Elhuyar zientziaren komunikazioa

Mitzuli: mugikorra itzultzaile bihurtzen duen aplikazio librea

Testua, audioa eta irudiak 50 noranzkotan baino gehiagotan itzultzeko gai den aplikazioa sortu du EHUko IXA Taldeko Mikel Artetxe ikertzaileak

2015/05/12 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

mitzuli-mugikorra-itzultzaile-bihurtzen-duen-aplik

Mitzuli izeneko androiderako itzultzaile automatikoa sortu du EHUko IXA Taldeko Mikel Artetxe ikertzaileak. Aplikazioa gai da testuak, audioak eta irudiak itzultzeko, 50 itzulpen-noranzkotan baino gehiagotan. Sarean nahiz saretik kanpo lan egiteko gai da, eta software librea da. Doan eskura daiteke Google Playn.

Idatzizko testuak izultzeaz gain, Mitzuli gai da mugikorrari ahotsez esandakoa itzultzeko, eta baita kameraren bidez hartutako irudiak itzultzeko ere. Adibidez, kartel, menu edo egunkari batean jartzen duena itzuli nahi izanez gero, nahikoa da mugikorrarekin argazkia ateratzea. Itzulpena ere idatziz eta ahots bidez eman dezake; hala, nola ahoskatzen den ere jakin ahal izango dugu erabiltzaileak.

Arreta berezia jarri du Artetxek baliabide gutxien dituzten hizkuntzetan, “izaera komertzialeko produktuek albo batera utzi ohi dituzte eta”. Hala euskaraz gain, afrikaansa, aragoiera, asturiera, daniera, errumaniera, esperantoa, frantsesa, galiziera, gaztelania, hindia, indonesiera, ingelesa, italiera, katalana, kroaziera, malaysiera, nederlandera, okzitaniera, portugesa, suediera eta urdua itzultzeko gai da Mitzuli.

Hizkuntza gehiago ere izango dituela iragarri du Artetxek. Eta, berak ez ezik, horretarako gaitasuna duen edonork ere aukera du aplikazioa hobetzeko, edo bere beharretara egokitzeko; izan ere, software librea da.

Artetxek Mitzuliren webgunean dioenez, “Mitzuli bereziki aipagarria egiten duena da beste proiektu zoragarri batzuetan oinarritzen dela bere funtsezko funtzionalitatea eskaintzeko”. Izan ere, “Mitzuli bezalako proiektu txiki batentzat erabat pentsaezina litzateke gutxieneko kalitate bat duen itzultzaile automatiko bat hutsetik eraikitzea” dio Artetxek. “ Itzulpen automatikoa problema ireki bat da, oso-oso zaila, eta komunitate izugarri bat dago arlo horretan lanean”.

Apertium plataformaren bidez egiten ditu Mitzulik ia itzulpen guztiak, euskaratik gaztelaniarakoa barne. Gaztelaniatik euskarara itzultzeko, berriz, Matxin, erabiltzen du, IXAk Elhuyarrekin lankidetzan garatutako itzultzaile automatikoa. Kamerak hartutako irudietako karaktereen ezagutzarako Tesseract, OpenCV eta Leptonica erabiltzen ditu. “Teknologia harrigarri hau guztion eskura jarri dute, eta guk aplikazio xume batean bildu dugu jendearengana irits dadin” dio Artetxek.

Itzulpenen kalitateari dagokionez, desberdintasunak nabarmenak dira, hizkuntzaren arabera. Adibidez, gaztelaniatik euskarara itzultzea, gaztelaniatik katalanera itzultzea baino askoz zailagoa da, bi hizkuntzen arteko distantzia askoz handiagoa delako.  “Badakigu itzultzaile automatikoak perfekziotik oso urrun daudela, baina oso lagungarriak izan daitezke” dio Artetxek.

Uda bateko proiektu pertsonal modura hasi zuen Artetxek, eta bi urtez aritu da aplikazioa garatzen, “nire kasara, denbora neukanean eta inolako presiorik gabe”. Eta bidean Elhuyarren babesa jaso du: “Elhuyarrek laguntza handia eman dit lokalizazioetan, zerbitzariaren kudeaketan eta komunikazioan, besteak beste” dio Artetxek.  Eta oso pozik dago, espero zuena baino askoz oihartzun handiagoa ari delako izaten. “Doakoa da, eta asmoa ez da negozio bat egitea honekin, baina gustatuko litzaiguke jendearengana heltzea, pentsatzen dugulako erabilgarria izan daitekeela”.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia