Larunbatean izango da Zientzia Azoka, Bilbon

2015/04/21 Elhuyar Zientzia

Gaur aurkeztu dute 2015eko Zientzia Azoka, Bilboko udaletxean. Elhuyar Zientziak gidatutako ekimena da Zientzia Azoka, eta, iragarri dutenez, Bilboko Plaza Barrian izango da aurten ere, eguerdiko 12etatik arratsaldeko 8etara. Denbora-tarte horretan, 12 eta 18 urte bitarteko gazteek ikasturtean egindako proiektu teknologikoak eta ikerketak aurkeztuko dituzte jendaurrean.

Elhuyarrek eta proiektuaren laguntzaileek aurkeztu berri dute larunbatean ospatuko den Zientzia Azoka. Arg. Danel Solabarrieta. Elhuyar Zientzia.

Zientzia Azokak hiru helburu nagusi ditu: gazteen artean zientzia-zaletasuna bultzatzea, kultura zientifikoa sustatzea eta zientziaren dibulgazioa. Haren berezitasunetako bat da, proiektu horiek egiteko, Euskal Zientzia eta Teknologia Sareko erakunde esanguratsuenetako ikertzaile profesionalen laguntza izan dutela ikasleek; besteak beste, UPV/EHU, Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Deustotech eta Mondragon Unibertsitatearena, TECNALIA eta IK4 korporazio teknologikoena eta BTEK zentroarena.

Horiez gain, beste erakunde batzuen laguntza ere jasotzen du Zientzia Azokak: Bilboko Udalak, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta FECYT erakundeak (Zientzia eta Teknologiarako Espainiako Fundazioa).

Gazteak, ikertzaile

Arg. Danel Solabarrieta. Elhuyar Zientzia.

Aurten 65 taldek aurkeztuko dituzte beren proiektu zientifikoak, eta haien guztien ahalegina, interesa eta partaidetza azpimarratu du gaurko aurkezpenean Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Berriztatzeko zuzendari Begoña Garamendik. Haren esanean, “Elhuyarrekin elkarlanean jarraituko du Hezkuntza Sailak, ikasleen gaitasun zientifiko eta teknologikoa eta ekintzailetza bultzatzeko betiere, eta Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzaren berariazko deialdiak eta lankidetza-hitzarmenak sustatzen.

Bilboko Udalaren izenean, Jone Unzueta Crespok, Bilboko Udaleko Partaidetza eta Barrutiak Saileko zinegotzi ordezkaria eta Hezkuntzako alboko zinegotzi ordezkariak, Zientzia Azokarako gonbitea luzatu du eta Bilboko Udalak zientzia eta ikerketari ematen dion garrantzia nabarmendu du.

Ildo beretik, Elhuyarreko zuzendari nagusi Leire Canciok gazteen eta ikertzaileen arteko komunikazio-bideen premia azpimarratu du, eta proiektu horri lagundu dioten unibertsitate eta zentro teknologikoei eskerrak eman dizkie.

Haiekin batera, Beñat Insunza bilbotar ikertzaile gazteak ere parte hartu du aurkezpenean. Iazko Zientzia Azokan izan zen Isunza, eta Kataluniako XVI Exporecerca Jove azokan Euskadiko ordezkari izateko aukeratu zuten. Espainiako estatuko gazteen ikerketa zientifikoaren erreferentziazko erakustoki den XVI Exporecerca Jove azoka duela gutxi izan da, eta hiru sari jaso ditu Beñat Insunzak.

Zientzia Azoka 2015 ekitaldiaren programa eta guneak

Bilboko Plaza Barrian egingo da 2015eko Zientzia Azoka, lau eremu hauetan: Plaza Barriko arkupeak, non 665 taldeen lanak ikusgai izango baitira; Esperimentuen Txokoa (haurrek eta helduek esperimentuak egiteko tokia); Praktika Gunea (esperimentu askeak egiteko lekua) eta eszenatokia, non diplomak eta sariak banatuko baitira.

Egitarau osoa, hemen.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia