Elhuyar zientziaren komunikazioa

Energia eolikoa

1998/07/01 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Berez da haizea astintzailea. Handik, hortik edo hemendik datorrela edo doala, ez da geldirik egongo. Motel antzean edo bortizki beti mugimenduan da. Sua bizitzeko edo musika sortzeko hauspoak, ur-gainean edo lainoen gainetik bidaiatzeko itsasontziak eta globoak, artaleak xehetuz Cervantesek erraldoi bihurtu zituen haize-errotak… hutsaren hurrengoa lirateke haizerik ez balitz. Haizea betiko jiran ibili den bitartean, gizakiak aurrera egin eta haizearen indarra elektrizitate bihurtzeaz gain, indar hori gordetzeko sistemak garatu ditu. Oraindik ikusgarri iruditzen zaigu, baina martxa honetan arrunt bihurtuko da tontorrean aerosorgailua duen mendi-muinoaren irudia. Horrelakorik gertatzen den edo ez ikusi baino lehen sekula baino astintzaileago gertatu da haizea, batzuen aldeko eta besteen kontrako jarreren ondorioz indar-neurketa sortu delako, iparra-hegoa edo ekia-mendebala parez pare jarrita legez. Energiarako Euskal Erakundeko partaidea da Javier Marqués laudiotarra. Injineru honek, energia berriztagarrien gaineko zuzeneko ardura du aipatu erakundean. Energia berriztagarrien arlo horrek orain gutxi aurkeztu du Euskal Autonomia Erkidegoan lau parke eoliko eraikitzeko proiektua.

“Ezinbestekoa da energia berriztagarriak garatzea½

Hitz bitan, zeintzuk dira Euskal Autonomia Erkidegoko energia eolikoaren planeko ardatz nagusiak?

Plana oraindik tramitean dago. Euskal Autonomia Erkidegoko Antolamendu Araudian eta Euskadi 2005-3E 2005- Energia Estrategian oinarritzen da. 2005. urterako energia eolikoaren bidez 175 megawatt instalatzea aurreikusten du aipatu planak. Helburua parke eolikoak non jarri aukeratzea litzateke, noski, beti ere ingurugiroan izan dezakeen eragina kontuan hartuta.

Parke eoliko bat eraikitzeko zein urrats egin behar da?

Ugari dira; besteak beste, aipatzeko modukoak honako hauek: lurraren jabeen baimena, Ingurugiro Eraginaren Deklarazioa, Plan Berezi edo Arlorako Lurralde Plana onartzea, Instalazioko baimen Administratiboa (aerosorgailuak, azpiestazioa, linea elektrikoa…), Ejekuzio-baimena, Ekintza-baimena, Eraikitzeko baimena…. Labur esanda, tramite horiek guztiek parke eolikoa eraikitakoan ingurugiroa guztiz errespetatzen dela bermatzen dute, eta gune babestuen gaineko araudia, flora eta fauna babestekoa, mendiena, ondare historikoa babesteko araudia, poluzio akustikoari buruzkoa… betetzen dela.

Tramite ugari. Horien ondorioz atzeratzen dira proiektuak?

Autonomia Erkidegoan ekimen berria da; ondorioz, erakunde guztiek, badaezpada, neurri guztiak betetzen dituzte, proiektuak baldintza onenetan gauza daitezen. Lehena egiten denean ondorengoen tramitazioa errazagoa izango dela pentsa genezake. Tramitazioan erakunde askok eta erakunde bakoitzeko sail askok hartzen dute parte. Horregatik paperen kontua luzatu egiten da.

Parkea toki batean edo bestean jartzeko, zer hartzen da kontuan?

Hasteko, haizea bera, nahikoa eta egokia izatea energia aprobetxatzeko. Gainera, tokiak parke eolikoa kokatzeko beharrezko ingurugiro- eta hirigintza-baldintzak bete behar ditu. Baldintza horiek betetzen diren edo ez jakiteko Ingurugiro Eraginaren azterketa erabiltzen da.

Erabaki baino lehen, hitz egiten da udalerriekin?

Jakina. Egin beharreko edozein lanek, haizea neurtzeko dorre bat jartzeak adibidez, udal-baimena eskatzen du. Horregatik, hasiera-hasieratik udalekiko harremana etenik gabekoa izaten da.

Zein dira haizearen bidez lortzen den energiaren alderik onenak?

Ingurunearekin zerikusia daukatenak. Era berean, sozioekonomikoak ere badira (enplegua sortzea…), energetikoak (auto-hornikuntza…) eta ekonomikoak (diru-sarrerak udalentzat eta aldundientzat…).

Eta energia horren alde negatiboak?

Negatibo bakarra paisajeari eragiten dion aldaketa da. Nafarroako esperientziak dioenez, balizko beste kalte batzuk, zarata eta hegaztiekiko eragina esaterako, ez daude. Horretaz gain, herritarren artean egindako inkesten arabera, jende askok dio parke eolikoek ez dutela paisajean eragin txarrik, eta balituzte, energia eolikoaren aldetik datozen onurek egoera parekatu egiten dutela.

Euskal Autonomia Erkidegoko Energia Eolikoaren Plana idatzi eta gero, hainbat erakunde eta elkartetara bidali da, zuzenketak eta iradokizunak egin ditzaten. Zer gertatuko da hortik irtengo diren proposamenekin?

Dauden proposamenak aztertu eta sar daitezkeen aldaketak sartuko direlakoan nago.

Zergatik energia eolikoaren aldeko urratsa?

Ez nuke bakarrik energia eolikoaz hitz egingo, energia berriztagarriez baizik. Era horretako energiak garatzea ezinbestekoa da Europako Batasunean ingurugiroari dagokionez hartutako konpromisoak betetzeko, CO2 gutxitzea batez ere. Ikatza, petrolioa eta antzeko erregai fosilak erabiltzen dituzten zentral termikoak dira berotegi-efektuaren eragile nagusiak. Horren aurka, energia aurrezteaz gain, poluitzen duten energiak energia garbiez ordezkatu behar dira, berriztagarriez kasu.

Europan 2010. urterako energia berriztagarria % 6tik % 12ra bitartekoa izateko helburua jarri da.

Garaiarekin zerikusia duten erakunde denek, badaezpada neurri denak betetzen dituzte, proiektuak baldintza onenetan gauza daitezen.
B. Kortabarria

Mendi-gailurretan ikusten diren aerosorgailuez gain, bada haizearen indarra aprobetxatzeko beste sistemarik ere, inbertsio txikiagoa eta paisajean eragin txikiagoa duena. Zergatik ez dira horrelako sistemak bultzatzen?

Aerosorgailuak bi motakoak dira: ardatz bertikalekoak, hiru besokoak gehienbat; eta ardatz horizontalekoak. Munduan lehenak garatu dira gehien, arlo guztietan, baina horrek ez du esan nahi etorkizunean gaur egungo hiru besokoen ordezko ezer garatuko ez denik. Euskal Herrian bada Eusko Jaurlaritzaren laguntza jasotzen duen Enerlim izeneko enpresa, aerosorgailu-sistema berria garatzen ari dena. Garapen-faserako eta proiektua errealitate bihurtzeko faserako ere, dirulaguntza jaso du enpresa horrek. Horrez gain, bada beste proiektu-mota bat ere, toki isolatuetara energia eramatekoa eta gure aldetik dirulaguntza jasotzen duena.

Energia eolikoa hain onuragarria bada, zergatik ez da erabat erabiltzen?

Beno, energia eolikoa ez da behar bezala garatu duela gutxira arte. 1996tik 1997. urtera arte munduan instalatutako potentzia eolikoa 6.000 MWetik 7.250 MWera pasatu da; Europan 2010. urterako 40.000 MW instalatu nahi dira.

Prentsatik ateratako kritikekin zerikusia duten galderak ondoren. Zuk esan omen zenuen ekologista-talde guztiak ados zeudela 2005 Energia Planarekin. Eguzkik gezurtatu egin zuen hori. Zerbait esateko?

Ez dut uste horrelakorik esan dudanik, ezta Euskal Autonomia Erkidegoko energia eolikoaren planaz ere, oraindik tramitazioan dagoenez horrelakorik ez dagoelako.

Eguzkik, hiru baldintza jarri zituen planaren alde jartzeko: 1) Benetan alternatiboa izatea. 2) Energia publikoa izatea. 3) Deszentralizatua izatea.

Lehen baldintzari dagokionez, eolikoa beti da alternatiboa, energia berriztagarria den aldetik sarera sarbidea beti bermatzen zaiolako. Zentral termikoetatik sortzen den elektrizitatearekin ez da hori gertatzen, eskaeraren arabera berriztagarrietatik datorrena osatzeko beharrezko dena sortuko dute eta. Beraz, argi dago instalazio eolikoetan ateratzen dena ez dela zentral termikoetan aterako; ondorioz, eolikoa alternatiba da.

Publikotasuna dela eta, Eolicas de Euskadi enpresa % 50 diru publikoz osatutako enpresa da; horri bertatik sortzen diren zergak gehitzen bazaizkio (BEZ, sozietateena, jarduera ekonomikoak…), irabazien % 75etik gora diru publikora doala pentsa daiteke.

Ezin dugu ahaztu horrelako energien aldeko apustuak gero eta merkatu elektriko zabalduagoaren baldintzetara egokitzea eskatzen duela.
B. Kortabarria

Deszentralizazioaz… beno energia berriztagarriak berez dira deszentralizatuak. Legez, Araudi Berezi batean daude, zentral termiko eta nuklearren legeetatik kanpo. Adibidez, Santurtziko zentral termikoak 900 MW dauzka, eta Elgeako proiektuak 24 MW, ia 40 aldiz gutxiago. Energia ekoizteaz hitz egingo bagenu, parkearena 100 aldiz txikiagoa dela esan beharko genuke, haizea dabilenean bakarrik zerbait ateratzen delako.

Ondorioz, uste dut deszentralizazio garrantzitsua lortzen ari garela; aldi berean, galera elektrikoei aurre egiten gabiltza, indarraren sortze-lekua eta kontsumo-lekua gerturatzen baititugu. Hori da garrantzitsuena, energiak ordezkatzen hasi baino lehen daukaguna aurrezten hastea.

Parke eolikoak zabaldu eta gainerako energi-iturriak ixten ez badira, gutxituko da CO2-ren emisioa?

Energia eolikoa sare-elektrikora sartzea bermatuta dago, zentral termikoetatik datorrenarena ez bezala. Dagoen eskaeraren arabera, azken horiek osagarri-lana egin beharko lukete. Beraz, instalazio eolikoetan egiten dena ez da zentral termikoetan egingo; ondorioz egiten denaren araberako CO2 gutxiago sortuko da.

Beste kontu bat litzateke non sortzen den gas gutxiago. Euskal Autonomia Erkidegoan erabiltzen den energiaren % 20a besterik ez da bertan lortzen, eta hemengo parke eolikoetan ekoizten dena ez da kanpoko zentral termikoetan ekoiztuko (Asturias, Teruel…), eta han murriztu egingo da gas poluitzaileen emisioa. Ingurugiroarena ez da herrialde edo eskualde bateko arazoa, planeta osokoa baizik; gutariko bakoitzak, ahal dugun neurrian, lagundu egin beharko genuke. Horrela pentsatuko ez bagenu, kanpotik ekarriko genuke behar dugun energia guztia, baina hori ez da bidezkoa.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia