}

Atezain zelatariak

2004/03/01 Cancio Orueta, Leire - Elhuyarreko zuzendari nagusiaElhuyar Iturria: Elhuyar aldizkaria

“101. gela” esan die hoteleko harreragileak. “Gela bihar eguerdiko hamabiak baino lehen utzi beharko duzue libre, hemen duzue txartela”. Eskuineko eskuaz hotelaren logotipoa daraman plastikozko objektua eman die. Hotel gehienetako harreragileen eguneroko hiztegian aspaldi ordezkatu du txartel hitzak ohiko giltza, burdinaz egindako horzdun erreminta hura. Sarraila mekanikoen aroa alde batera utzi, eta sarraila elektronikoen garaian murgilduta bizi gara. Beste sarraila elektroniko batzuk
(Argazkia: L. Cancio).

Sarraila mekanikoen garaian, hotel askotan, giltzez arduratzen zen langile bat zegoen. Noizean behin, ateetako zilindroak trukatu egiten zituen ausaz, hotelean izandako bezero batek giltzaren kopia atera, egun batzuetara hotelera bueltatu eta gela bera irekitzeko aukerarik izan ez zezan. Lehenengo sarraila elektronikoak merkaturatu zirenenean, arazo hura alde batera uzteko bidea urratu zen.

Sarraila elektronikoetan, txartela galtzen bada, nahikoa da sarraila berriz konfiguratzea beste kode bat izango duen txartel bati erantzun diezaion. Aukera horrek asko errazten du ehunka gela dituen eraikuntza bateko gelak kudeatzea. Hori ez da, ordea, elektronikak ematen duen aukera bakarra. Sarraila elektronikoetan, txartela datu jakin batzuk ezagutzeko programatu ahal izango da; datuak irakurtzean, adibidez, nor sartu den eta zein ordutan, atea ondo itxita dagoen eta abar esan dezan.

Garai bateko sarraila mekanikoetatik gaur egungo sarraila elektronikoetarako aldaketa ez da bat-batekoa izan. Giltzen ondorengoak zulatutako txartelak izan ziren, baina, horien kopiak egitea zaila ez zela ikusita, laster baztertu ziren. Orduan hasi zuten bidea sarraila elektronikoek. Lehenik txartel magnetikoak etorri ziren. Banketxeetan erabiltzen hasi zirenez, kopuru handietan ekoiztuz kostua merkatu egin zen, eta, ondorioz, erabilera zabaldu egin zen. Azkenik, txip-txartelak agertu ziren, txartel magnetikoek baino aplikazio gehiago dituztenak.

Nola funtzionatzen dute sarraila elektronikoek?

Sarraila guztietan, giltza (edo txartela edo giltzaren funtzioak betetzen dituen beste gailuren bat), giltzaren irakurgailua eta irekitzeko mekanismoa daude. Giltzak digitalki gordeta dauka informazioa, kode bitarrean, eta informazio hori grabagailu baten laguntzaz ezaba eta alda daiteke.

Normalean, informazio hori zifratuta egoten da, hau da, algoritmo baten laguntzaz enkriptatu egiten da algoritmo horren erantzuna dakien irakurgailuak bakarrik irakur dezan. Kontaktuan jartzean, irakurgailuak deszifratu eta irakurri egiten du. Irakurgailua sarrailan egon ohi da, eta horrekin batera memoria bat dauka, txartelak daraman informazioa gordetzen duena.

Txartelak edo giltzaren funtzioak betetzen dituen beste gailuren batek irekitzen dituzte sarraila elektronikoak. (Argazkiak: E. Carton).

Sarrailak ez dio kode bati bakarrik erantzuten, eta, horregatik, sartzeko baimena txartel bat baino gehiagori eman ahal zaie. Hotelen kasuan, adibidez, sarraila ez da berriz programatu behar bezero batek hotela uzten duen bakoitzean, sekuentzia-kodeei erantzuteko programatzen baita. Sarrailak jatorrizko kodearen sekuentzia-kodea irakurtzen duenean, automatikoki bezero zaharrari baja eman eta bezero berriaren kodea ezagutu behar duela ulertzen du.

Banda magnetikotik txipera

Txartel magnetikoetan hiru banda magnetiko daude. Banda bakoitzean gorde daitezkeen datuak estandarizatuak daude. Lehenengo eta bigarren bandak bankuentzako informazioa gordetzeko erabiltzen dira, eta hirugarrenean, adibidez, gelaren datuak sar daitezke, sarraila ireki ahal izateko.

Txartel magnetikoetan, informazioa maila magnetikoen bitartez adierazten da. Maila magnetiko horiek interpretatzean, zero eta bat zenbakien segida bat ematen dute. Txartel magnetikoetan, informazioa irakurri besterik ez da egiten sarrailako irakurgailuan. Sarrailak ez du txartelean berriro idazteko aukerarik. Txartelaren informazioa irakurgailuak daukan memorian gordetzen da, eta irakurgailuak egutegia eta ordularia duenez, txartela duen pertsona gelan zer egunetan eta zer ordutan sartu den jakin daiteke. Txartel magnetikoek 20 eta 40 byte bitarteko memoria izan dezakete.

Txipa duten txartelek, berriz, kilobiteko memoiak dituzte eta txartelaren memorian informazioa gordetzeko aukera ematen dute. Izan ere, oso energia gutxi behar da txip batean informazioa gorde ahal izateko, irakurgailuaren bateriekin egin daiteke. Txartel magnetikoetan, ordea, ezin da energia-maila horiekin banda magnetikoen gainean grabaziorik egin.

Sarrailak jasotako informazioa eraikineko kudeaketa-sistemako datuekin bateratzen da gero. Hori egiteko bi bide daude: on line eta off line. On line egiteko sare bat behar da, sarrailatik ordenagailu zentralera doan haria edo kablea, alegia.

Eraikuntza osoan sarea jartzeak kostu handia du, ordea, eta oso instalazio gutxik hartzen dute beren gain denbora errealean datu horiek jaso ahal izateak dakarren gastua. Kable gabeko sistemak ere badaude, eta sistema berriak probatzen ari dira, Wi-fi sistemak, esate baterako. Off line sistemetan, aldiz, noizean behin, sarrailako datuak gailu batez irakurri eta ordenagailura bidaltzen dira.

Atezainak baino gehiago

Donostiako Olarain ikasle-egoitzakoek txartel berean dituzte bankuko datuak eta logeletarako sarbidea.
Olarain

Gaur egun, ate-kopuru handia duten eraikin askotan daude horrelako sarrailak, oso seguruak baitira. Hoteletan ez ezik, bulegoetan, itsasontzi erraldoietan, gerra-ontzietan, laborategietan, eski-estazioetan, artxibo sekretuetan, eraikuntza militarretan, aisialdi-parkeetan, eta abarretan ere ikusten dira. Txipek informazioa gordetzeko duten gaitasuna dela eta, txartela, sarbide gisa ez ezik, geletara sartzen den jende-fluxua zenbatekoa den jakiteko ere erabil daiteke.

Hainbat datu jakiteko modua ematen digute: adibidez, garbitzaile batek zenbat gela garbitu dituen, edo berrogei urteko bezero alemaniarrek errusiar mendia edo Khan dragoia nahiago duten, edo segurtasun-maila handiko eraikuntzetako ordenagailu zentralean kontabilitateko datuak aldatu eta bere aurrezki-kontuan dirua sartzen dabilen enplegatua nor den, baita zein ordutan sartu eta ateratzen den ere. Gertuko adibideak ere badaude; Donostiako Olarain ikasle-egoitzan, adibidez, bertakoek txartel berean dituzte bankuko datuak eta logeletarako sarbidea.

Eta etorkizunean?

Sarraila elektronikoen etorkizuneko bidea, alde batetik, “sarrailen kostua eta tamaina txikitzearen bidetik joango da, teknologia berri merkeagoetara joaz eta irrati bidezko komunikazioak edo kontaktu gabeko gailuak bultzatuz”, Onity enpresako I+G unitateko arduradun den Aitor Aguedaren esanean.

Bestetik, “aplikazio askoko txartelen arloa are gehiago garatuko da”, eta, horren ondorioz, txartel bakar batekin kutxazainetik dirua atera ahalko dugu, etxeko eta bulegoko atea ireki, historia klinikoa gorde eta abar. Eta ”horri guztiari sistemen konektibitatea gehitu behar zaio”. Sarrailak jadanik ez dira atea irekitzeko soilik; bankuek datuak interpretatzeko estatistika-programak, energia aurrezteko sistemak eta domotika dituzte bidaide.

Sarrailak gelako beste sistema batzuekin konektatuta egon daitezke, eta leku askotan dagoeneko hala daude. Esate baterako, aire egokituarekin edo berogailuarekin konekta daitezke eta, gero, mugimendu-sentsoreen eta sentsore bolumetrikoen bidez gela batean norbait dagoen, nor den, eta abar jakin daiteke; eta, datu horien arabera, aire egokitua edo berokuntza-sistema automatikoki martxan jarri. Adibidez, sarrailak hoteleko langilea gelan sartu dela jakin eta berogailua itzalita eduki dezake, edo, bezeroa sartu eta ohean bi orduz etzanda dagoela konturatu, eta, lo dagoelakoan, berogailua jaitsi. Zenbatek imajinatuko genuen, Orwellen “Anaia handia”-ren gizartean kamerak ez ezik sarrailak ere izango genituela zelatari?

Gertutasunekoak edo kontaktu gabekoak
Karibeko hoteletan, adibidez, normalean bezeroek txartelak gordetzeko poltsikorik izaten ez dutenean, eskumuturrekoak jantzi ohi dira geletara sartu eta hoteleko zerbitzuak erabili ahal izateko. Txip-txartelak, gero eta gehiago, kontaktu gabekoak dira. Edozein gailurekin egin daiteke kontaktua, ez du halabeharrez txartela izan behar, eta seinalea irrati-uhinen bitartez bidaltzen da. Gailuak uhinak bidaltzen ditu, eta sarrailak antena bidez jasotzen du agindua. Marruskadurarik gabekoak izanik, arteka hondatzeko aukera gutxiago dute. Oraindik normalizazio-bidean daude.

Biometrikoak
“007 agenteak begi-ninia pantailara hurbildu eta artxibo sekretuen gordailua ireki zen”. Sarraila biometrikoetan, txartelaren edo pertsonaren identifikazio-kodea haren ezaugarri fisikoetan datza, aztarna digitalak, pultsua, irisa, eta abar. Enpresa eta ikerketa-zentro askotan ikerketak egiten ari da horren inguruan, baina komertzializatzeko garaian aukerak ez dira horren argiak: oraindik ere trabak jartzen dizkiogu gure datu fisikoak ordenagailu batean gordeta edukitzeari.


Sarraila elektronikoek irekitako aldien erregistroa gordetzen dute. (Argazkia: ONITY).

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia