Euskal Herriko hezeguneak (III): gizaki eta hezeguneak
2000/05/01 Estonba Mintxero, Mikel Iturria: Elhuyar aldizkaria
Gizakia eta hezeguneen arteko harremana oso hertsia izan da betidanik, ekosistema aberats hauek eskaintzen duten baliabideen ugaritasunagatik gizakiarentzat ingurune oso erakargarriak baitira. Dena dela, gizakia eta hezeguneen arteko harremana historian zehar aldatuz joan da eta hasieran baliabideen zentzuzko ustiapenean oinarritzen bazen ere, azken urteotan hezeguneak suntsitzea izan du ezaugarri.
Hezeguneen egungo egoera ulertzeko eta etorkizunari begira hartu beharreko neurriak zehazteko nahitaezkoa iruditzen zaigu, gizakia eta hezeguneen arteko harremanak historian zehar izan duen bilakaera errepasatzea, iraganari begiradatxo bat ematea hezeguneen kudeaketa eta babespenaren nondik norakoak erabakitzeko oso lagungarria izan baitaiteke.
Hasieran, gizakiaren asentamenturako hezeguneek dituzten baldintza desegokien ondorioz, gizakia eta hezeguneen arteko harremana ekosistema hauen baliabide trofikoak ustiatzera mugatuta zegoen. Hezeguneetan burutzen ziren ehizak, arrantzak, mariskeoak (kostaldeko hezeguneen kasuan) hauen inguruetan bizi ziren giza taldeentzat osagarri trofiko garrantzitsua zen eta horregatik asentamentu hauek, beste batzuen aldean, hazkunde nabarmena izan zuten, sarritan giza komunitate sedentarioen abiapuntu bilakatu zirelarik.
Euskal Herrian erromatarren garaian hasi eta gutxi gorabehera aurreko mendera arte luzatzen den bigarren aldian, hezeguneetako zenbait baliabideren ustiapena ekoizpen-helburuekin ikusten hastearen ondorioz, gizakia hezeguneak eraldatzen hasi zen. Aipatu beharra dago, ordea, lehenengo eraldaketa hauek hezeguneetako funtzionamenduaren alderdi zehatz bat edo batzuk bultzatzeko asmoz burutu zirela, baina ez zuten inolaz ere, hezeguneetako prozesu edo fisionomiaren aldakuntza nabarmenik eragin. Honek, hezeguneetan nolabaiteko eragina bazuen ere, egungo garapen jasangarriaren harian, eredugarria den gizakiaren jarduera eta naturaren arteko elkarrekintza orekatsua erakusten zuen. Harreman-mota honen adibiderik esanguratsuenak hauek izango lirateke: hezegune eta ibai gazietan eraikitako gatzagak, arroz-soroak, beira eta xaboia egiteko erabiltzen zen sosa (sodio karbonatoa) eta potasa (potasio karbonatoa) lortzeko beiraki-belarrak (Salsola sp.) ustiatzea, ganadurako bazka gisa erabiltzea, saskigintzarako edo eraikuntzarako erabiltzen ziren zingira-landareak biltzea, pezo eta adreiluak egiteko lokatza erauztea, osasun-bainuak...
Zenbait tokitan lehenago hasi bazen ere, joan den mendetik ia orain arte luzatzen den hirugarren aldian, gizakia eta hezeguneen arteko harremanaren ezaugarria hezeguneak suntsitzeko gizakiak erakutsi duen jarrera izan dela inongo beldurrik gabe esan daiteke. Aldi honetan hezeguneetako baliabideen ustiapen jasangarria, hezeguneak sistema sinpleago bihurtu dituzten drainatze, lehorketa eta betelanez ordezkatu da. Aldi honetan, gizakiak hezeguneek okupatzen dituzten lurrak nekazaritzan erabiltzea nahiago izan du hauen ekoizpen naturala ustiatzea baino.
Azken joera honek maila ikaragarria izan du XX. mendean eta, batez ere, berrogeita hamargarren hamarkadatik aurrera; izan ere, nekazaritzarako makineria erabiltzeak eta bitarteko tekniko indartsuak agertzeak, ordura arte ongi mantenduriko hezegune-eremu zabalak lehortzea eragin baitute. Kasu gehienetan gainera, administrazioak berak bultzatutako edo diruz lagundutako ekimenak izan dira, orain gutxi arte endemikoa zen paludismoa hezeguneekin erlazionatuta egoteak hezeguneen aurkako benetako guda eragin baitzuen. Adibide gisa, 1919. urtean Espainiako Estatuan onartu eta 1985. urtea arte indarrean egon den Cambó Legea aipa daiteke. Lege honen bidez, administrazio publikoek dirulaguntzak eta pizgarriak eskaintzen zituzten aintzirak, urmaelak eta oro har hezeguneak lehortzeagatik. Antzeko neurriak bultzatzen zituzten 1939. urteko Ureztatze-eremu Zabalen Kolonizaziorako Legeak edo 1973. urteko Nekazaritzaren Erreforma eta Garapenerako Legeak.
Zoritxarrez, azken hamarkadetan teknologiak izan duen garapenaren ondorioak ez dira hezeguneak labore-lur bilakatzera mugatu. Hainbat kasutan hezeguneetan buruturiko eraldaketak askoz ere larriagoak izan dira. Fenomeno hau nabarmenagoa izan da kostaldeko hezeguneetan. Hauetako askotan, industrializazio eta hazkunde demografikoaren ondoriozko lur premiak paduretako eremu lau eta zabalak drainatuz eta lehortuz ase dira. Ildo honetan aipatzekoa da azken urteotan gure kostaldean turismoak izandako hazkundeak ekosistema hauengan izan duen eragina ere, azken muturreraino eraman diren urbanizazio eta azpiegiturek (aparkaleku, kanpin, kirol-kai eta abarren) gure hondartzetako duna gehienak suntsitzeaz gain, duela gutxi arte mantenduriko hainbat padura txiki eta ertain lehortzea eragin baitute.
Honek guztiak gainera, mota desberdinetako isurketak ugalarazi ditu eta, beraz, hainbat eta hainbat hezeguneren ura poluitu egin da. Nekazaritzako eskualdeetan poluzioa sail ureztatuetan erabiltzen diren pestizida eta ongarriek sortu badute ere, hirien inguruetako hezeguneetan industri eta hiri-isurketak dira poluzioaren eragile nagusi.
Gizakia eta hezeguneen arteko harremanaren aldi honetan hezeguneek pairatu dituzten beste eraso aipagarriak hauek dira: ureztatze-sailak ugalduta hainbat akuifero ahitzeagatik zenbait hezeguneren lehortzea edo ur-azaleraren murriztea; kanpotik ekarritako hainbat animalia- zein landare-espezie sartzeak bertako fauna eta floran izan duen eragin kaltegarria; hezeguneen gainean eraikitako azpiegiturak (errepideak, trenbideak, elektrizitate-sareak...); baliabide naturalak gehiegi ustiatzea, zabortegimodura erabiltzea edo hezeguneen gainean eraikitako urtegi eta ureztatze-urmaelak.
Hala ere, azken urte hauetan dinamika suntsitzaile honetan zerbait aldatzen ari dela dirudi. Hezeguneen balio natural eta ekologiko handia nabarmendu dituzten ikerketen ondorioz, hainbat talde ekologista eta naturzalerentzat hezeguneak zaintzea helburu nagusi bilakatu da. Talde hauek hezeguneen balioa ezagutzera emateko burututako dibulgazio-lanari esker mentalitate suntsitzailea emeki-emeki aldatzen joan den bitartean, oraindik hain ugari diren hezeguneen aurkako erasoengatik burututako salaketa-lana eta presio-neurri desberdinen bidez, administrazio eta politikoen aldetik hezeguneak babesteko eta zenbait kasutan berreskuratzeko hainbat lege eta egitasmo martxan jartzea lortu dute.
Beraz, gizakia eta hezeguneen arteko harremanaren laugarren aldiaren hasieran gaudela esan daiteke. Hasieran diogu, hezeguneak suntsitzea helburu zuten mentalitate eta jarrera poliki-poliki aldatzen ari badira ere, gaur egun hezeguneen aurkako erasoak oraindik eguneroko kontua baitira. Egoera kontrajarri honen adibide esanguratsua dugu gure kostaldeko hezeguneekin gertatzen ari dena. Urdaibai edo Txingudi bezalako itsasadarretako hezeguneak babestu eta berreskuratzeko hainbat egitasmo eta lege onartu eta martxan jartzen ari den bitartean, balio ekologiko eta natural handia baino ospe gutxiago duten Urola, Urumea edo Atturriko itsasadarretan padura-eremu zabalak kupidarik gabe suntsitu dituzte; neurri hauek justifikatzeko egun nekez uler daitezkeen betiko argudio zentzugabeak entzun behar izan ditugu.
Honek argi erakusten digu orain arte egindako lana, garrantzitsua izan arren, ez dela nahikoa eta, beraz, hurrengo belaunaldiek gure ondare naturalaren zati baliotsu hau ezagutzea nahi badugu, behar-beharrezkoa dela sentsibilizazio- eta salaketa-lanei jarraipena ematea.
Etorkizunari begira, gizakia eta hezeguneen arteko harremana ekosistema baliotsu hauen babespen eta kontserbazioa bermatuko lituzkeen lurralde-antolamenduan oinarritu beharko litzateke. Horretarako nahitaezkoa da hezeguneetan gertatzen diren prozesuez ikuspegi zabal eta integratua edukitzea, orain arte, sarritan, hezeguneen babesa ornitologia-aberastasunarekin soilik lotuta planteatu baita, hegazti-komunitate joriak ostatatzen ez dituzten hainbat hezegune-mota interesgarri eta baliotsu babes-politiketatik kanpo gelditu direlarik. Gure ustez, hezeguneak behar bezala babesteko hurrengo neurriak beharrezkoak izango lirateke:
- Lehenbizi, jatorri eta funtzionamenduaren araberako hezegune-mota desberdinak sailkatu eta aztertu egin beharko lirateke.
- Babestutako ingurune-sistemaren bidez, hezegune-mota guztiak babestea ziurtatu beharko litzateke.
- Berreskuratze-lanak burutu behar diren kasuetan, hegaztiak ziurtatzea baino gehiago hezegune-mota bakoitzaren funtzionamenduari lotutako prozesuak mantentzea bermatu beharko litzateke.
- Azken puntu honekin lotuta, babesa eta kontserbazioa ez lirateke espezie zehatz batzuk babestera bideratu behar, inguru fisiko eta biologikoarekin lotzen duen erlazioen sistema babestera baizik.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia