Kaskoa buruan eta ibili munduan
1993/12/01 Otaolaurretxi, Jon Iturria: Elhuyar aldizkaria
1990.eko uztailaren 15ean, Britainia Haundiko Silverstone-ko zirkuitu famatuan, Eric Bernard pilotu frantsesak bere Lamborghini bolidoan ikusmen-arazoak izan zituen. Formak eta koloreak lausotuta ikusten zituen, panelak ezin zituen irakurri eta lehiakideen bolidoak bereizi ezinik zebilen. Arrazoia, 80 eta 90 hertzeko maiztasuna zuten bi bibrazio-motak erresonantzia egitea izan zen. Pneumatikoak higatu ahala bibrazio horiek izaten ditu pilotuak, bere erretina edo betsareko bibrazio naturalekin batera. Bibrazioen anplitudea hazi egin zen eta ikusmen-arazoak sortu zitzaizkion.
Berez pilotua pistan doanean, begiz informazioa lortzeko oztopo batzuk izaten ditu. Bolidoaren motoreak ateratzen duen zarata ikaragarria, adibidez, ikusmena desorekatzeko faktore bat izan daiteke. Horren susmoa dute behintzat IBSV (Institut Biomedical Sports eta Vie) erakunde frantseseko ikerlariek. Erakunde hau, esan beharra dago, 1988. urteaz geroztik 1 formulako pilotuek dituzten oztopo fisiko eta psikologikoak aztertzen ari da.
Astronautek eta ehizegazkinetako pilotuek espazioan beste dimentsio bat ere gobernatu behar izaten dute, eta orekaren organoa oso aktibatua dagoenean batzuetan ikusmen estimuluak integratzeko zailtasunak izaten dituzte. Horregatik, lurreko automobiletan ere entzumen-funtzioak aktibaturik daudenean gerta liteke ikusmeneko desorekak izatea.
Lasterketan pilotuak bihurgune bat hartzen duenean, 3, 4 eta 5 G-rainoko azelerazio tangentzialak jasaten ditu. (G zenbakiak, 9,8 m/s 2 -ko azelerazioari dagokion karga-faktorea adierazten du. 3 G-ko azelerazioak direnean, adibidez, pisua hiru aldiz handiagoa da). Kaskoz hornituta dagoen buruak berez 6,5 kilo pisatzen ditu, baina azelerazio tangentziala dela eta pisu hori biderkatu egiten da. Ondorioz, lepoko giharretan indar ikaragarriak egin behar dira burua kontrolatzeko. Baina bihurguneak lasterketako zirkuituan oso maiz hartu behar direnez, lepoko giharreen erresistentzia kaltetu egiten da. Buruak indar zentrifugoaren eraginez kontrolik gabeko higidurak izaten ditu eta ondorioz pilotuak ikusmenaz informazioa jasotzeko sistema asaldatu egiten da.
Oztopo hau saihesteko, pilotuek kaskoaren higidura galtzarbetik uhal batzuk ipinita mugatu egiten dute. Uhalen luzera oso zehatz erregulatu behar da, zeren lepoko zabuak beronen eta begi-globoen arteko sinkronizazioa galduarazi egiten baitu.
Gaur egun 1 formulako pilotuek erabiltzen dituzten kaskoak aztertu ondoren, akats asko dutela ikusi ahal izan da. Batetik, ingurua ikusteko “zulo” txikiegia dute, eta bestetik, erabiltzen dituzten biserak ez dira egokiak, irudia deformatu eta begiak nekarazi egiten dituztelako. Gainera, argi-egoera kontutan hartuta pilotuek askotan biserako iragazkiaren kolorea oker aukeratzen dute. Gaizki hautatutako biserek beraz, koloreetan eta kontrasteetan distortsioak sortzen dituzte, eta zuzen aukeratzeko gomendioa hau da: eguraldi euritsu edo lainotsuetan horia eta eguraldi eguzkitsuetan grisa.
Pilotuaren psikologian eragina duen beste arazo bat ere bada. Izan ere, pilotuak asfaltozko bideari begiratzeari une batez utzi eta bolidoaren ordenadoreak pantailan eskaintzen dizkion datuetan begirada finkatzen duenean, begiek beren ardatza eta eremu-sakonera aldatu egin behar dituzte. Horretarako segundo t’erdi behar ditu. Gero berriz ere bideari begiratzen dionean, beste horrenbesteko denbora behar dute begiek egokitzeko, hau da, guztira hiru segundo. Pilotuarentzat beste irteerarik ez dagoela pentsatu eta gaitzerdi izaten da pantailari zirkuituko tarte zuzenetan begiratzea. Baina horrek datu interesgarri batzuk (motorearen erregimena, adibidez) bihurguneetan ezin dituela jakin esan nahi du.
Irtenbide bat ordea, badago. Pilotuak begirada jaitsi gabe, pantailako datuak ikus ditzake Racing Helmet Display (RHD) sistemaren bidez. Lotus etxeak probatu zuen lehen aldiz 1992.ean eta geroztik GEC Avionics eta Frazer Nash Technology etxeek garatu dute. Kaskoan ezaritako pantaila txiki bat da; Golkoko gerran hegazkin eta helikopteroko pilotu batzuek erabili zituztenen antzekoak. (Ikus Elhuyar. Zientzia eta Teknika. 46. alea.
1991.eko apirila. “Gauez ikusteko kaskoa pilotuentzat”. Jon Otaolaurretxi-ren artikulua). Begiaren eta kaskoaren artean lente optiko txiki bat dago kokatua eta bertan parametro teknikoak agertzen dira, irudia paisajeari artifizialki gainezarrita dagoelarik. Horrela pilotuaren begiak beti ere aurreko bideari begiratzen dio eta bitartean behar duen informazioa aurrean du, begiek behar zuten hiru segundoko moldapen-denboren premiarik gabe.
Zirkuituan egindako entseiu pribatuetan, Johnny Herbert eta Mika Kakkinen pilotuek biseran ikusi ahal izan dituzte motorearen erregimena adierazten duten zifrak, abiadura-kaxako posizioa aldatzea noiz komeni den markatzen duen puntu argitsuen ilada, abiadura azkarragoa sartzea komeni denean pizten den argi berde bat eta motorea azkarregi dabilelako edo arriskua duelako pizten den pilotu gorria.
Dirudienez, sistema hau Lotus taldekoak probatzen ari dira. Baina aeronautikako adituek diotenez, hegazkineko edo bolidoko panelean dauden datuak bere horretan ematea ez da aski. Pilotuari datuak tratatuta eman behar zaizkio. Hegazkinetan, segitu beharreko ibilbidea hiru koordenatutik abiatuz kalkulatuta ematen zaio gidariari ikur baten bidez, baina Racing Helmet Display sistemak 1 formulako pilotuari ez dio inolako laguntza taktiko edo estrategikorik eskaintzen. Bestetik, pilotuaren eskuineko begiaren aurrean kokatutako lente optikoa ez dator guztiz bat pistan finkatutako begiradaren ardatzarekin eta moldapen-denbora txiki bat eskatzen du horrek. Sistema hobetu beharra dago, beraz.
Gaur egun bere bolidoko eserlekuan sartuta dagoen formulako pilotuak, beroa, azelerazio bortitzak, bibrazioak eta estresa jasateaz gain parametro eta datu asko datorkiola ikusten du eta guzti horiek maneiatzen lan handiegia duelako porrot egiteko zorian izaten da. Horregatik adimen artifizialaren arloan sistema adituak prestatzen ari dira, pilotuari informazioaren analisia bapatean xehetuta eman eta erabakia egoki har dezan. Aeronautikan egiten den bezalaxe, pilotuaren pertzepzio-lan asko makinaren esku utzi nahi da, pilotuak bere adimena eta denbora aukera taktiko eta estrategikoak egiten erabil ditzan. Ondorioz, pertsona/makina bikotean sistema adituek informazioaren tratamendua egingo dute eta pilotuak erabakiak hartuko ditu.
Sistema adituen bidez, pilotuak, kurba batean eta zorua bustita dagoenean, bolidoak lurrean irrist egin arte zenbaterainoko marjina duen jakingo luke, kurtsore baten bidez informazio hori emango litzaiokeelako. Motorearen erregimenari buruz ere, beste horrenbeste esan daiteke. Eta euritan aurreko bolidoek harrotzen dituzten urezko hodei artean talka ez egiteko informazioa ere emango litzaioke. Guzti honek zientzi fikzioaren mugan dagoela dirudi, baina informatikan egindako aurrerapenei esker, ezin daiteke amets hutsa denik esan.
Oraingoz, FISA (Federation Internationale du Sport Automobile) erakundeak erabateko ezetza ematen die honelako aurrerapenak lasterketetan erabiltzeari. Baina horrez gain bada beste oztopo bat ere; kaskoaren pisua, hain zuzen. Ehundaka gramo batzuk besterik erantsiko ez litzaizkiokeen arren, pisu hori azelerazioei (lehen aipatutako G horiei) zor zaien faktoreaz biderkatu beharko litzateke. Horregatik, irtenbide bat bolidoko paneletik informazioa kaskora irrati-uhinen bidez bidaltzea izan daiteke. Optika difraktiboaz irudiak gainazal kurbatuetan (kaskoaren biseran, alegia) proiektatzea ere irtenbide egokia litzateke, pilotuaren begi aurrean lente optikoa ipini beharrik ez legokeelako.
Pilotuei sistema elektroniko berrien laguntza ukatu egin behar al zaie? Hori da, hain zuzen 1 formulako lasterketak kudeatzen dituen FISA erakundeak erabaki duena. Bolidoa nonbait, gehiegi sofistikatzen ari dira eta ikerketan dirutza handiak gastatzen dituzte etxe batzuek, automobilgile handi eta txikien arteko distantzia areagotuz. Horrez gain, pilotuak lasterketako garaipenean duen partea gero eta txikiagoa da, nahiz eta bere lana gero eta konplexuagoa izan. Kirolzaleek lasterketan suspentsea eta emozioa nahi dituzte, aurrerapenen abiada geldiarazita. Kaskoan datuak ikustea beraz, lasterketetatik kanpo utzi nahi dute. 1993.eko uztailean, FISA erakundeko Munduko Batzordeak, Williams eta McLaren etxeen eskakizunei uko egin die eta bolidoetan esekidura aktiboa eta irristatzearen aurkako sistema debekatu egin ditu. Baliabide gutxiagoko automobilgileak (Ferrari etxea, adibidez) poztu egin ditu erabaki horrek. Formulako pilotuen artean teknologiaren aurrerapenei mugak jartzeari buruz era guztietako iritziak daude. Ayrton Senna brasildarrak dioenez, teknologian atzera eginez gero, pilotatzeko arteari behar duen maila emango litzaioke. Alain Prost frantsesa berriz, badirudi aurrerapenen aldekoa dela, pilotuaren zeregina intelektualagoa izango litzatekeela eta. |
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia