}

Basoa erretzea kaltegarria al da?

1992/11/01 Susaeta, Tomasa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Goiko galdera hori inozoren batek edo piromanoren batek egina dela pentsatuko zenuen akaso. Urtero, eta batez ere uda oro, zenbat sute izaten den eta zelako kaltea egiten duten ikusita, gure mendien egoera larriaz jakinaren gainean egonda eta etengabe hedatzen ari den basamortutzeaz ohartuta, izenburuko galdera lekuz kanpokotzat jo behar da. Baina gure basoen gaur egungo egoera eskasa ez da beti horrelakoa izan eta, zorionez, munduko beste alde batzuetan hobea da. Basoak babestearren suteen aurka urtez urte borrokatu ondoren, asko ikasi da suari buruz. Eta ondorio batzuk benetan harrigarriak dira.
Mende honen hasieraz geroztik, sutearen kontra borrokatzeko zerbitzu ofizialak sortu ziren eta administrazioek, urte askotako kanpainen bidez, honako ideia hau finkatu zuten iritzi publikoan: sutea beti da kaltegarria . Beraz, ahalik azkarren itzali egin behar da. Baina ideia horri gure inguruan, Euskal Herrian eta, oro har, Europan, eutsi egiten zaion bitartean (eta badira horretarako arrazoiak, jakina), Iparramerikan aspaldi erlatibizatu zen eta suaren aurkako borrokan eta sutearen aurkako politikan kontzeptu berriak sartu ziren 1970.eko hamarkadan.

Izan ere, parke eta baso nazionalez arduratzen ziren erakundeek ordurarteko jokabidea eraberritu eta sua “botika” gisa erabiltzen hasi ziren, hau da, aldez aurretik ezarritako helburu ekologikoak lortzearren sutea erabili zen. Bi sute-mota bereizi ziren: sute naturala (nahi ez dena) eta aginduzko sutea (kontrolpekoa eta xederen bat erdiestearren gizakiak eragindakoa). Sute naturalak beti itzali beharrekoak ziren. Aginduzko suteak parke nazionaletan erabiltzen ziren, suak ekosisteman duen eginkizuna bete zezan. Azken hogei urteotan suari buruzko iritzia aldatuz doa. Sua ez da elementu suntsitzaile hutsa; ekologikoki onuragarria baizik. Sua non, noiz eta nola erabili, hortxe dago gakoa. Gaur egun, Kanada eta Estatu Batuetan, sute-politikak lau ingurutan banatzen du lurraldea suari dagokionez:

  1. Inguru populatua. Honetan, sutea gertatuz gero, ahalik eta lasterren itzaltzeko agindua dago.
  2. Inguru ez-populatua, baina nolabaiteko ondasunak (nekazal eremua, edo artelanen kokalekua, edo animalien babeslekua, etab.) dituena. Honetan ere sutea itzaltzeko agindua dago.
  3. Inguru ez-populatua eta ondasunik gabea, baina 1 edo 2. mailako inguruen ondoan dagoena. Sutea arreta handiz jagoten da eta 1 edo 2 inguruetara urreratzea galerazi egiten da.
  4. Inguru ez-populatua, ondasunik gabea eta 1 edo 2 inguruetatik urrun dagoena. Sutea, dena dela, ez da itzaltzen, ez mugatzen. Ikuskatu baino ez da egiten. Berez, hots, eguraldiak edo erliebeak, itzali arte iraungo du.

Euskal Herrian politika hori ezarriko balitz, 4. mailako ingururik ez genuke aurkituko eta 3.ekoak ere oso gutxi. Hala ere, Iparramerikan 4. mailako inguruaren hedadura ez da makala. Kontuan izan, Kanadan edo Alaskan adibidez, baso itzelak daudela, Euskal Herria baino handiagoak, eta askotan bertan ez dago bat ere herririk. Leku horietan naturak sortzen ditu suteak eta berak itzaltzen, gizakiaren eskuhartzerik gabe.

NOLA SORTZEN ETA GARATZEN DA SUTEA?

Suhiltzaileentzako gidaliburuetan triangelu bat marraztuta ageri ohi da. Alde bakoitza sua sortzeko behar den ezinbesteko osagaietako bat da: erregaia, oxigenoa eta tenperatur maila. Horietako bat kendu eta sua itzali egingo da. Hiruetakoren bat beste biei gehitu eta sua hasi egingo da.

Kontrolpeko su txikia, hala nola mendira egunpasa joanda txuleta erretzeko egin ohi den sua, oso fenomeno xumea da belardi eta basoak zeharkatzen dituen sutearen aldean. Kontrolpeko su txikia toki zedarrituan egiten da eta behar den heinean elikatzen da egurraz, txinpartak inguruko landareetara iritsi ez daitezen. Gainera, lur pixkat botatzea edo pala batez kolpe batzuk jotzea aski da sua amatatu eta azkar hoztu dadin. Kontrolpeko suak ez du bidaiatzen eta norbaitek, egurra botata, elikatzen duen artean baino ez du iraungo.

Zenbait landarek berehala kolonizatzen dute erretako lurraldea. Argazki honetan ikusten denez, eskuzuria ( Lupinus albus ) jori hazten da baso erreberrian.

Kontrolgabeko sutea oso bestelakoa da. Naturan, tximista da sute-eragile nagusia (Estatu Batuetako Mendi Harritsuetan, tximistek piztutako 79.131 sute erregistratu ziren 1940-75 bitartean, hau da, batezbeste 2.260 sute urteko). Alabaina, tximista-ekaitz guztiek ez dute suterik sortzen. Tximista-ekaitzik gogorrenak tropikoetan gertatzen dira, baina suterik apenas sorterazten duten. Tximistak tokiko landaretza eta eguraldiarekin baldintza jakinetan elkartu behar du sutea sortuko bada. Beste sute-eragile nagusia gizakia da, baina ez piromanoa bakarrik. Gizakiak, Historiaurrean hasita, sua tresna gisa xede askotarako erabili du eta gaur egun oraindik erabiltzen du. Gizakiak eragindako suteek paisaje eta ekosistemak historikoki nola eraldatu dituzten aztertzea eta ikustea oso interesgarria izango litzateke, baina luze joko liguke.

Sutea hasi ondoren, landaretzak, klimak eta lurraldeko erliebeak moldatuko dute haren jokabidea. Suteak, bere bidean, landare desberdinak (erregaia) eta eguraldi desberdina (oxigenoa eta tenperatur maila) aurkituko ditu. Belardi batera iritsita, airea lehorra bada, azkar erreko du, baina tenperatura txikiko sutea izango da. Belardi-sutea oso sentikorra da hezetasunarekiko. Adibidez, Arizonako basamortuan, airearen hezetasun erlatiboa % 20koa izatea aski da sutea gerarazteko.

Demagun sutea, belardia erretakoan, sastrakadira iritsi dela. Hemen, baldin landareak eta airea lehor badaude, sastrakadia gasolina-ontzia bailitzan erreko da; sastrakak izerdi asko eta oso koipetsua bait du. Koipe hori berotu eta gas suhargarriak jalgiko dira. Gas hauek nahikoa erraz piztu eta eztanda egin dezakete. Sastrakadiko sutearen intentsitatea (beroa) handiagotuta, haren gaineko airea ere beroagotu egingo da. Aire bero honek inguruko landareak lehortu eta berotu egingo ditu, suteari lagunduz.

Zoru malkartsuak lagundu egiten dio suteari maldan gora. Beroa mendi magalean metatu eta aire beroa gora abiatzen da, oraindik erre gabe dagoen landaredia berotu eta lehortuz. Goranzko haizeak zuziak garraia ditzake sutearen aurreko lerroaz haraindi eta sute berriak piztuko dira erortzen direneko tokiak aski idor badaude.

Alta, harrigarria bada ere, zura ez da bero-eroale ona. Landareak ez dira erabat erre ohi, sutearen garraldia oso luzea izan ezik. Horregatik, askotan arbolen kanpoaldea baino ez da erre ohi.


Suaren ekologia: oinarrizko hiru kontzeptu

Ponderosa pinuzko basoan suteak maiz izaten dira, baina arbola gehienek bizirik irauten dute. Suteak landare lehiakideak murriztu egiten ditu. Beraz, horrelako basoetan suteak galeraztea kaltegarria da.

Su-menpekotasuna

: zenbait espezie aztertu ondoren, hala nola pinu hostoluzea ( Pinus palutris ), Mendi Harritsuetako kontorta pinua ( Pinus contorta ), Arizona eta Kaliforniako ponderosa pinua ( Pinus ponderosa ), Kaliforniako sekuoia erraldoiak eta Floridako Everglades parkeko pinu karibearra ( Caribbean pine ), asmatu zen kontzeptu hura. Izan ere, suak espezie horiek ugaldu eta hazteko baldintzak sortzen ditu. Suak espezie horien landare lehiakideak murriztu eta lurzorua egokitu egiten du arbolak hazia botatzen duenerako edo hazia ernerazi egiten du. Halaber, suak intsektu-plagak eta arbolen gaixotasunak kontrolatu egiten ditu. Adibidez, ponderosa pinuak adar hilak eta azikulak metatzen ditu bere oinean, sutea iristen denean erregai izan eta erre egingo dela “ziurtatzeko”.

Bestalde, suak lurzoruko nutrienteen zikloari ere eragiten dio. Jakina denez, landareek mineral eta elementu kimikoak lurzorutik hartu eta beren egiturak eraikitzeko erabiltzen dituzte. Landarea hil eta gero, elementu horiek berriro lurzorura itzultzen dira. Munduko alderdi epelean, materia hil hori pixkanaka usteltzen da. Materia hil hori suarentzako erregaia da eta suak azkar deskonposatzen du. Suak sortutako errautsa mineraletan aberatsa da, hau da, landare berriak bertan hazteko aproposa. Gainera, uste ez bezala, ikerketek frogatu dutenez, intentsitate txikiko suteek ez dute lur-higadura areagotzen (aitzitik, intentsitate handiko suteek zorua “egosi” egiten dute eta ondorioz zoruak ez du euri-ura zurgatuko. Urak zoruaren gainean labaindu eta zorua higatu egingo du).

Belardian barrena azkar hedatzen da sua, baina tenperatura txikikoa da.

Suaren historia

: zein maiztasunez erre ohi da baso edo lurralde jakin bat? Hori jakiteko tresnarik onena enborretako eraztunak dira. Urtero arbolak zelula-geruza bat eransten dio bere enborrari. Suteren batek arbola xipiltzen, hau da, gainerretzen duenean, ikatz-geruza bat sortzen da eta geruza hori hurrengo urteko geruzek estaliko dute. Su-eraztun horiek suteak noiz gertatu diren zehatz-mehatz neurtzeko aukera ematen dute. Ikerketek aditzera eman dutenaren arabera, maiztasuna arrunt aldatzen da landaretza eta klimaren arabera. Adibidez, Arizonako iparraldeko ponderosa pinuzko basoetan suteak oso maiz gertatzen dira: bi urtez behin edo bost urtez behin gehienez ere. Baso hauetan, suaren eginkizuna basoa garbi mantentzea da. Suteak arinak izaten dira eta sastraka baino ez da erre ohi, hots, arbola handien azpian hazten diren arbola txikiagoak, zuhaiskak eta antzeko landareak. Kaliforniako iparraldeko itsasaldeko sekuoia-basoetan berriz, sute batetik bestera 250etik 500 urterarte igaro ohi dira. Bestalde, Estatu Batuetako iparmendebaldeko zedro-basoetan 2.000 urte igaro daitezke sute batetik bestera.

Landareetako mineralak poliki itzultzen dira lurzorura landarea hil eta eroritakoan. Suak usteltze-prozesu natural hori azkarragotu egin dezake eta lurzorua prest uzti lnadareak berriz ere haz daitezen.

Su-erregimena

: Nola eragiten dio suak lurralde bakoitzeko landarediari? Adibidez, Kaliforniako hegoaldeko txaparrala suteak berritzen du. 25-50 urtez behin leku jakin bateko landaredia osoa erre ohi da. Su-erregimen hau duten lurraldeko landareek zorupeko egiturak garatu dituzte, erabat ez erretzeko eta sutea igaro eta berehala berriz ere hazteko. Bestalde, Kaliforniako Sierra Nevada mendikateako sekuoia erraldoizko basoetan suteak maiz gertatzen dira, baina intentsitate txikikoak izan ohi dira. Sastraka erre ohi da; ez ordea arbola luzeak. Aldiz, Yellowstoneko kontorta pinuzko basoetan sutea noizbehinkakoa baino ez da, baina gertatzen denean intentsitate handikoa izan ohi da eta landaredia osoa erretzen da. Horrelako basoa erretzea ez da erraza; baldintza bereziak behar dira. Basoak zaharra izan behar du, hau da, arbola erori askok eta, zutik egonik ere, arbola malokatu askok egon behar du. Gainera, lehortea behar da, enborrak eta malokak idor ditzan. Halaber, haize bortitzak behar dira eta, azkenik, sua piztuko duen tximista.

SUTE-MOTAK

Arauzko sutea pizteari aurretik, faktore eragile guztiak (eguraldia, haizea, erliebea, ...) arretaz aztertzen dira, beti ere kontrolatuta egon dadin.

Sutea hedatzeko hiru mota bereizten dira: 1) Lurzoru-suteak “narraztu” egiten du poliki lurzoruan zehar eta lurzoruko materia organikoa eta belar txikiak baino ez ditu erretzen. 2) Azaleko suteak garretan erretzen du lurzorua, belarra, zuhaiskak, arbola txikiak eta sasiak, baina arbola handiak ez ditu erre ohi. 3) Adaburu-sutea gar biziz, abiadura eta intentsitate handiz, arbolen adaburutik adaburura igarotzen da. Horrelako suteak haize beroa eta erregai-baldintza bereziak behar ditu, baina gertatzen direnean oso arriskutsu eta kontrolagaitzak dira. Haizeak bizituta, ziztu bizian higitzen dira (1974.ean Estatu Batuetako Maine estatuko Acadiako parke nazionalean, haize-erauntsiak bultzatutako sute batek 11 km korritu zituen 25 minututan, hau da, 26,5 km/h-ko abiaduraz). Abiatu ondoren, adaburu-sute hauen portaera beren barnean sortzen den energi kopuru izugarriak berak gidatzen du.

Su-masa erraldoi hauek haize-korronte bortitzak sorterazten dituzte eta haizeok zuhaitzak lurretik erauzi egiten dituzte. Deslai dagoen guztia sutarantz bidaltzen dute. Su-ekaitz deritze. Zarata beldurgarria izaten da eta keak zerua erabat estaltzen du, eguna gau bihurtuz (1988.eko Yellowstoneko sute famatuan, ukabilaren tamainako txingarrak hegan ikusi zituzten suhiltzaileek. Haizeak txingarrak su nagusitik 1,5 km-ra bidaltzen zituen eta askotan beste sute batzuk pizten zituzten). Su-ekaitz hauek eguraldiari ere eragiten diote. Ke-zutabearen gainean hodeitzarrak sortzen dira. Beroak bultzatuta, 12.000 metroraino igo daitezke eta tximistak sortu. Tximista hauek beste sute batzuk eragingo dituzte.


SUA ETA SEKUOIAK

Erretako lurzorua mintegi ezinhobea da sekuoia erraldoien pinotxo eta hazi txikientzat.

Sekuoia erraldoiak munduko arbolarik handienak dira. Haietako batzuk 3.000 urtez bizi daitezke eta 75 eta 90 m bitarteko altuera lor dezakete. Kaliforniako Sierra Nevadako mendebaldeko isurialdean hazten dira, eta toki horiek parke nazional izendatuta daude. Parkeotan sekuoia erraldoi bitxi horiek ez galtzeko, sute guztiak azkar asko itzalerazten zituzten parkeko arduradunek. Bitartean, Arizonako iparraldean, ikerlariek ponderosa pinudietan gertatzen ziren intentsitate txikiko eta maiztasun handiko suteak aztertzen ziharduten. Ponderosa pinuez osatutako basoek, suteek landare lehiakideak hiltzen dituztelako irauten dutelako ondoriora iritsi ziren. Eta sekuoia-basoetan ere antzekotasunak topatu zituzten.

Sekuoien ugaltze-tasa biziki murrizten ari zela konturatu ziren ikerlariak. Zergatik? Suteak sortzen duen beroa sekuoietatik eroritako pinotxak ireki daitezen eta hazia aska dezaten modurik onena delako. Hazia suteak utzitako errautsen gainera erortzen bada eta errautsak lehenbailehen estaltzen badu, ernetzeko aukera gehiago du, zeren hartara txori edo katagorriek ez bait dute jango.

Bestalde, sekuoia landare-segidan ez dago azken buruan. Honek landare lehiakideak badituela esan nahi du. Beraz, segida naturala ez etetera, sekuoia konkolor izeiak ( Abies concolor ) ordezkatuko du. Beraz, suteak desagertzeak sekuoien etorkizuna ez zuen ziurtatzen; alderantziz baizik. Hortaz, 1968.ean, suarekiko jokaera aldatu egin behar izan zuten. Tximistek sortutako suteak ez ziren itzaltzen, baldin eta sekuoiak iraun ahal izateko lurzoru gainean materia organiko erregarri gehiegirik ez bazegoen behintzat. Harez geroztik, arauzko suteak egiten dira sekuoia-basoetan.

Horri esker, gaur egun sekuoia erraldoien ugaltzea ziurtatuta dago eta, gainera, babestuago daude. Azken hau 1987.ean frogatu ahal izan zen. Sute arriskutsu eta kontrolaezin bat gertatu zen eta Kings Canyon parke nazionalera iritsi zen indar handiz. Sute bero eta azkar hura berehala iritsi zen sekuoia-basora; arauzko suteez arin erre berri zegoenera hain zuzen. Orduan sute arriskutsu hura aldatu egin zen. Hoztu eta mantsotu egin zen berehala; sekuoien azpiko lurzoruan oso erregai gutxi bait zegoen.


Sutea eta landare-segida

Suteak ez dakar heriotza berekin. Zikloaren urrats bat baino ez da.

Suteak landare-segidari eragiten dio (Leku jakin batean, zoru biluzitik abiatuta gertatzen den landare desberdinen ordena eta sekuentzia jakin baten arabera lekutu eta hazteari deritzo landare-segida). Kanpo-agente batek, suak adibidez, prozesu naturala geldierazi egin dezake eta berriz hastera behartu. Segida naturalean landare-espezie batzuek beste batzuk ordezkatzen dituzte egoera egonkortu arte, klimax-a lortu arte. Adibidez, kontorta pinua ez da ondo hazten itzalean. Baina haren itzala oso onuragarri zaio izeiari; beronen haziak itzala behar bait du haziko bada. Lurzoru-baldintzak onak badira, kontorta pinuzko basoaren itzalean izeia haziko da eta 250 urteko epean kontorta pinua erabat ordezkatuko du. Orduan prozesua egonkortu egingo da; ez bait dago izeia ordezkatzen duen beste landarerik. Izeia, beraz, klimax -landarea da. Horrelakoetan suteak bakarrik eten dezake ordezkapena eta zikloa hasierara eraman.

Segida naturalari eraginez, suteak baso-aniztasunari laguntzen dio. Eta aniztasunak aberastasuna dakar. Izan ere, basoa uniforme bada, espezie bakar batez osatua alegia, animali espezie gutxiago bizi ahal izango da landare-espezie desberdinak egonda baino. Gainera, habitat-aniztasunak egonkortasuna esan nahi du. Komunitate osoak aukera gehiago du bizirik irauteko anitza bada. Dena uniforme bada, artasoroa bailitzan, gaixotasunak edo suak berak erabat suntsi lezake.

YELLOWSTONEKO SUTE ERRALDOIA

1988.eko udan sute ikaragarria gertatu zen Estatu Batuetako Yellowstoneko parke nazional famatuan. Oso baldintza bereziak elkartuta sortu zen su-ekaitz kontrolaezin hura: batetik lehorte handia eta bestetik haize bortitzak. Yellowstoneko lurraldean, ia beti, hezetasun handiegia egoten da eta 1988.ekoa bezalako suteak ezin dira maiz gertatu. Eskualde hartako suaren historiak erakusten duenez, horrelako suteak 300 urtez behin edo gertatzen dira. Azken sute erraldoia orain dela 250 bat urte gertatu zen. Beraz, 1988.eko sutea nolabait “aurrikusita” zegoela esan daiteke. Izan ere, basoa “prest” zegoen suterako. Kontorta pinuzko baso zaharra zen. Arbola hildako eta malokatu asko zegoen, eta kontorta pinuaren lehiakide den izeia hazten hasita zegoen bertan. Izeiak adarrak zorutik oso gertu dauzka eta errazago su hartzen du kontorta pinuak baino.

Suhiltzaileek “larunbat beltza” izendatu zuten egunean, egun bakar batean, parkeko 65.000 hektarea erre ziren. Eta guztira parkeko 280.000 hektareatik gora erre ziren, hau da, Bizkaia osoa baino gehiago. 15.000 suhiltzailek eta 45 helikopterok ihardun zuten sutearen aurka.

Parkeko azaleraren ia % 40 jo zuen suteak. Baina erretako azaleraren heren batean zoru gaineko landare txikiak baino ez ziren erre eta arbolek bizirik iraun zuten. Erretako azaleraren erdia berriz, adaburu-suteak eragin zuen, hau da, arbolen adaburutik adaburura joaten denak. Erretako gainerako azalera belardiak ziren.

Baina 1988.eko suteak ez zuen Yellowstoneko parkea suntsitu. Naturak bizitza sortzeari ez dio utzi. Urtero bertara inguratzen diren milaka bisitariek frogatu ahal izango dute hurrengo urteetan.


Sutea eta animaliak

Klima epeleko lurraldeetan tximista da sute sortzaile nagusia. Tropikoetan ordea, tximistak maizago izaten dira. Alabaina, bertako hezetasun eta landaretzaren baldintza bereziak direla eta, tropikoetan tximistek ez dute suterik sortzen.

Bambi

filma ikusi duen edonork ideia bat garbi aterako zuen: suak animalia guztiak izutu eta ihes egitera bultzatzen ditu. Baina hori ez da egia, edo ez egia osoa behintzat ( Bambi ren jatorrizko istorioan, Bambi eta bere lagunentzako mehatxurik handiena isilpeko ehiztariak ziren. Baina Disney Studios enpresa suteek sarri kaltetzen duten Kaliforniako hegoaldean kokatuta zegoen eta, gidoia aldatuta, sua ezarri zuen arrisku nagusi). Karraskari txikiek izututa alde egiten dute sutetik, baina ugaztun handiak, hala nola altzea, lasai antzean ibiltzen dira sugar artean eta patxada handiz urrutiratzen dira sutetik. Eta badira sutera hurbiltzen diren animaliak ere! Jokaera hau Afrika, Australia eta Iparramerikan ikusi da. Galeper, indioilar eta hegazti harrapakariak erretako lurraldeetara inguratu ohi dira janari bila. Are gehiago, Australian badago aztore-mota bitxi bat.

Harrapakari eta sarraskijalea da. Suteetaraino hegaldatu eta txingarrautsetan bilatuko ditu txingartutako abartxoak. Jaso eta erregabeko belardira botatzen ditu, sua piz dadin. Gero, sute berritik ihesi doazen narrasti eta karraskariak harrapatu egiten ditu.

Zenbait animalia su-menpekoak dira. Badago txinbo-mota bat, zutik gelditzen diren pinu-enbor erreberrietan, eta hor bakarrik, bizi dena. Beste animalia batzuk, hala nola eskinoso-mota bat ( Cyanocitta cristata ) eta Iparramerikako antilope-mota bat ( Antilocapra americana ), suteek erretako lurralde bila ibiltzen dira janaria erraz aurkitzearren. Aitzitik, beste animalaia batzuk, hala nola arratoi hankazuria, ezin bizi daitezke lurzoru errean. Sutearen ondoren, arratoi-kopurua biziki murriztu ohi da eta landareak halako altuera lortu arte ez dira ugaltzen hasten.

Arratoi, sator eta kattagorriek beren ezkutalekuetatik irten ohi dute sutetik ihesi. Horregatik, zenbait animaliak, hala nola koiote eta hegazti harrapakariek, erretako lurraldeetara jotzen dute karraskarien bila.

Beste animalia batzuk egokitu egiten dira suteak erretako lurraldeetara, hau da, sua medio, janaria topatzeko aukera berriak izaten dituzte. Talde honetan altzea eta koiotea sartzen dira. Baita, neurri apalagoan bada ere, hartz arrea ere.

Laburbilduz, suari buruzko ikerketak suaren eginkizuna zertan den eman digu aditzera. Natura ez da estatikoa. Aldaketa, etengabeko aldaketa da bizitzaren iturri. Ikerketari esker, suteak erabat desagertzeak onik ez dakarrela ikasi ahal izan da eta sutetik babestu nahi den inguruan ustegabeko aldaketak eragiten dituela su-faltak. Ondorioa: sua ez da berez txarra ala ona. Egin beharreko galdera hauxe da: Nola eragiten die suak lurzoruari, landareei eta animaliei leku jakin batean? Erantzun bakar bat ez dugu aurkituko, baina honako hau segurua da: suak zenbat eta bizi-aniztasun handiagoa sustatu, hainbat egonkorrago izango da tokiko ekosistema.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia