Ba al dago pisua arinduko digunik?
1994/03/01 Irazabalbeitia, Inaki - kimikaria eta zientzia-dibulgatzaileaElhuyar Fundazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria
Iazko Elhuyar. Zientzia eta Teknikako maiatzeko alean Apple Computer etxeak garatutako Newton™ teknologiaren berri eman zigun Andoni Sagarnak. Artikulua irakurrita komunikazio-teknologia berri baten atarian gaudela argi ikus zitekeen. Teknologia berri horren muina gizakion informazioa prozesatzeko moduan ei dago. Pantaila batean lapitz berezi baten bidez idatzita ordenadoreen munduak eskaintzen dituen erraztasun guztien jabe izan gaitezke. Ez dituzu imprimategiko letrak usatu behar; zure esku-idazkera traketsa ere interpretatzeko gauza baita Newton. Ez da, bada, txantxetako kontua!
Etorkizunaren ataria gainditu eta gure artean dago jada Newton. Joan den urtearen bukaeraz gero Britainia Haundian Newton teknologiaren lehen tramankulua salgai dago. Aldizkarietan kaleratze-kanpainaren oihartzunak daude. £99-ren truke Newtonen baliabideen jabe izan zaitezke. Hara nolakoa den: eskutan har daitekeen pantailatxoa, estraineko esku-kalkulagailu haien tamainakoa gutxi goiti-beheiti. Message Pad™ (mezu-koadernoa) esaten diote. Begira propagandak zer dioen: Newton pertsonala da, Newton ordenadorea bezain ahaltsua da, Newton paper-puska bat bezain erabilterraza da, Newtonek zure ordez bidaliko ditu faxak, Newtonek zuregandik ikasten du zuri laguntzeko...
“Non lor dezaket aparatu miresgarri hori?” edo “Horrelako bat izango banu...!” esango diozu zeure buruari orain. Appleren banatzaile gertuenarengana joatea delibera dezakezu, Message Pad™ erosi eta lanean hasi. Piztu egingo duzu. Lapitza hartu eta “Kaixo, egunon” idatziko duzu. Harritzekoa bada ere, Newtonek ez dizu jaramonik egingo. Zure idazkera traketsegia dela pentsa dezakezu eta “Kaixo, egunon” berridatziko duzu, ahal duzun letra txukunenez.
Oraingoan, “Kaiser, egoism” agertuko zaizu pantailan. Arrapanola! “Zer gertatzen zaio?”, “Engainatu ote naute? Traste honek ez ote du ezertarako balio?” Akaso euskaraz ez dakiela pentsatuko duzu. Gaztelania txukunez “ Hola, buenos dias” idatziko duzu eta Newtonen “Hole, burner dear” agertuko da. Haserretuta, Newton hartu eta leihotik behera jaurtikitzeko gogoa izango duzu. Hala ere, harrika bota baino lehen, eskuliburua kontsultatzea erabakiko duzu. Eta hantxe, letra txikiz, ingelesez baino ez dabilela irakurriko duzu. Mesfidantzaz, “Hello, good morning” izkiriatuko duzu eta Newtonek, irribarretsu, erantzun egingo dizu.
Horixe da, ba, Newtonen gakoa. Hizkuntza bakoitzera moldatu behar da, eta egun, ingelesa baino ez du konprenitzen. Beraz, gure ohizko harremanak beste hizkuntza batean dauzkagunok jai daukagu, oraingoz, teknologia berritzaile eta etorkizuneko horrekin. Gaztelaniaz aurten urte bukaeran egongo da salgai, antza. Eta euskaraz? Chi lo sa?
Ez zait iruditzen Apple etxeak bere kabuz Newton euskaraz lan egiteko moduan jarriko duenik; merkatua txikiegia delako, besteak beste. Bestetik, ene aburuz, ez genuke euskaldunok tren hau ere galdu behar, eta gero estaziotik irteten ari denean bere atzetik, hartu nahian, korrika hasi, inoiz ere azken bagoiaren eskudelari heldu ezin diogularik. Trena estaziotik abiatu gabe dago oraindik. Ez zaio abiatzeko askorik falta.
Beraz, bertara igotzeko paradan gaude, eta horrela, munduko beste kultura handiekin batera etorkizunerako bidaia egin dezakegu. Aipatutako hori guztia, eskueran dugu. Alabaina, ene irudiko, bidaia horretan abiatzeko ez dirudi baliabide pribatuak aski direnik. Baliabide publikoak ezinbestekoak dirateke bidaiaren txartela ordaindu nahi bada. Gu Elhuyarren bidaiari izateko prest eta irrikaz gaude. Zeinek arinduko digu maleten pisua?
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia