}

Ingurune adimentsuko laborategia

2003/05/06 Atxotegi Alegria, Uhaina - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Gaur egun gero eta tresna adimentsu gehiago ekoizten dira, hau da, gizakien beharretara moldatzen diren tresna edo objektuak, adibidez: arropa adimentsuak, ordenagailuak, etxeko tresneria (garbigailuak, musika-tresnak, argiak...)

Izan ere, gaur egun posible da etxe-atarira iritsi, sentsore batek ahotsaren edo usainaren arabera identifikatu eta etxeko atea automatikoki irekitzea. Baita, etxean sartu bezain laster, musika-mota bat edo bestea piztea, argia gehiago edo gutxiago apaltzea edo hormak kolorez aldatzea, eta hori guztia automatikoki, geuk ezertxo ere egin gabe. Horrez gain, tresnek aldez aurretik jakin dezakete pertsona bakoitzari zein hizkuntzatan hitz egin behar dioten, aurretik irakasten baitzaie. Horri ingurune adimentsua esaten zaio.

Europan sortua

Philips

Ingurune adimentsuak terminoa Europan sortu da. Europako Batzordeak talde bat sortu zuen ingurune adimentsuak zer izango ziren eta zein erabilera edo aplikaziotan oinarrituko ziren definitzeko.

Europan Philips etxea hasi da teknologia hori lantzen eta Ameriketako Estatu Batuetan Massachusetts Institute of Technology. Azken bi horiek eguneroko tresna eta egoerak lantzen hasi dira: etxeko tresnak, autoak, trafikoaren eragina... Dozenaka aplikazio izan ditzake ingurune adimentsuak. Tekniker Fundazioak, adibidez, industria-arloan landuko du teknologia berri hori.

Fresatzeko makina adimentsua Teknikerren eskutik

Fresatzeko makina adimentsua izango da hurrengo bi urteetan Tekiner ikerketa-zentroan garatuko den proiektuetako bat. Teknikerrek makinei aginduak emateko era berriak landu nahi ditu, bide horretatik segurtasuna areagotzeko, eta fresatzeko makina bat adimentsu bihurtzeko proiektua jarri dute abian.

Makinak langile bakoitza ezagutzeko gaitasuna izango du eta, ondorioz, bakoitzari zein erreminta erabili behar duen esango dio; kasu batzuetan, erreminta eman ere egingo dio robot bidez. Horrez gain, langileak beharrezko material guztia soinean duen kontrolatuko du une oro makinak, adibidez, eskularruak jantziak dituen edo ez.

Proiektu hori hasi berria da eta bi urte iraungo du. Hasteko, laborategi bat irekitzeko asmoa dute. Mekanizatzeko makina bat erabiliko dute, fresatzeko makina berezi bat, hain zuzen ere. Gaur egun, makina hori modu konbentzionalean erabiltzen da, baina, hemendik aurrera, ahots- eta usain-sentsoreak erabiliko dituzte. Langileei, berriz, aurrean duten makinari buruzko informazioa emango dieten betaurreko berezi batzuk emango dizkiete, tresnaren ezaugarriak hobeto ezagutu eta zehatz-mehatz zer egin behar duten argi izan dezaten. Horrela, hainbat akats saihets daitezke.

Sudur elektronikoen bidez produktuaren kalitatea ere kontrolatuko du makinak, materialak gaizki nahastuz gero, sudur elektronikoak usain arraroa antzeman orduko abisatu egingo baitie.

Autonomia eta pribatutasun gutxiago langileentzat

Philips

Teknikerren proiektu horretan lanean diharduten langileek badakite teknologia berri honek akatsak ere badituela. Izan ere, besteak beste, langileei autonomia eta pribatutasuna galarazten die. Bestalde, ez da onuragarria erabiltzaileak hainbat sentsore begien aurrean izatea, aztoratu egin baitaiteke. Arazo horiek guztiak aztertzeko eta irtenbideak aurkitzeko, soziologo batzuk ere ari dira proiektu horretan lanean.

www.basqueresearch.com

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia