}

Begiak bezalako kamera

2008/08/07 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

Goiko argazkiko kamerak giza begi baten tamaina du, giza begi baten itxura du, eta giza begi batek bezala funtzionatzen du. Illinoisko Unibertsitatean garatu dute, eta Nature aldizkariaren azkeneko zenbakian eman dute argitara. Nature-n bertan kontsultatutako hainbat adituren ustez, aurrerapauso ikusgarria da. Izan ere, optoelektronikaren arloan dihardutenek bazeramatzaten gutxienez hogei urte horrelako zerbait garatu nahian.

Kamerak, giza begiak bezalaxe, leiar makur bat baliatzen du irudia fokatzeko. Hain zuzen ere, okertzean puskatu eta hondatuko ez ziren fotohartzaileak -pixelak- garatzea zen erronka. Ohiko kamerek gainazal lauak dituzte, siliziozko ohiko egiturak hautsi egiten baitira makurtzean. Baina kamerek leiar makur baten bidez jasotzen dute irudia, eta, ondorioz, leiar gehigarriak behar izaten dituzte, iturburu makurretik fokatze-puntu laura gertatzen diren distortsioak zuzentzeko.

Erronka bide honetatik gainditu dute Illinoisko Unibertsitatean. Siliziozko pixelak metal-hari laburren bidez konektatu dituzte, eta horrela sortutako sarea polimerotan bildu dute (poliimida batean). Egitura hori kurbatu egiten da konprimitzean, eta egiturak berak xurgatzen du horrek eragindako tentsio mekanikoa. Horrenbestez, pixelak ez dira kaltetzen (argazkian, hondoan ikusten den hori da sarea).

Kamera sortzeko, egitura hori kupula-itxurako beste bati erantsi diote. Pixelak dituen sarea gai da hari arazorik gabe itsasteko. Kamera oso txukuna lortu dute: leiarra gainean, eta pixel-sarea hondoan. Bideo bat ere argitaratu dute, kamerak nola ikusten duen erakusteko.

Kameraren sortzaile John Rogersek uste du laborategitik aurrerako pausoak erraz emango dituela sistema honek; izan ere, dagoeneko erabiltzen den materiala eta teknologia ditu oinarri.

Argazkia eta bideoa: Beckman Institutua / Illinoisko Unibertsitatea

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia