}

Mars Oddysey zundak hidrogeno asko detektatu du Marten

2002/05/27 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Gamma izpien espektroskopiaren bitartez Marteren zoru azpiko mapa bat osatu da.

Hidrogenoan aberatsak diren zoru azpiko eremu handiak daude Marten. Hain zuzen, hidrogeno hori Mars Odyssey zundak daraman gamma izpien espektroskopio baten bitartez detektatu da. Tresneria horrek atomoen nukleoak detektatzeko balio du. Azken azterketaren bitartez, hidrogenoan aberatsak diren eremuak identifikatu dituzte; gainera, hidrogeno hori gehienez zoru azpitik metro batera dago. Metodologia hori Ilargiko kraterrak ikertzeko erabili zuen NASAk 1988an.

Ilargiaren kasuan gertatu zen bezala, identifikatutako hidrogeno hori ur-molekuletakoa den edo ez eztabaidatzen ari dira astronomoak. Diotenaren arabera, aukera asko daude konposatu hori ur izoztua izateko, baina uraren zuzeneko ebidentziarik ez dute lortu. Izan ere, erabili duten espektroskopiaz ezin dira molekulak detektatu, atomoak baizik. Beraz, hidrogeno hori ur-moduan dagoen edo ez jakiteko, beste nolabait aztertu beharko dute Marteko zorua.

Horren guztiaren berri emateko, ostegunerako prentsaurreko bat prestatu du NASAk.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia