}

Astronomia, denbora neurtzeko tresna

2005/05/22 Belaustegi Irazabal, Ainara - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Denbora, gaur egun, ondo neurtutakoa bada behintzat. Urtea hasi eta bukatu egiten da, eta berekin eramaten ditu hilabete, egun, minutu, segundo, eta direnik eta zatiki guztiak. Eta hori, denbora ondo neurtua izatearena, alegia, garai batean astronomiak hasitako lanari zor diogu; horretarako sortu baitzen astronomia, denbora neurtzeko.
Babiloniarrek ilargialdietan oinarritutako egutegia egin zuten.

Aspaldi-aspaldikoa da astronomia. Pentsa, aditu batzuen arabera, Goi-paleolitoan sortu omen zen, K.a 40000-10000 urteetan, hain zuzen. Garai hartatik jasotako aztarnen artean, 28 eta 29 zulotxoko segidez zizelkatutako hezurrak aurkitu izan dituzte; ilargiaren aldiei dagozkien puntuak ote? Bestetik, Eguzkiaren, Ilargiaren eta beste izar batzuen irudikapenak izan daitezkeenak agertu dira hainbat harritan. Goi-paleolitoko astronomiaren zantzuak ote? Izan, izan daitezke, bai; halere, usteak baino ez dira, eta, hortaz, hobe “usteak erdia ustel” dioen hura gogoan izatea, badaezpada.

Usteak uste, bada duda-mudarik sortzen ez duen gertaera bat: nekazaritzaren sorrerak astronomiaren garapenean izan zuen eragina.Gizakia, K.a 10.000 aldera, bizimodu nomada alde batera utzi, eta nekazari-komunitate sedentarioetan bizitzen hasi zen. Lehenengo lau zibilizazioak Mesopotamiako, Egiptoko, Indiako eta Txinako ibai emankorrenen bailaretan sortu ziren. Laster bihurtu ziren laboreak gizartearen elikagai-iturri nagusia, eta horrek arazo praktikoak ekarri zituen atzetik. Noiz erein behar zen? Noiz uzta bildu? Laborantzak, urtaroen menpekoa izanik, egutegi bat egiteko beharra sortu zien gizakiei, denbora neurtzeko beharra, alegia. Eta horretarako tresna, hain justu, astronomiak eskaini zien.

Ziguratek eskailera luze-luzeak zituzten, ustez, Jainkoei zerutik jaisteko gonbidapena egiteko.

Kontuz! Ez pentsa Neolitoko astronomiak gaurkoaren antzik zuenik! Alegia, garai hartako astronomiak ez zuen gaurko astronomiak duen 'zientifikotasuna', inondik inora. Gizakiak zeruan bilatu zuen bere izatearen arrazoia. Zeruko astroak Jainkotzat hartu zituen, eta, hortik, astroen mugimenduak eta kokapenak aztertzen hasi zen, bere patuan eragiten zutelako sinesmen osoarekin. Sinesmen horri deritzo, hain zuzen, astrologia. Garai hartan, hortaz, astronomia eta astrologia bat eginda ibili ziren, luzaroan ibili ere; XVI. mendean banatu ziren superstizioa (astrologia) eta zientzia (astronomia).

Zerua behatzen

Stonehenge, Ingalaterrako eraikuntza megalitikorik ezagunenetarikoa.

Egutegi bat egin nahi bazen, zeruaren behaketetan oinarritutako erregistro bat egin beharra zegoen. Astronomiaren lehen urratsa, hortaz, izar eta planeten kokapenei eta mugimenduei buruzko oharrak hartzea izan zen. Apaizek egiten omen zuten astronomo-lana, eta ohar horiek, normalean, harrizko taula edo tenpluetan idatzita aurkitu izan dira. Neolitoko hainbat monumentu eta tenplu megalitiko ere agertu izan dira,errituak egiteko ez ezik behatoki gisa ere erabili zituztenak, segur aski. Oraingoz, dakigula, sumertarrak izan ziren lehenak horretan; K.a 4000 urte aldera beren Jainkoen ohoretan adreiluzko dorre ikaragarriak eraiki zituzten, zigurat deituak, eta haiek, era berean, behatoki astronomiko gisa erabili zituzten. Munduan barrena, era horretako eraikuntza megalitiko ugari aurkitu izan dira. Horien artean daude, seguruenik, hain ezagunak diren Ingalaterrako Stonehenge eta Frantziako Carnac.

Mesopotamia eta Egipto

Egunak 24 ordu ditu, orduak 60 minutu, minutuak 60 segundo. Horrela neurtzen dugu denbora, sistema sexagesimalaren bidez, hain zuzen. Mesopotamiako sumertarrek (munduko lehenengo zibilizazioa) asmatu zuten sistema sexagesimala, 60 zenbakian oinarritutako sistema, alegia. Sistema hori, nahiz eta korapilotsua izan, bereziki erregistro astronomikoak egiteko erabili zuten.

Mesopotamian, sumertarren atzetik ezarritako zibilizaziorik garrantzitsuena babiloniarra izan zen. Babiloniarrek Ilargian oinarritutako hilabetea finkatu zuten lehenik, hau da, Ilargiaren zikloan oinarritutako denbora-tartea. Eta, hortik, ilargialdietan oinarritutako egutegia egin zuten. K.a 2000 aldera, Babiloniako egutegia finkatuta geratu zen: urteak 360 egun zituen, 30 eguneko 12 hilabetetan banatuta. Eta, noski, eguzki-urteak 365,25 egun dituenez, 6 urtean behin hilabete bat gehitzen zioten egutegiari.

Sirius, zeruko izarrik distiratsuena.

Babiloniako astronomiak nabarmen eragin zuen Egipton; halere, beren ekarpenak ere egin zituzten egiptoarrek. Babiloniarrek ez bezala, ez zieten astroen mugimenduei apenas kasurik egin. Sirius izarra bereziki garrantzitsua izan zen haientzat; izan ere, izar distiratsu haren agerpena Niloren uholdeen hasierarekin bat etortzen zen (zer esanik ez, Niloren uholdeek baldintzatzen zuten nekazaritza). Egiptoarrek egindako egutegian, hortaz, Sirius izarraren agerpenarekin hasten zen urtea. K.a 4000 aldera, 365 eguneko egutegia finkatuta geratu zen: 30 eguneko 12 hilabete zituen, eta 5 egun gehitzen zizkioten, osagarri gisa.

Babiloniako eta Egiptoko zibilizazioak ikertu izan dira gehienbat, mendebaldeko kulturan izan duten eraginagatik, ziur aski. Nolanahi ere, eraginetan nabarmenena, nabarmenik izan bada, nekazaritzak astronomian izan duena da. Astronomia, den eta zientziarik zaharrenetakoa, laborantzarentzat hasi baitzen lanean, denbora neurtzen.

7K-n argitaratua.