}

Lokatz-erupzioa gelditzeko nahia eta ezina

2007/03/17 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Javan, azken hilabeteetan, lurpetik lokatza atera eta atera ari da, jario etengabean. Inork ez daki nola hasi zen erupzioa, baina hura aztertzen ari diren geologoek gasa bilatzen ari zen enpresa bat jotzen dute errunduntzat. Nolanahi ere, eztabaida argitzea baino premiazkoagoa da jarioa gelditzea, eta horretan saiatzen ari dira.

Lokatz-erupzioak ez du etenik izan hasi zenez geroztik.
(Argazkia: R. Nijenhuis/NBE)

2006ko maiatzaren 28an, Indonesiako Java uhartearen Sidoarjo barrutian, lurzoruan irekitako pitzadura batetik hidrogeno sulfuroa ateratzen hasi zen. Gas hori toxikoa da, eta egun hartan inguruko airean zegoen kontzentrazioa pertsonei kalte egiteko modukoa zen. Hala ere, hurrengo egunerako asko txikitu zen gas-kontzentrazioa, eta hirugarren egunean jada ez zegoen hidrogeno sulfurorik airean.

Gasaren ondotik, ordea, pitzadura lokatz beroa isurtzen hasi zen. Gas-ihesaren biharamunean hasi zen jarioa, eta ordutik ez du etenik izan. Oraindik ez dakite zergatik hasi zen lokatz-erupzioa. Hasieran, gas-isuriaren bezperan izan zen lurrikara batekin lotu zuten. Askoren ustez, berriz, litekeena da PT Lapindo Brantas enpresa gasa bilatzeko egiten ari zen zundaketen ondorioa izatea.

Edonola ere, iazko maiatzaren 29az geroztik, eguneko 40.000 metro kubiko lokatz bero isuri ditu. Jarioa gelditzeko eta lohia bideratzeko egin dituzten ahalegin guztiak antzuak izan dira, eta ondorioak latzak izaten ari dira: 24.000 pertsonak beren etxeak utzi behar izan dituzte; azaroaren 22an gas-hodi bat lehertu zen lokatzaren pisuarengatik, eta, ondorioz, 13 langile hil ziren; hondamendiari aurre egiteko lanean ari ziren beste bi langile ere hil dira erupzioa hasi zenetik...

Erupzioaren jatorria

Eta inork ez daki nola geldiarazi. Zientzialariak datuak biltzen eta egoera aztertzen ari dira, baina ez dakite zer egin. Munduan zehar bi mila lokatz-sumendi daude, horietako batzuk Java ekialdean, baina ez dituzte ondo ezagutzen.

Besteekin alderatuta, Sidoarjokoa berezia da bolumenagatik eta oso urtsua izateagatik. Lokatzaren % 70 ura da; hortaz, ez da batere likatsua, alderantziz. Lokatzean dauden fosilak aztertuta, zientzialariek ondorioztatu dute lokatzean dauden partikulak eskistozko eta argilitazko geruza batetik datozela, 1220-1.830 metroko sakoneratik. Egin dituzten kalkuluen arabera, geruza horrek harea-ohantzeak ditu tartekatuta, eta 3.000 metroko sakoneraraino iristen da. Horren azpian dago PT Lapindo Brantas enpresak gasa bilatzeko zulatzeko asmoa zuen kareharrizko geruza.

Ez dakite erupzioa berez hasi zen, edo gizakiaren eraginez. Nolanahi ere, orain lehentasuna jarioa gelditzea da.
(Argazkia:R. Nijenhuis/NBE)

Hain juxtu, lokatz-erupzioko ura kareharrizko geruzatik datorrela uste dute Richard Davies geologoak eta harekin batera erupzioa ikertzen ari diren zientzialariek.

Sidoarjoko fenomenoari buruz argitaratu duten lehen analisian azaldu dutenez, PT Lapindo Brantas enpresak zundaketa bat egin zuen handik gertu dagoen putzu batean, eta badirudi kareharrizko geruza hori zulatu zutela. Ondorioz, presio altuan zegoen urak eta gasak ihesbidea topatu zuten. Indarrez, arroka pitzatu zuten, eta ur beroak hango materialak likidotu eta kanporantz bultzatu zituen. Zientzialarien ustez, horrela hasi zen erupzioa, eta geroztik ez du etenik izan.

Enpresakoek, berriz, erupzioa bezperan izan zen lurrikararekin lotzen dute. Haien iritziz, lurrikararen uhinek sortu zuten pitzadura, eta hurrengo egunean gasa eta ondoren lokatza ateratzen hasi ziren handik.

Alabaina, zientzialarientzat hipotesi horrek ez du indarrik. Lurrikaren ondorioz sortzen diren erupzioak astindua izan eta berehala sortzen dira. Sidoarjon, ordea, lurrikararen biharamunean hasi zen irteten gasa, eta beste egun bat ere igaro zen lokatza jariatzen hasi zenerako. Horrez gain, lurrikara hori baino lehen beste batzuk ere izan dira inguru hartan, bai gertuago eta bai indar handiagokoak, eta haiek ez dute eragin halako hondamendirik.

Kateak jarioa gelditzeko

Oraindik ez dute argitu, beraz, nola hasi zen erupzioa. Baina denek garbi dute zerbait egin behar dela. Zer, ordea? Bandung Teknologia Institutuko hiru geologoek jarioa oztopatzeko plan bat landu dute, eta dagoeneko hasi dira horrekin.

Sonarraren bidez ikusi dute lokatza jariatzen duen zuloak T-itxura duela, alegia, bat-batean asko estutzen dela. Estugune hori txikitzea lortuz gero, emaria asko motelduko litzatekeela pentsatu dute geologoek. Hala, zulora 300-400 kiloko hormigoi-bolak sartzea erabaki dute, kate batez lotuta. Hartara, zuloa txikitu ez ezik, kateek bidea zailduko diote lokatzari, eta marruskaduragatik indarra galduko du.

Mila kate botaz gero, lokatzaren emaria hiru laurden gutxituko dela kalkulatu dute. Asmoa ez da erupzioa erabat gelditzea (ez dute hori itxaroten), baizik eta denbora irabaztea, ikertzen jarraitzeko, eta, besterik ez bada, lokatza erreka batera bideratzeko egiten ari diren lanak amaitzeko.

Dagoeneko bota dituzte lehenengo kateak. Oraindik ez zaio ezer nabaritu erupzioari; berez, ez dute inolako eraginik espero ehun kate bota arte. Hala eta guztiz ere, litekeena da ez lortzea beren helburua. Askotan bezala, dirua da arazoa, edo diru falta, hobeto esanda: oraingoz 374 kate bakarrik dituzte, eta ez dakite gehiago egiteko dirurik izango ote duten.

Galdera asko daude, beraz, erantzuteko. Eta, bitartean, lokatzak irteten jarraitzen du. Agin laster geldituko da, baina ezkorrenek uste dute lokatza ateratzen den eremua bertan behera erortzeko arriskua dagoela, higadurak kobazuloak sortu baititu azpian. Hango biztanleek, berriz, ez dute apustuan aritzeko inolako gogorik.

Gara-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia