Elhuyar zientziaren komunikazioa

Ig Nobel sariak banatu dituzte, barrezka eta pentsaraziz

2019/09/13 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Ig Nobel sariak errepika ezin daitezkeen edo errepikatzea komeni ez diren ikerketei ematen zaizkie. Horrez gain, beste bi ezaugarri ere izan behar dituzte saritutako ikerketek: barregarriak izan behar dute, eta, aldi berean, zer pentsatua eman behar dute.

ig-nobel-sariak-banatu-dituzte-barrezka-eta-pentsa
Ig Nobel sariak banatzeko ekitaldiko une barregarri bat. Arg. Ig Nobel sariak

Annals of Improbable Research aldizkariak antolatzen ditu Ig Nobel sariak edo Nobel alernatiboak. 1991. urtetik banatzen dira, Harvard Unibertsitatean, eta guztira hamar ematen dira. Aurten, Medikuntzakoa iragarri dute lehen lekuan. Silvano Gallusek irabazi du, pizzak minbizitik babesteko duen eragina ikertzeagatik.

Medikuntza-arlotik atera gabe, Medikuntza Hezkuntza saria eman diete Karen Pryor eta Theresa McKeoni, animaliak trebatzeko teknika bat apliaktzeagatik zirujauen formakuntzan.

Biologiakoa, berriz, nazioarteko ikertzaile-talde batek irabazi du, magnetizatutako labezomorro hilak eta biziak portaera desberdina dutela frogatzeagatik.

Eta ba al zenekiten Frantziako postarien eskrotoak ez duela tenperatura homogeneoa? Bada, hori argitzeagatik, Anatomiako saria irabazi dute Paul Sabatier Unibertsitateko bi ikertzailek. Ikerketaren arabera, ezkerreko aldea beroagoa da.

Bestalde, Japoniako ikertzaile batzuek irabazi dute Kimikakoa, bost urteko haur batek sortzen duen listu-kantitatea neurtzeagatik.

Ingeniaritzakoa bereziki interesgarria izan daiteke haur txikien gurasoentzat: pixoihalak automatikoki aldatzeko eta garbitzeko makina baten asmatzaileari eman diote, Iman Farahbakhshi.

Ekonomiakoak osasunarekin zerikusia du, paperezko diruak bakterioak kutsatzeko duen gaitasuna ikertu dutenei eman baitiete. Nonbait, arriskutsuena leu errumaniarra da, seguru asko, dituen osagaien erruz.

Bakearena nazioarteko ikertzaile-talde batek irabazi du, azkura izandakoan hatz egiteak ematen duen plazera neurtzeagatik.

Psikologiakoa Fritz Strackek irabazi du, ahoan arkatz bat horizontalean eusteak zoriontasuna sortzen duela frogatzeagatik, eta hogei urte geroago hori bera ezeztatzeagatik. Epaimahaiak ikertzailearen zintzotasuna aintzat hartu du saria hari ematea erabakitzean.

Azkenik, ikertzaile-talde handi batek irabazi du Fisikakoa, wombat martsupialen gorotzak zergatik diren lauki-itxurakoak erakusteagatik. Aipatzekoa da talde horretako bi kidek 2015ean ere irabazi zutela Fisikako Ig Nobela. Orduan, kalkulatu zuten ugaztun guztiok batez beste 21 segundo behar ditugula maskuria husteko.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia