}

Elhuyar Fundazioak eta DIPCk bideo amateurren ON ZIENTZIA lehiaketa jarri dute abian, bigarrenez

2011/06/15 Elhuyar Zientzia

Elhuyar Fundazioak eta Donostia International Physics Center-ek (DIPC) antolatuta, gaur eman zaio hasiera zientziaren eta teknologiaren dibulgaziorako bideo amateurren II. ON ZIENTZIA lehiaketari. Lehiaketa hau Teknopolis telebista-saioaren barruan antolatua da, eta bideorik onenak telebista-saio horretan ikusteko aukera izango da. Sari hauek jasoko dituzte lehenengo hiru sailkatuek: 3.000 € lehenengo sailkatuak, 2.000 € bigarrenak eta 1.000 € hirugarrenak.

Edonork har dezake parte lehiaketa honetan, eta bideoen gaia librea da: norberaren edo besteren ikerketak, eztabaidak, zientziaren mugarriak, oinarrizko kontzeptuak, pertsonaia historikoak, etorkizuneko edo iraganeko zientzia, bitxikeriak… Bideoek gehienez 5 minutuko iraupena izango dute, eta euskaraz, gaztelaniaz edo ingelesez aurkeztu ahal izango dira.

Epaimahaia zientziaren, teknologiaren, komunikazioaren eta zinemaren munduko bost lagunek osatuko dute. Lehiaketaren oinarriak, izena emateko orria eta aurreko urteko bideoak www.onzientzia.tv webgunean daude ikusgai.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia