}

Irudiaren Teknikaren eta Zientziaren Oscar sariak

2002/03/24 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Gaur banatuko dira urteroko Oscar sari ospetsuak, baina ez dira zinemagintzaren Oscar bakarrak. Lan tekniko eta zientifikoa saritzen duten Oscarrak ere badaude eta, hainbesteko oihartzunik izaten ez badute ere, besteak bezainbat zalaparta eragiten dute hautagaien artean.
Oscarra, Ameriketako Estatu Batuen zinema industriaren loria.

Aktore, zuzendari eta produktore ospetsuen atzean, lanabesak hobetu eta teknika berriak garatzen dituzten langile eta enpresa asko dago. Gaur egun hitzetik hortzera dabilen teknika berrietako bat digitalizazioa da, baina kamerak, argiak, soinuak… eta beste hainbat faktorek osatzen dute zinemagintza. Urtetik urtera, arlo horietan guztietan eman dira pauso berriak gaur egun ezagutzen dugun zinemagintzara heltzeko.

Irudiaren Teknikaren eta Zientziaren Oscarrek aurrerapauso horiek saritzea dute helburu. Sariak banatzeko orduan, teknika berrien erabilgarritasuna, eraginkortasuna eta alde ekonomikoa hartzen dira kontuan. Hortaz, saritzen diren teknikek bi baldintza bete behar dituzte. Alde batetik, normala den bezala, irudiaren artearekin eta zientziarekin zerikusia duen metodo, formula edo asmakizun zehatz bat izan behar du. Bestalde, saria banatzen den urte horretan bertan estreinatutako teknika edo materiala izan behar du.

Sailkako sariketa

Irudiaren Teknikaren eta Zientziaren sariak hain ezagunak diren beste Oscar sariak bezain zaharrak dira. Oscarrak 1929an banatu ziren lehen aldiz eta beste sari horiek hiru urte berantago, 1931n. Arlo desberdinetan banatzen dira eta, beraz, saria nori banatu erabakitzen duen batzordean hainbat sailetako 40 bat adituk hartzen dute parte. Batzorde horretako zuzendaria akademiako lehendakaria bera da.

Digitalizazioak hainbat bide berri urratu ditu zinemagintzan, batik bat marrazki bizidunen filmeetan. Irudia "Serk" filmekoa da.

Filma, optika, proiekzioa, argia, soinua eta irudi digitala dira sail horietako batzuk. Sariak merezimendu osoa duten aurrerapausoei ematen zaizkie eta, beraz, gerta liteke urte batean arlo bereko sari bat baino gehiago ematea edo arlo batzuetan batere saririk ez ematea (ez da urtero saria merezi duen asmakizunik egiten). Iaz, esaterako, soinuari loturiko lau sari banatu ziren.

Sari-banaketa prestatzeko, zinemaren inguruan lan egiten duten pertsonei zein enpresei erabili dituzten teknika berriei buruzko informazioa bidaltzeko galdetzen die akademiak urtero. Ondoren, informazio hori batzordeko kideei helarazten zaie eta, orduan, irailaren erdialdera, sariak nori eman erabakitzeko lehen bilerak hasten dira.

Aurtengo saria eztabaidatua

Aktoreek egiten duten lanaren atzean teknika alorrean diharduten askoren ahalegina dago. Argazkian, Marilyn Monroe.

Aurtengo sariak martxoaren 2ko gauean banatu ziren, afari-ekitaldi batean. Guztira 21 sari banatu dira (ohikoa da hainbeste sari banatzea), eta horietako bat Peter Kuran-ek eskuratu du filma zaharretako koloretako irudiak berreskuratzeko diseinatu eta garatu duen teknikagatik. Kuranek ez ditu koloreak bizitu, kontrasteak baizik. Koloretako irudi zaharkituetan itzalak eta ilun-uneak urdindu egiten dira eta argi-puntuak, berriz, horitu. Hortaz, koloreak nahastu egiten dira eta ez dago esan beharrik koloreak galtzearekin irudiaren kalitatea asko gutxitzen dela.

Kuranen teknikari esker, urdintasuna eta horitasuna, hurrenez hurren, belztu eta argitu egiten dira. Horretarako, pelikula azpitik argitu eta irudia txuri-beltzeko pelikula batean kopiatzen da. Horrela, ilun-uneak beltz ageri dira eta zati argiak, berriz, zuri. Ondoren, bi pelikulak bata bestearen gainean jarri eta, horrela, kontrastea nabarmentzen da. Neurri batean esan daiteke Kuranen teknika koloretako marrazki originalaren gainean txuri beltzez margotutako kalkatzeko papera jartzea bezala dela.

Baina sari-banaketa honek, beste Oscarrenak bezalaxe, nahasmena eta kritika eragin ditu. Izan ere, aditu batzuen esanean, Kuranen teknika ez da batere berria. Xehetasun batzuk kenduta, azken 10-15 urtetan erabiltzen den teknika omen da. Cineric etxeak jakinarazi duenez, berak erabiltzen duen teknika oso antzekoa da.

Hollywood-ek ez ditu inoiz Lumiere anaiak, zinemaren asmatzaileak, saritu.

Adierazpen horien ondorioz, erreakzio-kate luzea sortzen ari da, eta Kuranek lan egiten duen Cinetech etxeak jakinarazi duenez, lehengo teknikek ez dute balio edozein pelikula konpontzeko. Diotenez, lehengo teknika fotokimikoekin hondatu aurretik tratamendu jakin bat aplikatu zaien pelikulak soilik berreskura daitezke. Beraz, ezinbestekoa da aldez aurretik hondatzeko arriskuaz jabetu eta neurri egokiak hartzea. Ulertzekoa denez, pelikula zahar guztiekin ez da horrelako aurreikuspenik egin.

Dena dela, teknika hori ez da pelikula zaharrak berreskuratzeko era bakarra. Izan ere, gaur egun era digitalean ere berreskuratzen dira. Horretarako, negatibo originala eskaneatu egiten da eta, ondoren, ordenagailu bidez, gorria, berdea eta urdina banan banan tratatzen dira. Emaitza oso ona da, baina pelikula zaharrak era horretara tratatzea sobera garestia da. Izan ere, teknika horren bidez Hitchcocken Vertigo pelikula berreskuratu da, esaterako, eta lan horren kostua milioi bat dolarrekoa izan da.

Kuranen teknika % 25 merkeagoa da eta, gainera, lasterrago egiten da, nahiz emaitza ez den hain perfektua. Eta nork jakin berak esaten duen bezain berria ote den!

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia