}

Fotosintesi artifiziala

1994/01/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Landareen fotosintesi-prozesua artifizialki burututa, Suitzan Lausana-ko Eskola Politeknikoan diharduen Michael Graetzel irakasleak Eguzkitiko energiaren arloan ikerketarako bide interesgarria ireki du. Bere sistemaren errendimendua, siliziozko ohizko zelula fotovoltaikoen parekoa da, baina fabrikazio-kostua hamar aldiz txikiagoa.

Klorofilaren ordez, erdieroale bati (titanio dioxidoari) konektatutako koloratzaile-geruza mehea du. Argi-izpiek emititutako fotoiak, koloratzaileak zurgatzen ditu titanio dioxidoarekin “elkarrekintza’ izan baino lehen, atomoetako elektroiak askatuz. Elektroi hauek berehala eramaten dira geruza eroale gardenera.

Gaur egun laborategian lortutako errendimenduak % 10 baino handiagoak dira eta industriari aleman batzuk kilikatu ditu prozedura honek. Dena den, gaur egun Eguzkitiko energiaz sortutako watt bakoitza zentral klasikoetan lortutakoa baino dezentez garestiagoa da.