}

Mugikorra eta are gehiago

2005/06/19 Rementeria Argote, Nagore - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Tresna gutxi izango da hain epe motzean hainbeste zabaldu denik. Telefono mugikorra da tresna hori. Erraz gizarteratutako teknologiaren adibide garbia da. Izan ere, hasiera batean deiak egin eta hartzeko bakarrik balio bazuen ere, gaur egun musika entzun, telebista ikusi, argazkiak atera... eta beste hamaika gauza egiteko balio du. Eta etorkizunean...
Gaur egun, hamar euskaldunetik bederatzik dauka telefono mugikorra.

Telefono mugikorren munduan aurrerapenak etengabekoak dira. Eta ez da harritzekoa; izan ere, enpresek telefonoak saltzen jarraitu nahi badute, geroz eta tresna erabilgarriagoak —edo, agian, tentagarriagoak— eskaini beste erremediorik ez dute.

Bost bat urte atzera egin besterik ez dago konturatzeko sakelako telefonoak zenbaterainoko aldaketa ekarri duen. Garai hartan, inork gutxik zeukan halako telefono bat, eta, onar dezagun, lotsa pixka bat ere ematen zuen kalean edo beste edozein lekutan telefono mugikorrarekin hitz egiteak. Gaur egun, ordea, hamar euskaldunetik bederatzi inguruk du telefono mugikorra; eta edonon telefonoz hitz egiteko lotsa galdua du gehiengoak.

Gainera, gaur egun, mugikorrak ez dira deiak egin eta jasotzeko bakarrik. Kameradun mugikorrek itzelezko arrakasta izan dute, esate baterako. Tamalez, oraingoz, nahiko kalitate eskaseko argazkiak ateratzen dituzte —argazkilaria ona izan arren, ez dira paperera pasatzeko modukoak izaten normalean—. Baina arlo horretan ere aurrera egiten ari dira, eta dagoeneko badira argazki-kamera digital baten kalitateko irudiak jasotzen dituzten mugikorrak, gama altukoak, noski.

Musika telefonoan

Telefono hibridoak geroz eta ohikoagoak dira, telefonoaz gain GPSa daukana, esate baterako.

Gama altuko mugikorrak izaten dira aitzindari: horiek izaten dituzte baliabiderik aurreratuenak. Esate baterako, aurten musika entzuteko aukera eskaintzen duten aparatuen txanda da. Sony-Ericsson-ek aurten kaleratuko du Walkman izeneko telefonoa. Garai bateko walkmanekin zerikusi handirik ez du: 150 abesti gorde eta entzuteko aukera eskaintzen da (MP3 formatuan). Eta orain bogan dauden MP3-irakurgailu txiki horien arrakastaz baliatu nahi dira.

Nork bere abesti maiteenak soinean eraman eta edonon entzuteko aukera eskaintzen duen beste telefono bat ere aurkeztu dute aurten. Nokiak aterako du urte-bukaeran —Apple konpainiarekin elkarlanean—eta aurrekoak baino askoz edukiera handiagoa izango du: hiru mila abesti gorde daitezke.

Musika gutxi bada, telefono hibrido berri horrek gainerako aurrerakuntza guztiak ere izango ditu: argazki-kamera dezente bat, Interneteko konexioa, posta elektronikoa, Bluetooth sistema (kableen beharrik gabe beste telefono batekin, ordenagailuarekin edo dena delakoarekin informazioa konpartitzeko)... Eta, erabilera horiek guztiak gauzatzeko, 4 gigabyteko disko gogor bat. Ordenagailu txiki bat da azken finean.

Lagunekin kafetxo bat hartzeko gogoa? Telefonoak esango dizu zein dauden zugandik gertu.

Izan ere, bide horretatik etorriko omen dira etorkizuneko telefono mugikorrak. Helburua da egunerokoan erabiltzen diren tresna guztiak telefonoan txertatuta izatea. Telefonoa sakelako ordenagailu txiki bat izango omen da. Agenda izango du, bideokonferentzia bidez hitz egiteko aukera, argazki-kamera, eta argazkiak tratatzeko programa erraz bat ere bai (argazkiekin jolastu eta ukitu batzuk emateko). Irratia entzun eta telebista ikusiko dira. Eta Interneten nabigatu, GPSaren bidez nondik nora gabiltzan jakin...

Eta hori guztia duen tresnak, gainera, oso erraz erabiltzekoa izan beharko du. Baina aurrez beste arazo bat ere konpondu beharko da, segurtasunarena, hain zuzen. Dagoeneko ari dira aztertzen nola aurre egin birusei eta gainerako erasoei. Jabea ezagutzeko biometria erabiltzeko aukera hor dago: begi-ninia, ahotsa edo hatz-markak ezagutuko ditu telefonoak.

Zer berri?

Aurrerapen horietako asko bidean dira. Esate baterako Interneteko orriak telefonoaren pantailara egokitzeko sistema bat (UMTS) aurreratu samar omen dago —WAP izenekoak ez su arrakasta handirik izan—.

Telefono mugikor berrietan, aplikazioak bezain garrantzitsua da estiloa.

Britainia Handian, mugikorretan ikusteko filmak eta telesailak moldatzen ari dira. Lehen ere saiatu izan dira ohiko filmak eskaintzen, baina, pantaila txikietan ikusteko modukoak ez zirenez, bereziki mugikorretarako ekoiztu dituzte Vodafonek eta Century Fox-ek elkarlanean.

Bideojokoen zaleak ere gustura daude. Nokiaren n-Gage bezalako tresnek telefonoan jokoen kontsola bat izateko aukera dute, edo jokoen kontsolan telefono bat nahi bada. Etorkizunean ohiko izango diren telefono mugikorren aitzindarietako bat da, zalantzarik gabe; izan ere, ezer gutxi falta du: agenda elektronikoa du, irratia eta musika entzuteko aukera...

Bestalde, eguneroko bizitza errazten saiatzen diren programak ere badira; esate baterako, Estatu Batuetako hiri batzuetan arrakasta itzela izan du Dodgeball izenekoak. Imajinatu lanetik irten eta kafetxo bat hartzeko gogoa duzula; lagunen bati deitu beharko diozu horretarako, baina nori? Auskalo non dauden, eta nola jakin lagunen bat gertu samar dagoen? Bada telefonoan kontsultatu, eta hark esango dizu zein lagun dauden kilometro baten barruan.

Gakoa, antza, norberari komeni zaion telefono mugikorra eta programak aukeratzean datza. Eta, horretan, sakelaren neurria ere izan beharko da kontuan, ez telefonoa sartuko ez delako, ordaintzeko garaian larri ibiltzea komeni ez delako baizik.

7K-n argitaratua.