}

Fikzioa egi bihurtuta

2000/12/10 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia

Sony eta Honda etxeek robot bana aurkeztu dute duela gutxi. Robot horiek badute berrikuntzarik, fikziozko pelikuletan erakusten zituzten haien antz gero eta handiagoa dute, ez dira dagoeneko fabriketako produkzio-zereginetara mugatzen. Fikzioa errealitate bihurtzeak zer esan nahi ote du, robotika gailurrera iritsi dela?

Robot hitza bera txekierazkoa da; langile, zerbitzari esan nahi du. Robotak oso modernoak direlakoan dago jende gehiena, baina egia esan, roboten ideia historian zehar galdu ere galtzen da. Grekoak, adibidez, bukaerarik gabeko mekanismoak egiten saiatu ziren, pertsonen kontrolik beharko ez zutenak. XVII. eta XVIII. mendeetan erlojugintzako mekanismoak erabilita, gizakien lana arintzeko helburuarekin automatak egitera iritsi ziren. Eta gerora, adimen eta bizitza artifizialaren kontzeptuak erabilita, Isaac Asimov azaldu zen. Fikzio-idazlea izan zen Asimov, baina baita zientzialaria ere. Berak bazekien gizakia bere zerbitzura egongo ziren robotak egitera iritsiko zela. Horregatik irudikatu zituen, horregatik bihurtu zen fikzio-idazle. Besteak beste, robotek gizakiei kalterik egingo ez zieten etorkizuna iragarri zuen Asimov-ek, eta robotikarentzat honako hiru lege hauek proposatu zituen:

  1. Robotek ezin diete kalterik egin gizakiei, ez eta gizakiei kalte egiten utzi ere.
  2. Robotek gizakien aginduak bete behar dituzte, lehen legearen kontrakoak direnean izan ezik.
  3. Robotek beren izatea babestu behar dute, lehen eta bigarren legearekin kontraesanetan jartzen diren arte.

Lege horiek ere, fikzioa besterik ez dira. Robotak ez dira ez txarrak eta ez onak, gizakiak nahi duena izango dira. Eta oraingoz, langile finak izatera mugatu ditu.

Robotikak ekoizpen-prozesuen mekanizazio- eta automatizazio-prozesuetan aro berria ireki zuen. Oinarrian, eginbehar zehatzak betetzen dituzten makina edo sistema automatikoak, eginbehar zehatzak eta orokorrak egiten dituzten gailuengatik ordezkatu zituen.

Robotika 1960 urtearen inguruan sortutako teknologia da. Ordutik robotak asko hedatu dira. Industria-prozesuetan ohiko-ohiko bihurtu dira, baina oraindik ez dira etxeetara iritsi ¾oraintxe hasi dira¾. Alde horretatik, aurrerapena handia izanda ere, esan daiteke robotikak garatzeko eta berritzeko aukera ugari dituela gaur egun. Robotika diziplina anitzeko teknologia da, robotak diseinatzeko eta egiteko diziplina ugariren laguntza behar baita. Mekanika, elektronika, informatika, automatika, matematika eta abar behar-beharrezkoak dira robotak egiteko.

Besteak beste, beren arkitekturaren edo konfigurazioaren arabera sailkatzen dira robotak, honako multzo hauetan:

  • Robot poliartikulatuak. Forma eta konfigurazio askoko robotak sartzen dira talde honetan, baina ezaugarri komuna dute: finkoak dira. Manipulatzaileak eta industriako robotak, adibidez, poliartikulatuak dira.
  • Robot mugikorrak. Mugitzeko gaitasun handia duten robotak. Urruneko agintez, sentsoreekin, zoruko zirkuitu elektromagnetikoen bidez eta abar gida daitezke. Kasu batzuetan oztopoa gainditzeko eta saihesteko gai dira, eta badute nolabaiteko adimen-maila.
  • Androideak. Gizakien itxurako robotak. Gaur egun arte ez dira gehiegi garatu, lokomozio-sistema oso konplikatua baitzen. Izan ere, oreka galdu barik mugimendua koordinatu behar baitute. Honda eta Sony etxeen robotek azkenaldian erakutsi dutenez, koordinazio- eta oreka-arazoak gainditzen hasi dira dagoeneko.
  • Zoomorfikoak. Multzo honetan androideak ere sar zitezkeen, lokomozioa oinarri duten robotak hartzen baitira kontuan. Era guztietakoak izan daitezkeen arren, espazioaren esplorazioan, sumendien ikerketan, edoeta, adibidez, zentral nuklearretako konponketa-lanetan erabili ahal izango dira.
  • Hibridoak. Denetariko robotak sartzen dira talde honetan. Izan ere, kasu batzuetan roboten ezaugarria ez da multzo bakar bati dagokiona izaten, horregatik multzo honetan sar daitezke.

Sailkapen horretaz gain, beste batzuk egitea ere badago, funtzioaren araberakoa adibidez: industrialak, pertsonalak, militarrak… Kontrol-sistemen araberakoa ere izan daiteke, aplikazioak kontuan hartuta egiten dena, edo belaunaldiaren araberakoa… Eta azken belaunaldiko robotei erreparatuz gero, Japoniara begiratzea nahitaezkoa da. Sony etxearen

SDR -3X robota eta Honda etxearen Asimo industria horren erakuslerik adierazgarrienak dira. SDR-3X bost kilo eta 50 zentimetroko robota da. Bi mikrofonoren bidez ematen zaizkio aginduak eta berak aurrez grabatutako 20 agindu ezagut ditzake. Buruan kamera ere jarri diotenez, koloreak bereizten ditu. Oinez ibil daiteke, norabidez alda dezake, zutitu eta etzan egin daiteke, dantza egin dezake edo baloiarekin futbolean egiteko gai da. Gainera, ez ahaztu, maskota ere badu, bera asmatu baino lehen Sony-koek Aibo txakurra asmatua baitzuten. Aibo txakurra errentagarria baino errentagarriagoa izan da Sony-rentzat, sekulako salmentak lortu baitira.

Asimo Honda Motor enpresaren robot berria da. Robota egin ahal izateko 14 urteko ikerketa-lana egin behar izan dute zientzialariek. 43 kilo ditu eta metro eta hogei zentimetroko altuera du. Argiaren etengailuak saka ditzake, ateak ireki edo aulkian jarrita hainbat lan egin ditzake. Asimo eskailerak igotzeko gai da eta urrutiko agintez kontrolatzen dute. Honda-koek ez dute robota salgai jartzeko asmorik, erakusketetan erabiliko dute; eta bera asmatzeko eskuratu duten teknologia, berriz, baliogarria izango zaie euren motorrak hobetzeko.

Robot horiek bakartasunean daudenei konpainia egiteko asmatu omen dituzte, ezinean daudenei laguntzeko edo hainbat lan mekaniko beren gain har ditzaten. Asmoak ez dira txarrak, baina telebistan erakutsi zituzten robotek, egia esan, trakets hutsak ziruditen. Lagundu baino traba egingo dutela esango luke batek baino gehiagok.

7kn argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia