Cassini 1997-2017
2017/09/01 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
“Esplorazio espazialean izan den misiorik arrakastatsuena izan dela esatea gehiegi da agian, baina arrakastatsuenetako bat, bada”, dio Agustín Sánchez Lavega EHUko Planeta Zientzien Taldeko zuzendariak. “Cassinik hogei urte eman ditu lanean; Huygens Titanera jaisteko gai izan zen, inoiz urrunen egin den lur hartzea, eta Saturnoren sistema osoari buruz erakusten ari den guztia izugarria da. Zalantzarik gabe, sekulako arrakasta izan da”.
Sanchez Lavegak gogoratzen du itxaropen handiak zituztela 1997an Cassini-Huygens jaurti zutenean. “Ikusmira handia genuen, adibidez, Titanekin. Izan ere, Voyager-ek erakutsi zuten lanbro laranja trinko batek estaltzen zuela, eta gauza asko egon zitezkeen lanbro haren azpian. Cassinik Saturnon egingo zuenaz ere gauza handiak espero ziren, eta nire ustez, itxaropen guztiak bete dira”.
Une zirraragarrienetako bat 2005eko urtarrilean Cassinik Huygens askatu eta hark Titanen lur hartu zuenekoa izan zen. Ongi gogoan du Sánchez Lavegak. ESAko Eguzki Sistemaren Esploraziorako Batzorde Aholkulariko kidea zen garai hartan, eta hain justu, batzordea bilduta zegoen Parisen. “Huygensek Titanen lur hartu zuela jakinarazi ziguten, eta hark jaitsieran hartutako irudiekin egindako bideoa erakutsi ziguten. Lanbroa nola zeharkatzen zuen ikusi genuen, hasieran ez zen ezer ikusten, eta bat-batean, paisaia haiek ikusten hasi ginen. Lehen mundu gerran hegazkinetatik hartutako irudiak ziruditen. Jaisten eta jaisten zioan, eta, azkenean, lanpararen argiaren flasha ikusi genuen, lurra jo zuenean. Batzorde osoa saltoka. Benetan gogoangarria izan zen Parisko batzar hura”.
AEBko, Europako eta Italiako espazio-agentziek (NASA, ESA eta ASI) lankidetzan egindako misioa izan da Cassini-Huygens. Saturnora iristeko, bi aldiz pasa zen Artizarraren ondotik haren grabitazio-laguntzaz baliatzeko, behin Lurretik eta beste behin Jupiterretik. Saturnora hurbiltzen ari zela, haren bi ilargi berri aurkitu zituen, Metone eta Palene. Azken txanpa, berriz, Saturnoren beste ilargi batean hartu zuen, Feben. Eta 2004ko uztailaren 4ean sartu zen Saturnoren orbitan. “Bidaia bera ez zen erraza, eta are gutxiago Saturnoren orbitan sartzea”, azaltzen du Sánchez Lavegak. “Gerora egin dituen orbita berezi guztien periploa ere azpimarragarria da, egiten ari den azken orbitak barne. Astrodinamikaren aldetik miresgarria izan da”.
Eta teknologikoki, beste hainbeste. “Kontu izan 90eko hamarkadako tresneria dela. Tresna guztiek primeran funtzionatu dute, eta lortu diren datu guztiak aztertzeko, urte asko ez, mordo bat beharko dira. Askorako emango du oraindik. Beraz, benetan emankorra izan da misioa”.
Saturno gertutik
Inoiz ez zen ezer Saturnotik hain gertu egon, eta hasieratik hasi zen irudi ikusgarriak bidaltzen. Horrela jarraitu du 13 urtez, Saturnoren eta haren ilargien inguruan biraka, irudi ikusgarriak eskaintzen, eta aurkikuntza harrigarriak egiten.
Saturnon tximistak, ekaitz erraldoiak, eta korronte exotikoak ikusi ditu. 1980an Voyager misioan aurkitutako Ipar poloko hexagonoak han jarraitzen zuela ere erakutsi zuen Cassinik, eta gertutik aztertzeko aukera eman du. Hexagono-formako korronte bat da, baina inork ez daki zergatik duen forma hori. “Saturnoren misterio handietako bat da” dio Sanchez Lavegak. “Gasezko erraldoi honetan [Lurra baino 700 aldiz handiagoa da Saturno], eguzki-sistemako gainerako planetetan ez bezalako egitura meteorologikoak ikusi ditugu: hexagonoa, poloetako zurrunbilo izugarriak, ekuatoreko haize bortitzak, eta 2010eko ekaitz erraldoia”.
Horiek guztiak zuzenean ikertu ditu Sanchez Lavegaren taldeak. Esaterako, ekaitz ekuatorial batzuk aztertu dituzte ekuatoreko haizeak ikertzeko. “Sekulako haizeak daude ekuatorean, 1.800 km/h-koak. Lurrean, urakan bortitzenek 300 km/h izaten dituzte, pentsa”. Eta Sánchez Lavegarentzat bereziki garrantzitsua izan zen 2010eko ekaitz erraldoiaren ikerketa, Nature aldizkariaren azalean argitaratu zena. 28-30 urtez behin, Orban Zuri Handia izenez ezagutzen den ekaitz erraldoi bat gertatzen da Saturnon. Azken hau, ordea, espero baino bederatzi urte lehenago iritsi zen, 2010ean. “Sekulako zortea izan dugu, ekaitza Cassini Saturnon zegoen bitartean lehertu izana. Planeta osoari buelta eman zion ekaitzak”.
Kontuan hartzekoa da Saturnoren urtearen ia erdia eman duela Cassinik han. Izan ere, 29 urte inguru irauten du Saturnoren urteak. Eta han ere lau urtaro daude, 7 bat urtekoa bakoitza. Neguan iritsi zen Cassini, eta udaren hasieraraino egon da. “Hori garrantzitsua da, urtaroekin gertatzen diren aldaketak ikertzeko aukera ematen baitu” azaldu du Sánchez Lavegak.
Eraztunak eta ilargiak
Saturnoren hain bereizgarriak diren eraztunak ere askoz hobeto ezagutzen ditugu Cassiniri esker. “Ikusi dugu sistema bizi bat dela, ilargien eta eraztunen artean elkarrekintzak daudela” azaldu du Sánchez Lavegak. Esaterako, Cassinik erakutsi du Entzelado ilargitik ateratzen den ur-izotzez osatua dagoela E eraztuna. Beste ilargi batzuek, berriz, eraztunetako materiala lapurtzen dute, edo uhinak eragiten dituzte eraztunetan.
Saturnoren ekinokzioa une garrantzitsua izan zen, Eguzkiak eraztunen ertzean jotzen baitu, justu. Orduan, sorpresa bat eman zuen Cassinik: eraztunak osatzen dituzten partikuletako batzuk mendiak bezain handiak ziren. Beste partikula batzuk, berriz, hondar-aleen tamainakoak dira.
Cassiniri eta Huygensi esker ezagutu ditugu Titanen ezaugarri bitxiak ere. Saturnoren ilargi handiena da Titan, Merkurioren tamainakoa, gutxi gorabehera. Cassinik eta Huygensek erakutsi dute lanbro laranja horren atzean Lurrekoaren oso antzeko paisaia bat dagoela. Dunak, lakuak eta ibaiak daude, baita euria ere. Dunak hidrokarburoz estalitako ur-izotzezkoak direla uste dute, eta lakuak, ibaiak eta euria, berriz metanozkoak. “Aparta da; Lurrarekin batera, ezagutzen dugun kasu bakarra da gainazalean metaketa likidoak dituena”, zehaztu du Sánchez Lavegak.
Horrez gain, Cassinik eta Huygensek egindako neurketa batzuek iradokitzen dute gainazalaren azpian ozeano likido bat egon litekeela, urez eta amoniakoz osatua. “Gainazalean badirudi izotz-sumendiak ere badaudela. Eta lanbro organikozko geruzak. Hango kimika organikoa apartekoa da. Oso mundu hotza den arren, oso kimika aberatsa du, baita ikuspuntu prebiotikotik ere”, gehitu du Sánchez Lavegak.
Eta Titan aparta bada, ez da gutxiago Entzelado. “Sekulako aurkikuntza izan da”, Sánchez Lavegaren ustez. Cassiniren magnetometroak han neurtu zuenak ikertzaileen arreta piztu zuen: Entzeladon zerbaitek Saturnoren eremu magnetikoaren aurka egiten zuen. Horrek esan nahi zuen agian gasak igortzen zituela Entzeladok. Argi ikusi zuten ilargi txiki hori gertutik ikertu beharra zegoela.
Guztira 23 aldiz izan da Cassini Entzeladoren inguruan. Ilargi txikia da, 500 kilometro inguruko diametroa du, baina sorpresa handiak eman ditu. Lehenengo sorpresa oso gainazal gaztea eta konplexua duela ikustea izan zen. Eta berehala etorri zen bigarrena: ur-lurrunezko laino bat Hego poloan. Ikusi zuten gainazaleko arrakaletatik geiser batzuen bidez ur-lurruna eta izotza jaurtitzen dituela espaziora. Kanporatzen den izotz horren zati batek osatzen du Saturnoren E eraztuna, eta gainerakoa Entzeladoren gainazalera erortzen da. Hain zuzen ere, izotzez erabat estalita dago Entzelado, eta horren ondorioz eguzki-sistemako gorputz distiratsuena da. Bada, izotz hori ilargiaren barrutik datorrela erakutsi zuen Cassinik.
Izan ere, hainbat neurketek iradoki dute ur gazizko itsaso bat duela Entzeladok, gainazalaren azpian. Eta itsaso horretako ura da Hego poloko geiserretatik ateratzen dena. Cassinik zuzenean aztertu ahal izan zuen geiserretatik ateratzen den materiala eta ur-lurrunaz eta izotzaz gain, gai organikoak ere aurkitu zituen, espero baino askoz dentsitate handiagoan. Eta badirudi itsaso horren ondoan iturri hidrotermalak ere egon litezkeela. “Zirraragarria da txikitxo honek halako barne-jarduera eta ozeano bat izatea, aukera astrobiologikoak dituena”. Izan ere, biziak ustez behar dituen osagai guztiak ditu: ur likidoa, beroa eta elikagaiak.
Amaiera handia
Hogei urteren ondoren, Cassiniri agortu zaio erregaia. Azken abenturarako adina gelditzen zitzaion. “Orain, The Grand Finale honetatik etorriko den guztiaren zain gaude”, dio Sánchez Lavegak.
Apirilaren 26an, lehenengoz Saturnoren eta eraztunen artetik pasa zen. Ez zekiten seguru eraztunen eta planeten artean zunda kaltetu zezaketen partikulak egon zitezkeen edo ez, eta badaezpada antena nagusia ezkutu-gisa jarrita abiatu zen. Arriskurik ez zegoela ikusitakoan zuzendu zuen berriz antena Lurrerantz, informazioa bidaltzen jarraitzeko. Geroztik astean orbita bat osatzen ari da, gutxi gorabehera. Hogeitabi egingo ditu, irailaren 15ean desagertu baino lehen.
“Hau amaierarako utzi beharra zegoen —azaldu du Sánchez Lavegak—, eraztunen barrutik pasatzea ez zelako erraza, eta ezin zen misioa arriskuan jarri lehenago. Baina arrakastaz gainditu du. Eta lehen egin ezin zituen gauzak egin ahal izango ditu”.
Besteak beste, eraztunen masa zehaztu ahal izango duela espero dute, orain arteko neurketetan ziurgabetasun handia baitago. “Eraztunen masatik eta lodieratik abiatuta, uste dugu eraztunen jatorria ere jakin ahal izango dela —gehitu du Sánchez Lavegak—: planetara gehiegi hurbiltzeagatik suntsitutako satelite batetatik ote datozen, edo planeta sortu zenean gelditu ziren hondarrak ote diren”. Aldi berean, eraztunen adina zehaztea ere espero dute.
“Planetatik gertu, zehaztasun handiz neurtu ahal izango du grabitate-eremua, eta horrela jakingo dugu nolakoa den Saturnoren barrualdea. Eta errotazioa, Saturnoren beste misterioetako bat”. Izan ere, oraindik ez dakigu zehazki zenbat irauten duen Saturnoren egunak. Hamaika ordu ingurukoa da, baina Cassini iritsi zenean neurtu zuen errotazioa Voyagerrek 25 urte lehenago neurtutakoa baino sei minutu motelagoa zen. Eta ondorengoko neurketen arabera, badirudi Cassini han egon den bitartean ere aldatu egin dela errotazio-abiadura. Fisikaren legeen arabera, ordea, oso zaila da hori horrela izatea. Cassinik misterio hori argitzen laguntzea espero dute.
Azkenik, Saturnoren barnealdea nolakoa den erakutsiko du Cassinik. “Lehenengo, benetan nukleo bat duen jakitea izango da kontua, eta nolakoa den. Gero, nukleoa inguratzen duten hidrogenozko geruzak nolakoak diren, ez baitugu ongi ezagutzen planeta hauen barruan dagoen presio handiko fisika. Eta nik uste dut lehenengoz jakingo dugula hidrogenoak nola jokatzen duen planetaren barruan. Eta, agian, planetak duen barne-beroaren jatorriari buruzko zantzuren bat antzematera ere irits gaitezke”.
“Misioa amaitzeko modurik onena da, balio zientifikoa izateko diseinatu zitekeen amaiera egokiena”. Izan ere, azken ordura arte jarraituko du Cassinik, antena lurrerantz zuzenduta, jasotzen duen informazio berri guztia bidaltzen, Saturnoren zeruan murgiltzen den bitartean. Kiskali arte.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia