}

Eraztunaren indarra, III. Tesien Sariaren irabazlea

2005/07/01 Andonegi Beristain, Garazi - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Eraztunaren indar ezkutua lanak irabazi du III. Tesien Saria. Bigarren sailkatua Altzairuen mikroegitura karakterizatzeko teknika magnetiko berriak izenburudun tesia izan da.

Plastikoen propietateak aztertu ditu
Silvia Arrese-Igor EHUko doktoreak Eraztunaren indar ezkutua tesian, fenilo eraztunak (C 6 H 5 ) dituzten plastikoenak bereziki. Eraztun horiek plastikoaren oinarrizko katearen inguruan biratu eta oszilatu egiten dute. Eta, gainera, inguruko molekulek mugimendu horiek sustatu edo murriztu ditzakete. Hala, mugimendu horiek plastikoaren propietate mekanikoetan eragiten dutela ikusi du ikertzaileak. Horregatik, eraztunen indar ezkutua agerian jarri du.

Ane Martinez de Gere uren lanak, berriz, altzairuaren mikroegituraren ezaugarriak izan ditu aztergai. Altzairuaren barne-egitura aztertzeko teknika magnetiko berriak proposatzen ditu TECNUNeko ikertzaileak bere tesian. Alde batetik, teknika horiekin altzairuen deformazio plastikoak neur daitezke, eta, bestetik, ekoizpeneko hainbat prozesutan altzairuaren mikroegitura nola aldatzen den ikusteko parametroak lortu ditu.

Bi lan horiek egin dute, hain zuzen ere, tesia dibulgatzeko ahaleginik handiena. Gaien konplexutasuna kontuan izanda, edonork ulertzeko eran idazteko ahalegina nabarmendu dute epaimahaikideek. Horrez gain, terminologia azaltzea eta egoki erabiltzea, idazkeraren samurtasuna, tesiaren muina ondo azalduta egotea eta euskaraz egindako dibulgazio-ahalegina baloratu dituzte, batez ere. Hala ere, termino edo kontzeptuak jakintzat emateko joera ikusi du epaimahaiak aurkeztutako lanetan.

17 lan guztira

Guztira 17 lan aurkeztu dira III. Tesien Sarira. Horietatik 9 Nafarroako Unibertsitate Publikokoak izan dira, 7 EHUkoak eta bakar bat Nafarroako Unibertsitatekoa. Lan horrexek irabazi du bigarren saria. Guztiak 2004an aurkeztu ziren.

Askotariko gaiak jorratu dira, besteak beste, informatika, nekazaritza, geologia, matematika, estatistika, fisika eta medikuntza. Hizkuntzei dagokienez, 4 laburpenek euskara izan dute hizkuntza nagusitzat, 12k gaztelania eta batek ingelesa.

Silvia Arrese-Igorrek ordenagailu eramangarri bat eskuratu du, SISTEK Informatica y Sistemas etxearen laguntzari esker. Bigarren sari gisara, landetxe batean asteburua igarotzeko aukera izango du Ane Martinez de Gere uk, NEKATUR landa-turismoko elkartearen eskutik.

Saritutako lan horiek eta parte hartu duten gainerakoenak Interneten daude ikusgai www.basqueresearch.com web gunean.