}

Pantaila lau eta mehea

1997/03/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Telebistagintzan diharduten Philips, Grundig eta Fujitsu etxeak elkartu egin dira pantaila berria sortzeko, eta emaitza Planatron izendatu duten pantaila lau eta mehea izan da. Plasmaz funtzionatzen duena da eta 16/9 formatua du (92 x 52 zentimetro edo metroa inguruko diagonala duena). Lodieran 10 zentimetro baino ez dituen pantaila honetan azpimarratzekoak dira argitasuna eta koloreen kalitatea. Pantaila elektrolumineszenteak eta kristal likidozkoak baino hobea da inola ere.

Planatron pantailak 10 zentimetroko lodiera du eta paretan eseki daiteke.

Planatron-en gainazala tutu fluoreszente mikroskopikoz osaturik dago. Mikrolanpara hauetako bakoitzean gas batek izpi ultramoreak emititzen ditu tentsio elektrikoa ezartzen zaionean. Lanparatxo bakoitzak estaldura fluoreszentea du izpi ultramoreak izpi ikuskor bihurtzeko. Kolore konposatuak osatzeko behar diren oinarrizko hiru koloreak sortzeko, lanparatxo batzuek izpi gorriak igortzeko estaldura dute, beste batzuek berdeak igortzekoa eta gainerakoek urdina igortzekoa. Pantaila beraz, lanpara fluoreszente gorri, berde eta urdinezko mosaiko laua da.

Magnetoskopioaren tamainako kaxa elektroniko batek, magnetoskopiotik, tunerretik edo beste edozein bideo-iturritatik ateratako bideo-irudia zenbakitu egiten du eta lanpara fluoreszenteak piztea eta itzaltzea agintzen du, lanpara bakoitza pixela delarik.

Planatron-aren inguruko bideo-sistema osoarentzat forma desberdinak pentsatzen ari dira. Philips etxeak pantaila horman esekita kokatu nahi du eta kaxa elektronikoa altzarian, hi-fi-ko katean beste edozein elementu bailitzan. Grundig etxeak era tradizionalagoan aurkeztu nahi du. Pantaila oinarri baten gainean egongo litzateke eta oinarrian legoke kaxa elektronikoa.

Plasmazko sistema berri honen abantaila nagusiak bi dira: batetik pantaila mehea izatea eta bestetik oso pantaila laua izatea. Bere oztopoa ere badu ordea: prezioa, hain zuzen. 1,5 milioi pezeta edo 60.000 libera balio du eta oraingoz hodi katodikoaren sistemak urte batzuetan iraungo duela ikusten da.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia