}

Osasun bakarra

2023/11/22 STEAM-Hezkuntza (Elhuyar Zientzia)

osasun-bakarra-komiki
Arg. Pernan Goñi

Sistema ekonomiko bidezkoago bat eta planetaren ustiaketa orekatuago bat egiteko, garrantzitsua izango da kontzeptu hauei ere erreparatzea: Osasun Bakarra eta bizidunon interdependentzia.

Espezie bakoitzak funtzio jakin bat du ekosistemaren sare konplexuan: batzuk polinizatzaileak dira, beste batzuek materia deskonposatzen dute, beste batzuek lurzorua sortu… Hortaz, elkarren erabat mendekoak gara bizidunak: interdependenteak. Etengabe geratzen da agerian, esaterako, gizakion osasuna, animalien osasuna eta ingurumenaren osasuna elkarren menpeko direla. Bat ez dagoenean osasuntsu, besteek ere pairatzen dituzte ondorioak. Hirurak batera aintzat hartzen ditu Osasun Bakarrak.

Zientzialariek gero eta argiago dute Osasun Bakarra dagoela planetan, eta gizakiok ez dugula inoiz osasun ona izango ekosistemek eta gainerako bizidunek ere osasun txarra duten bitartean.

Interdependentzia eta Osasun Bakarra erraz ikusten dira gaixotasun zoonotiko berrietan. Ekosistemen osasuna kaltetuta dagoenean, animalien gaitzak errazago pasatzen dira gizakietara, eta pandemiak eragiteko arriskua handitzen da. Jakin badakigu azken 20 urteetan sortu diren giza gaixotasun infekzioso berrien % 70 beste animalia batzuetatik pasatutakoak direla.

Eta antibiotikoen auzian ere zeresan handia ematen ari da interdependentzia hori. Medikuntzak parean duen erronkarik handienetakoa da bakterioak antibiotikoekiko garatzen ari diren erresistentzien arazoa. Irtenbidea lortu ezean, edozein infekziori aurre egiteko erremintak galduko ditugu, eta ebakuntzarik txikiena ere arriskutsuegia bihurtuko da epe ertainean. Etxalde estentsiboetako abereen bizi-baldintza kaxkarrek eta ematen zaizkien antibiotiko piloak eragin dute, hein handi batean, giza osasunarentzat hain larria izan daitekeen krisialdi hau. Krisiari aurre egin nahi bazaio, funtsezkoa izango da Osasun Bakarraren ikuspegia txertatzea eta abereei ere kalitatezko osasuna bermatzea.

Medikuntza, orain arte, gaixotasunak diagnostikatzen eta tratatzen zentratu izan da. Osasunaren ikuspegi hau txertatzeko bidea egin beharko du aurrerantzean, hortik landu beharko baititu gaitzak prebenitzeko eta sendatzeko estrategia berriak.

Osasun Bakarraren kontzeptuak badu alderdi etiko garrantzitsu bat, bere baitan biltzen dituena hainbat ideia bereizezin:

  • Osasuna ondasun unibertsaltzat hartzea eskatzen du. Ez da gizakiei bakarrik dagokien eskubidea. Osasunerako eskubidea gainerako espezieei, ekosistemei eta etorkizuneko belaunaldiei ere badagokie.
  • Pertsonen artean ere, guztiek dituzte eskubide eta aukera berak. Horrek eskatzen du bazterretan geratzen diren komunitate eta ahotsekiko konpromiso sendoa hartzea.

Osasun Bakarra kontzeptua aplikatzea erabakigarria izango da XXI. mendeko gaixotasunak sendatzeko eta planetaren integritatea ziurtatzeko. Beraz, ingurumen-larrialdiaren inguruko eztabaidan sartu beharreko aldagaia da.

Edukietan sakontzeko, sakatu hemen.

Proiektu hau Elhuyarrek sustatu du, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren laguntza du.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia