}

Eguzkia uste genuena baino beroagoa zen sorreran

2001/09/18 Elhuyar Zientzia


Badakigu Eguzkia, milioi bat urteko adina besterik ez zuenean, gaur baino distiratsuagoa zela. Hori ez da berria. Baina azkeneko ikerketen emaitzetan oinarrituta, Eguzki gaztea pentsatzen zutena baino beroagoa eta distiratsuagoa zela ziurtatu du zientzialari-talde batek. Emaitza horrek astronomian aldaketa garrantzitsuak sortaraz ditzake, zientzialariek izar gazteak datatzeko erabiltzen duten modua alda baitezake.

Garai hartan, Eguzkia protoizarra zen eta izarrek berezkoa duten hidrogenoaren fusio nuklearra hastear zegoen artean. Dena dela, Alemanian dagoen Max Planck Institute of Extraterrestrial Physics-eko Günther Wuchterl ikerlariak eta bere lankideek ikusi dutenaren arabera, izarra eratzen ari zenean izan zen gas-uzkurdurak, orain Eguzkian gertatzen ari den fusioak baino energia gehiago igorriko zukeen. Ez da harritzekoa, beraz, protoizar horrek oraingo Eguzkiak baino izpi distiratsuagoak igortzea.

Astronomoek izar gazteen adina eta masa bere azaleko tenperatura- eta argitasun datuetatik abiatuta ondorioztatzen dute, protoizar gazteak denboraz ahuldu egiten direla onartuta. Orain indarrean dauden eboluzio-ereduen arabera, Eguzki gazteak oraingo argitasuna halako bi baino ez zuen izango. Baina Wuchterl-ek egindago ordenagailu simulazio berriek protoeguzkia oraingoa baino lau aldiz distiratsuagoa eta bere azala 500 gradu beroagoa zela diote. Hori dela eta, protoizarrak orain indarrean dauden ereduek iragartzen dutena baino distiratsuagoak badira, beren adina orain arte uste zena baino handiagoa izan daitekeela adierazi du ikerlariak.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia