehienek glaziare-jatorria dute. Azken izotz-aroko glaziareek eragindako higaduraren ondorioz sortutako sakonunetan, substratua iragazkaitza deneko lekuetan, ura metatu eta lakuak eratu dira. Iboiak, beraz, gazteak dira: zaharrenek 40.000 urte besterik ez dituzte, gehienek 10.000, eta altuenek are gutxiago. Pirinioen iparraldean glaziazioek eragin handiagoa izan zutenez (hotz handiagoa egiteaz gain, prezipitazioak ere altuagoak baitziren), isurialde horretan iboiak ugariago dira, eta ehun bat metro beherago iristen dira. Edozein motatako litologiako lekuetan aurki badaitezke ere, iboi-dentsitate altueneko eskualdeak (Néouville, Aran, Pallars, etab.) substratu granitikoko eremuetan daude batez ere; material gogor eta iragazkaitzetan, hain zuzen.

Lakuaren arroko litologia silizeo eta disolbagaitzak bere mugak ezartzen dizkie bertako komunitateei. Uren alkalinitatea (edo pHa tanponatzeko gaitasuna) oso baxua da, eta pHa asko alda daiteke, bai bizidunen eraginez, eta bai euri azidoaren kausaz ere. Izan ere, kararrietatik datorren karbonatua baita uretako pHa tanponatzen duen elementu nagusia, eta euri azidoei aurre egiten laguntzen duena. Horrez gain, iboiak oso oligotrofikoak izan daitezke (oso elikagai-kontzentrazio baxukoak), eta ondorioz, komunitate txiroak dituzte. Kontutan hartu behar dugu, gainera, goimendietan lurzoruak meheak eta gutxi garatutakoak direla. Lurzorua, bizidunentzat ezinbestekoa den nitrogenoaren finkapen-leku garrantzitsuena izateaz gain fosforo, magnesio eta beste hainbat elementuren metaleku nagusi ere badenez, lurzoru meheko haranetan, lakuak ere txiroak dira.

Neguaren hasiera (oraindik ez da elurrik metatu). (Argazkia: Arturo Elosegi).

Arroko sedimentuak lakuetan biltzen direnez, sistema hauek kolmatatzeko joera dute: denboraren poderioz, gero eta azalago bilakatzen dira, eta zoikaztegi zein zingirak ematen dituzte klima nahikoa hezea eta hotza bada, azkenik desagertu egingo direlarik. Ondorioz, ez dago glaziare-jatorrizko oso laku zaharrik. Badaude, noski, milioika urte dituzten lakuak substratua hondoratzen den lekuetan (Baikal lakua, Afrikako Rift Haraneko laku handiak, etab.), baina hauen jatorria oso bestelakoa da. Lakuak kolmatatzearekin batera, bertako komunitateak, lakuaren ekoizpena eta beste hainbat ezaugarri aldatuko dira.

Iboien dinamika

Erreken aldean lakuek itxura estatiko eta barea izan arren, urtean zehar turbulentzia eta ur-mugimendu bortitzeko faseak dituzte. Ziklo hidrodinamiko honek, bestalde, berebiziko eragina du bertako bizidunengan. Ikus dezagun, lehenik, iboi handi batek urtean zehar dituen aldaketen segida zein den.

Zirkuko laku tipikoa: Tebarray-ko iboia (Huescako Pirinioa). (Argazkia: Arturo Elosegi).

Iboi sakonetan, udaberrian (ekainean) ur guztia 4 °C-tan agertzen da, eta lakua ongi nahasita egon ohi da: baldintza fisiko-kimiko berdintsuak izango dira ur-zutabe osoan (urak dentsitate altuena 4 °C-tan duenez, tenperatura horretan dagoen ur-masak hondoratzeko joera du). Uda iritsitakoan, eguzkiztapena emendatu egiten da, eta airearen tenperatura nabariki igotzen. Ondorioz, ur-azala berotu egiten da, bere dentsitatea jaitsi, eta beheko ur-masa hotzaren gainean “flotatzen” hasiko da. Prozesu hau, gainera, gero eta azkarragoa izanen da; zenbat eta tenperatura-desberdintasun handiagoa izan, hainbat eta gutxiago nahasiko baitira goiko eta beheko ur-masak.

Uztailaren bukaerarako, 20-25 m-ko sakoneran tenperaturaren (eta dentsitatearen) gradiente bertikal gogorra ikusi ahal izaten da: goialdean ( epilimniona deritzon geruzan) ura 12 °C-ra irits badaiteke, behealdean ( hipolimnionan ) 4 °C ingurutan mantentzen da urte osoan zehar. Gradiente horri termoklina deritzo. Banaketa hau dela medio, hipolimniona atmosferatik isolatuta geratzen da, eta bi ur-masa hauen ezaugarriak pixkanaka aldatzen joango dira: goiko geruzan planktona ugaldu egingo da, oxigeno-kontzentrazioa altua izango da, elikagai-kontzentrazioa murriztu egingo da, ... behekoan, berriz, oxigeno-kontzentrazioak behera egingo du, oxigeno-trukaketak galarazten direlarik.

Laku erdikolmatatua; oso ongi ikusten da landare-gerrikoa.
Arturo Elosegi

Udazkenean (urritik abendura) airearen tenperatura asko jaisten da, ondorioz ur-azala 4 °C-raino hoztu eta hondoratu egiten delarik. Horrek, haize handien laguntzaz ur-zutabe osoa nahastu, eta termoklina ezabatu egiten du. Negua iristen denean lakuaren azala izoztu egingo da, eta tenperatura-gradiente inbertsoa edukiko dugu: ur-azala 0 °C inguruan, eta hortik beherako ura 4 °C-tan. 30-40 cm-raino irits daitekeen izotz-geruza horren lehen ondorioa, haizearen eragina eragoztea da, ura bare-bare geratuko delarik. Neguak aurrera egin ahala, 2 m inguruko elur-geruzak izotza estaliko du, eta ondorioz bero-galera murriztu egingo denez, izotza ez da asko lodituko. Pirinioetan negua nahikoa luzea da, eta horrek ekoizpen primarioa (fotosintesia) mugatu egiten du; argirik ez baita kasik uretara iristen.

Udaberrian berriz, izotza urtzen denean, ur-azala 4 °C-raino berotuko da, hondoratu, eta urteko bigarren nahastea gertatuko da. Elur-masa handi horiek (kontutan hartu urte osoko prezipitazioaren erdia neguko elurretan eror daitekeela) urtzeak badu bestelako eraginik ere: jadanik nahikoa eskas ziren elikagaiak diluitu egiten ditu, planktonarentzat are eta eskuragaitzago bihurtuz. Neguan zenbat eta elur gehiago pilatu, orduan eta beranduago urtuko da lakua, eta ondorioz, denbora gutxiago edukiko dute bizidunek garatzeko. Horren ondorioz, eta nekazarien esaera zaharra hemen oker dago, iboietan negu elurtsuak segidan uda txiroak izaten dituela baiezta daiteke. Udaberriko nahastearekin, bestalde, lakuak oxigenoa hartzen du atmosferatik, eta espezie askoren ugalketa-sasoia hasiko da.

Arturo Elosegi

Orain arte ikusi dugun zikloari jarraiki urak urtean bitan (udaberrian eta udazkenean) nahasten dituzten lakuak dimiktikoak direla esaten da. Eskema hau, noski, lakuaren formaren, orientazioaren, eta batez ere sakoneraren arabera aldatzen da. Eguterako lakuak gehiago berotzen dira, eta ondorioz termoklina sakonago eta egonkorragoa edukiko dute, oso haizete bortitzek soilik hautsiko dutelarik. Sakonera txikiko iboietan berriz, ur-zutabe osoa berotzen da, eta ez dago bi geruzen bereizketarik; sor daitezkeen desberdintasun txikiak haize-bolada arinek ere ezaba baititzakete. Hauei laku polimiktiko deritze; urtean zehar hainbat alditan nahasten baita.

Lakuen kolmatazioak dakarren bilakaerak, beraz, laku dimiktiko sakon batetik, laku polimiktiko mehera garamatza, eta azkenik, zoikaztegi-itxurako hezegunera. Bilakaera horrekin batera, iboien egoera trofikoa ere aldatzen da. Izan ere, hondoan metatutako elikagaiak, urak nahastuta igo egiten dira, horrela laku polimiktikoek eutrofiko (elikagai askokoak) izateko joera dutelarik.

Iboien sailkapena

Dytiscus koleopteroa harrapakari azkarrenetarikoa da.
Arturo Elosegi

Iboiak sailkatzeko, irizpide desberdinak har ditzakegu kontutan. Kokapenaren arabera, esate baterako, iboiak bi taldetan sailka daitezke. Batetik, zirkuko lakuak , altitude handietakoak, elur ugari metatzen deneko zirkuetan sortuak, zirkularrak eta nahikoa sakonak izan ohi dira. Bestetik, glaziareen eraginez, bai hondeaketa handiegiaren ondorioz, bai aurreko morrenaren kausaz sorturiko haraneko lakuak ditugu, luzeagoak izan ohi direlarik.

Lakuaren morfometrian oinarrituz gero, berriz, ondoko iboi-motak bereiz daitezke:

  • Iboi handi eta sakonak ( 15 hm3, 30 m). Laku hauetan, uraren iraupenaldia bi urtetik gorakoa izan ohi da, ondorioz laku barneko prozesuek neurri handi batean uren ezaugarriak kontrolatzen dituztelarik. Laku dimiktikoak izan ohi dira, eta ongi oxigenatuta agertzen dira urtean zehar. Ertz malkartsuak dituztelako, ez dago landare-gerrikorik. Bentosa (sedimentuko komunitatea) bestalde, nahikoa urria da; argirik ez baita hondoraino iristen. Elikagaiek sedimentuetan pilatzeko joera dutenez, iboi hauek oligotrofikoak dira gehienetan; kolore urdin gardenekoak.
  • Iboi dimiktiko azalagoak (15-20 m). Hauetan argiztapena hondoraino iristen denez, bentosa ugariagoa da, algak nabarmentzen direlarik. Ekoizpen altuagoko lakuak dira, eta neguan hipoxia (oxigeno eskasia) gerta daiteke, udan ekoitzitako materia organikoaren deskonposaketaren ondorioz. Oxigeno eskasiak komunitatea txirotzea dakar, espezie sentikorrenak desagertaraziz.
  • Iboi polimiktikoak. Izenak adierazten duenez, laku hauek maizago nahasten dira, bere sakonera eskasa dela eta; haizeek eragin handia baitute. Ez da termoklinarik eratzen, eta eutrofikoagoak izan ohi dira. Elikagai-kontzentrazioa altua denez, plankton ugari izan ohi dute, eta kolore berdekoak dira.
  • Haraneko iboi ertainak erreka handiagoek hornitzen dituztenez, ur-berriztapena azkarragoa izan ohi dute, urte osoan zehar oxigeno-kontzentrazio altuak mantenduz. Iboi hauetara sedimentu buztintsu ugari iristen da, maiz ertzetan, prozesu deltaikoetan, lintzurak eta zoikaztegiak eratzen direlarik.
Cyclops kopepodoa: katea-trofiko planktonikoaren azken maila.
Arturo Elosegi

Noski, iboi-mota nagusi hauen tarteko kasu guztiak aurki ditzakegu. Nolanahi ere, lerro hauen bidez lakuaren forma, uraren dinamika eta komunitatearen garapenaren artean dagoen lotura azpimarratu nahi da.

Iboietako komunitateak

Esan dugunez, iboiak nahikoa gazteak dira, azken glaziazio artean sortu baitziren. Honen ondorioz, laku hauetako komunitateak dibertsitate baxukoak dira, eta batez ere espezie kosmopolitez daude osatuta. Badaude banaketa boreoalpetarra duten beste hainbat espezie ere, hots, Europako Ipar muturraz gain, mendikatea nagusitan banatuta daudenak. Elikagai eskasia, tenperatura hotza, eta urtesasoi egokiaren laburtasunaren ondorioz, bizidun gutxi ageri ohi da laku hauetan eta denbora luzea behar izaten dute garapena burutzeko.

Gerris hemipteroa: ur-azaleko harrapakaria.
Arturo Elosegi

Fitoplanktonari dagokionez, ur oligotrofikoetan ohizkoak diren banaketa zabaleko krisofizeo eta flagelatu txikiak dira espezie nagusiak. Neurri txikia, hain zuzen, abantaila da elikagai-kontzentrazio baxuko inguruneetan; gorputzaren azalera/bolumena erlazio handiagoa lortzen baita horrela. Era berean, flageloa zelularen inguruan sortzen diren elikagai-kontzentrazioen mikrogradienteak ezabatzeko erabiltzen da.

Zooplanktonaren kasuan ere, negu luzeari aurre egiteko mekanismo bereziak garatu dituzten zenbait espezie kosmopolita (banaketa zabalekoak) dira nagusi. Krustazeo askok sorraldian igarotzen du negua, heldu moduan (ad. Cyclops kopepodoak), edo erresistentzi forma diren arrautzen bidez (ad. Daphnia -renak). Espezie gehienen ugal sasoia izotza urtzean gertatzen denez, uda-bukaeran izaten da zooplanktonaren biomasa handiena, fitoplanktonarena baino 20 aldiz handiagoa izan daitekeelarik. Pirinioetan arrain planktofagorik ez dagoenez, arestian aipaturiko Cyclops krustazeoa izan ohi da planktonaren katea trofikoan goi-mailako harrapakaria.

Landaretzari dagokionez, makrofitoak ez dira 2.400 m-tik gorako iboietan agertzen; uda laburregia baita. Laku hauetan goroldioak izan ohi dira landare nagusi, 30 m-ko sakoneraraino iristen direlarik. Laku baxu eta epelagoetan, berriz, landaretza-gerrikoak eratzen dira; landare-espezie desberdinek murgilduta egoteko jasankortasuna eta argiztapen-beharra desberdinak baitituzte. Kanpotik barrura, lehenik ziperazeo eta junkazeoak (ihiak) topatuko ditugu: Carex nigra, Juncus filiformis, edo Eriophorum angustifolium, batzuetan Parnassia palustris eta Pinguicula vulgaris ere ugari direlarik.

Uhandre piriniarrak ( Euproctus asper ) ur hotz eta ongi oxigenaturikoak behar ditu. (Argazkia: Arturo Elosegi).

Sedimentu buztintsua dagoeneko kasuetan, Sphagnum jeneroko goroldioak nagusituko dira, zoikaztegiak eratuz. Hurrengo gerrikoetan, urperatutako landareak ditugu: Carex rostrata eta Menyanthes trifoliata zentimetro gutxi batzuetako sakoneretan, Isoetes lacustris, Subularia aquatica eta Ranunculus aquatilis 2 m-raino, Potamogeton, Ranunculus trichophyllus edo Miriophillum alternifolium 4 m-raino iristen dira, eta 5 m-ko sakoneratik behera, Nitella klorofizeoa, edo Nostoc zianobakterioa besterik ez da aurkitzen ahal.

Azken alga honek paper berezia du lakuetan; N 2 finkatzeko gaitasuna baitu, gisa honetan lakua elikagaietan aberastu egiten duelarik. Jada aipatu dugunez, iboi gehienetan alkalinitatea eta kaltzio karbonatoaren kontzentrazioa oso baxua da. Ondorioz, karbonoa fotosintesiaren mugatzaile izaten da. Honi aurre egiteko, laku hotzetako landareek hainbat mekanismo garatu dituzte, hala nola CO 2 sustraietatik hartu, edota krasulazeoen metabolismo azidoa burutu.

Makroornogabe bentikoen artean, Hydra jeneroko knidarioak ugari dira. Baita algez elikatzen diren Lymnaea maraskiloa edo Pisidium bibalbioa ere, nahiz eta molusku hauek, maskorra eratzeko, uren karbonato kaltzikoaren eskasia dela eta, maiz arazoak izan. Hondo buztintsuetan anoxia egon daitekeenez, bertan hemoglobina-kontzentrazio altua duten Tubifex oligoketo gorriak, eta Chironomus eltxoen larbak nagusi dira. Ornogabeen artean harrapakari nagusiak Dytiscus jeneroko koleopteroak dira.

Txantxikua ( Alystes obstetricans ) oso altitude handietara iritsi daitekeen anfibioa da. Argazkian ikusten denez, arrak bere bizkar hartzen du arrautzak zaintzea. (Argazkia: Arturo Elosegi).

Hauek igerilari apartak dira, eta beren baraila beldurgarrien bidez, ornogabeak (baita apaburuak ere) harrapatzeko gai dira. Arnasa hartzeko, bestalde, sistema bitxia dute ditiszidoek: ipurtaldean aire-burbuila bat eratzen dute, eta hortik lortzen dute behar duten oxigenoa. Burbuilak, gainera, birika moduan funtzionatzen du, eta etengabe ingurutik oxigenoa hartu eta CO 2 askatzen du. Beste harrapakaririk ere badugu iboietan, hala nola planariak, txitxiburduntzi-larbak, edota Notonecta jeneroko hemipteroak.

Ornodunen aldetik ere, iboiak nahikoa txiroak dira, bertako bi arrain-espezie besterik ez daudelarik: amuarrain arrunta ( Salmo trutta fario ) eta eskailua ( Phoxinus phoxinus ). Arrain hauen populazioak urriak dira; beren jaki diren ornogabe bentikoen ekoizpena ez baita altua. Horrez gain, denbora asko behar izaten dute garatzeko (tenperatura baxua dela eta) eta ez dira handiak izaten. Beste bi arrain-espezie ere aurki daitezke, gizakiak sartutakoak: amuarrain ortzadarra ( Salmo gardneri ) eta Salveinus fontinalis .

Anfibioei dagokienez, bi urodelo-espezie daude Pirinioetan. Uhandre palmatua ( Triturus helveticus ) espezie ubikuista da, banaketa zabalekoa, eta eskakizun gutxikoa. 2.200 m inguruko iboi zein istil txiki eta azal gehienetan bizi da, arrautzak bertako landaretzan erruten dituelarik. Uhandre piriniarra ( Euproctus asper ), berriz, oso ur oxigenatuak eskatzen dituen espezie endemiko eta goimenditarra da, eta ondorioz, erreka lasterretan edo iboi altu eta hotzetan besterik ez da ageri, arrautzak harritan itsasten dituelarik.

Hydra knidarioa ugaria izan ohi da lakuen hondoko landaretzaren artean.
Arturo Elosegi

Anuruen artean, baso-igel gorria ( Rana temporaria ) eta txantxikua ( Alytes obstetricans ) agertzen dira iboietan. Azken espezie hau, oso altura handitara igo daiteke arrautzak errutera, eta horren ondorioz apaburuek denboraldi luzea behar izaten dute garatzeko. Aurkitu izan dira, hain zuzen, hogei urtetik gorako txantxiku-apaburuak; nonbait hain laku pobreetan metamorfosia burutzeko adina energiarik lortu ezin izan dutenak.

Gizakiaren eragina iboietan

Pirinioetan gizakiaren eragina aspaldidanikoa izan da, eta iboiek, ezinbestean, aldaketak jasan dituzte. Gogora dezagun lakuek beren arroko baldintzak isladatzen dituztela. Abeltzantzak hainbat haranetan deforestazioa eragin du, horrek higadura berekin duelarik. Hori dela eta, lakuen kolmatazioa areagotu egingo zen ziurrenik, eta hainbat iboi txikitan argi ikus daitekeenez, eutrofizazioa ere bai; aziendek ur-bazterrak maite baitituzte.

Udaberri hasieran, izotza oraindik urtzen ari da.
Arturo Elosegi

Beste eragin-mota modernoagoa poluzio atmosferikoarena da. Jakina da erregai fosilak erabilita euria azidotu egin dela, eta hainbat lekutan (batez ere Eskandinavian) lakuak guztiz azido eta hilak geratu direla, itxuraz garbiak izan arren. Pirinioetan ez da oraingoz horrelakorik nabarmendu, baina ikerlariek etorkizunaren beldur dira; hainbat eskualdetako substratu disolbagaitz eta azidoren ondorioz, iboi askok oso gaitasun txikia baitute euri azidoari aurre egiteko. Zenbait mendi-aterpe, eski-estazio eta balnearioren inguruetan, halaber, poluzio-mailak gora egin du, zabor-pilaketak edota algen ugaritasunak adierazten dutenez.

Nolanahi ere, gizakiaren eraginik bortitzena iboietan, presa eta sistema hidroelektrikoak eraikita egin da. Presa egindako iboiaren ur-maila aldakorra denez, ertzeko landaretza gerrikoa agertzea eragotzi egiten da. Horrez gain, hainbat lakuren urak nahasi egiten dira, lekuan lekuko komunitateak desagertaraziz. Korronte elektrikoa lortzeko ustiatu gabeko iboi gutxi daude gaur egun, eta daudenek besteen bide beretik abiatzeko arriskua dute.

Ezin dugu ahaztu iboiak oso ekosistema hauskorrak direla, eta leku epelagoetako sistema urtarretan jasangarri diren hainbat ekintza, ingurune menditarretan oso kaltegarri suerta daitezkeela. Beharrezkoa litzateke eremu babestuetako lakuak behinik behin bere horretan mantentzea, ekosistema hauek ondorengo belaunaldiei utziko badizkiegu.

Uraren iraupenaldia : laku batean urak batezbeste egiten duen denbora da. Hau kalkulatzeko aski da lakuaren bolumena urtean zehar laku horrek biltzen duen uraren bolumenaz zatitzea. Iraupen-denbora zenbat eta luzeagoa izan, lakuko prozesu biologiko eta fisikokimikoek hainbat eta eragin handiagoa izango dute uren ezaugarrietan (eta txikiagoa arroarenak). Adibidez, lurzoru eskaseko arroetako urek nitrogeno gutxi garraiatu ohi dute. Horrelako kasuetan berriz, iraupenaldia nahikoa luzea izanik, lakuko fitoplanktonak aireko N 2 a finka dezake, eta ura aberastu.

Laku oligotrofikoa : elikagai mineral gutxi dituen lakuari oligotrofiko deritzo. Elikagai eskasia dela eta, ekoizpen primarioa txikia da, plankton gutxi dago, eta ur garden eta urdina edukiko dugu. Batez ere laku sakon eta gazteetan gertatzen da hau.

Laku eutrofikoa : elikagai edo materia organikoaren ugaritasunak laku eutrofikoen ekoizpen-maila altua dakar. Ura berdea izan ohi da, plankton ugaritasuna dela eta. Askotan, ordea, anoxia egoten da, ekoizten den materia organikoa deskonposatzean ur-masa horren oxigenoa ahitu ondoren.

Laku distrofikoa : zoikaztegiz inguratutako laku azalak dira hauek. Sphagnum goroldioaren hondakinak usteltzean hainbat konposatu azido askatzen da, deskonposaketa eragotzi egiten delarik. Azkenik, materia organikoa (zoikatza) ugaria da, baina N eta P edukina eskasa. Urak kafe-kolorea hartzen du, eta oro har lakuak bizi gutxi dauka.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia