}

Venus Express misioaren fruituak

2007/11/29 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia | Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia

Europako Espazio Agentziak Venus Express izeneko zunda bidali zuen gure ondoko planeta, Artizarra, ikertzeko. Misioak urtebete egin du, eta Nature aldizkariak artikulu-sorta bat argitaratu du aste honetan lehen emaitzen berri emateko.

Bederatzi artikulu, hogeita hamalau orrialde, den-denak, horretaz hitz egiteko. Nature-koen ondorio nagusia honako hau da: Artizarra eta Lurra antzekoak zirela pentsatzen zen, baina ikerketek frogatzen dute guk uste baino berdinagoak direla. Eta, hala ere, ikerketek bi planeten arteko ezberdintasunak ulertzeko balioko dute.

Artizarra toki beldurgarria da. Atmosfera trinkoa du, karbono dioxidoz osatutakoa (a ze berotegi-efektua izango duen!), eta azido sulfurikozko hodeiak ditu. Presio atmosferikoa Lurrarena baino 90 aldiz handiagoa da Artizarreko azalean, eta ia 500 graduan dago. Gainera, korrosioa izugarri handia da planetaren azalean. 1975eko urrian zunda batek lurra hartu zuen Artizarrean, eta ordubete baino gutxiago iraun zuen.

Venus Express zunda Artizarraren atmosfera kanpotik ari da ikertzen. Zientzialariek lehen aldiz frogatu dute tximistak sortzen direla. Eta oxigenoa eta hidrogenoa atmosferatik espaziora isurtzen direla helioarekin batera. Planetak uraren osagaiak galtzen dituela, alegia. Ez da harritzekoa lehorra izatea! Zientzialariak harrituta geratu dira, ustez hotz-hotza zen atmosfera-zatian, geruza bero bat dagoelako. Orain arte kriosfera deitzen zioten... orain beharbada izena aldatu beharko diote.

Eta zertan da, bada, Lurraren antzekoa planeta beldurgarri hori? Artizarraren tamaina, masa eta dentsitatea, adibidez, Lurrarenak bezalakoak dira. Hori bagenekien. Baina Venus Express misioaren datuek hango atmosferaren bi zurrunbiloen berri ematen dute, Ipar polokoa eta Hego polokoa. Eta hor dugu antzekotasuna. Antartikaren gaineko atmosferaren antzekoak dira... ozono-geruzaren zuloa duen atmosfera-zatiarena.

Euskal Herriko Unibertsitateko bi astronomo, Agustín Sánchez Lavega eta Ricardo Hueso, zurrunbiloen ikerketa horretan ari dira parte hartzen. Nature-k argitaratutako bederatzi artikuluetatik, bitan azaltzen dira haien ikerketaren emaitzak.

Argazkia: ESA 2007 MPS/IPF-DLR/IDA

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia