}

Kavli sariak, Nobelen hutsunea betetzeko

2005/06/26 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Nobelak zientziaren Oscarrak dira. Oscarrak ez dira beti lan onenarentzat edo pertsona egokiarentzat izaten, edo behintzat urtero entzuten dira horrelako kontuak. Hala ere, zinema gustuko duten guztiek eta industria osoa sari horiei begira jartzen da sari-banaketa hurbiltzen denean. Kinielak eta apustuak egiten dira, eta giroa ez da baretzen sariak banatu eta puxka batera arte. Gauza bera gertatzen da Nobel sariekin. Badira zientzian ekarpenak egin dituztenak omentzeko beste sari batzuk, baina Nobelak dira ezagunenak eta ospetsuenak. Nobelek, ordea, ez dituzte arlo guztiak aintzat hartzen. Hori konpontzeko sortu dira Kavli sariak.
Nanoteknologiak gizartea irauliko duela uste du hainbat ikertzailek.

Nanoteknologia, astrofisika eta neurozientzia. Hara hor Fred Kavli jaunak kontuan hartuko dituen hiru arloak. Horietan aurrerapen nabarmenak egiten dituztenei emango die saria: oroigarria eta milioi bat dolar, alajaina! Horrekin, Nobel sariek dituzten hutsuneak bete nahi ditu. Izan ere, arlo hauetan ematen dira Nobelak: fisikan, kimikan, medikuntza eta fisiologian, ekonomian, eta literaturan. Halaber, Bakearen Nobel saria ematen zaio bakearen alde lan egin duen norbaiti. Ez du zientziarekin loturarik, baina akaso dinamitaren aita izan zela ahaztarazteko jarriko zuen sari hori Nobel jaunak.

Horri esker aberastu baitzen Alfred Nobel suediarra, dinamita asmatzeari esker. Hil zenean, 9.200.000 dolarreko ondasuna utzi zuen, guztia bere izena daramaten sarietan banatzeko. Hala, 1901ean hasi zen banatzen Nobel sariak Suediako akademia, eta gaur egun oraindik zientziaren munduan ematen diren sari preziatuenak dira.

Neurozientzia ez da berria, baina garunaren jardueraren gainean erantzunik gabeko galdera asko daude oraindik.

Kavli jaunak ez du lehergaiekin lan egin, baina dirutza galanta eskuratu du. Norvegian jaioa, AEBetan aberastu da, hegazkinentzat eta espazio-ontzientzat sentsoreak egiten dituen konpainia baten bidez. Nonbait, ideia ona iruditu zaio Nobel auzokoaren antzera jokatzea, eta, hark bezala, zientzian aurrerapenak egiten dituztenak saritzea bururatu zaio. Hori bai, Kavli bere sasoiko gizona da, noski; garaiak aldatu egin dira, eta zientzia ere bai. Horregatik nabarmendu ditu gaur egun puri-purian dauden gaiak: nanoteknologia, astrofisika eta neurozientzia.

Ezin da ukatu hiru esparru horietan aurrerapauso handiak eman direla azkenaldian, eta argi dago etorkizunean ere berebiziko garrantzia izango dutela. Hortaz, alde horretatik, ezin zaie aitzakiarik jarri Kavli sariei. Izatekotan, matematika berriro ere alboratuta gelditu dela leporatu dakioke, baina, horretaz aspaldi konturatu zenez jendea, dagoeneko sari bat baino gehiago dago matematikari onenak aintzat hartzeko.

Txikiena, handiena eta konplexuena

Kavli sariak Norvegian banatuko dira, bi urtez behin. Lehenengoak 2008. urtean emango dira; beraz, badago nahiko denbora apustuak eta kinielak egiteko. Baita saria eskuratu nahi duenak lehian aurrera egiteko ere! Lanaren bidez izan beharko du, gainera; izan ere, epaileak erosi nahi baditu, ez zaio merke aterako, ikertzaile askoren artean erabakiko baitute nor saritu.

Aurora borealak ikusiz maitemindu zen Kavli astrofisikaz.
NASA

Sariekin bi helburu ditu Kavlik: batetik, zientziaren arlo horietan ekarpenak egin dituzten zientzialariak omendu eta bide horretatik jarraitzeko laguntza ematea, eta, bestetik, gizartean zientzia-gaiak suspertzea. Zientziaz hitz egin dezala kaleko jendeak, eta hurbildu dadila mundu horretara. Hartara, denek irabaziko dute: gizarteak zenbateraino den garrantzitsua ulertuko du, eta, bide batez, konturatuko da beharrezkoa dela dirua jartzea ikertzeko. Denon mesederako baita.

Nolanahi ere, sariak ematea ez da Kavlik sortu duen fundazioaren lan bakarra. 2000. urtean, Kavlik bere konpainia saldu eta fundazio bat jarri zuen martxan diru harekin, Kalifornian bertan. Ordutik bere izena daramaten hamar ikerketa-institutu zabaldu dira beste hainbat unibertsitate entzutetsutan: Kaliforniakoan, Standford Unibertsitatean, Chicagokoan, MITen, Yalen, Columbian, Cornell Unibertsitatean... Eta ez dute nolanahiko lana egiten: horietako batera, Fisika teorikorako Kavli institutura, joan da 2004ko Fisikako Nobel saria.

Kavlik berak aitortzen duenez, betitik izan du interesa zientzian; esaterako, bere jaioterrian, txikia zenean, aurora borealak ikustera joaten zen eskiatuz. Unibertsoaren eta gizakiaren neurriari buruzko galderak sortzen omen zizkion zeruko argien dantzak. Hori gogoan hartuta, sortu dituen sariek unibertsoaren txikiena (nanoteknologia), handiena (astrofisika) eta konplexuena (garuna) izango dituzte kontuan.

Bestelako sariak

Ez dakigu Nobelak bezain ospetsuak bihurtuko diren Kavli sariak. Dena den, Nobelak ez dira zientziaren arloan ematen diren sari bakarrak; nahiko ezagunak dira, adibidez, Ig Nobel sariak. Horietan, ikerketa absurduak eta berriro egitea komeni ez direnak saritzen dira urtero.

Sarien bidez, gizartea zientziara eta zientzia gizartera hurbiltzea da Kavliren helburua.

Xelebreetan xelebreena, berriz, Matusalen saguaren saria izango da. Sagu bat luzaroen bizirik iraunaraztea lortzen duenari ematen zaio, eta ez pentsa sari makala denik, ez. Milioi bat dolar irabazten du saguaren zaindariak, Kavli bat jasoko duenak adina. Azken irabazlearen saguak bost urte zituen, hau da, gizakion urtetan jarrita, 190 urte. Hori saritzeko modukoa bada... Kontua da sagu gaixoa 2003an hil zela, eta ordutik hainbat hautagai daude lehian. Egia esan, Matusalenek baino askoz ere jakin-min handiagoa eragiten didate Kavli sariek. 2008ra arte itxaron beharko dugu lehen saridunak nor diren eta zergatik irabazi duten jakiteko.

7K-n argitaratua.