}

Askotariko gaiak eta idazle gazteak

2003/02/01 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Hamarkada bat igaro da ia zientziaren dibulgazioa saritzeko CAF-Elhuyar sariak sortu zirenetik eta, aurtengo edizioaren emaitzak ikusita, beste hainbeste egingo dituela ematen du. Gazteenak nagusitu dira aurtengo edizioan. Idazle gazteak eta askotariko gaiak. Gainera, jauzi kualitatibo bat ere eman dela nabarmendu zuten epaimahaikideek, zientziaren dibulgazioaz beraz jardun diren lanak ere jaso dituztelako.
IX. CAF-Elhuyar dibulgazio sarietako irabazleak, Imanol Andonegik egindako oroigarria eskuetan dutela.
Polu fotografos

“Kalamua: maria -ren sekretua” izenburua duen lanak irabazi du CAF-Elhuyar sarien IX. edizioa, epaimahaikoen esanean, “molde arruntetatik eta sinplekeriatik ihes egin eta postura ideologikorik transmititu gabe gaia garbi eta zehatz aurkezteagatik". EHUko Medikuntza Fakultateko Aitziber Mendiguren, Joseba Pineda eta Jose Angel Ruizek garbi adierazi dute zein diren kalamuaren eduki farmakologikoak izan ditzakeen alde erabilgarriak eta onuragarriak, baita alde kaltegarriak ere. Beste edozein farmakoren azalpenari dagokion legez, gaiaren alderdi historikoa, biokimikoa eta fisiologikoa jorratu dituzte, betiere maila zientifiko egokiari eutsiz eta sinplekeriatan erori gabe. “Artikulu praktikoa, irakurterraza, ondo sailkatua eta informazioz betea” epaimahaikoen iritziz.

Bigarren saria Nafarroa Garaiko pagadien egoera aztertu duen lanak jaso du. CAF Elhuyar sarien helburuetako bat bertako ikerketen emaitzak dibulgatzea da eta halaxe egin du bigarren saria eskuratu duen lan honek. Gustavo Amores Olazagirrek zehaztasun handiz erakutsi du Nafarroa Garaiko pagadien egoera zein den. Landa-lanaren emaitzak paperera ekarri ditu, baina ez da horretara mugatu.

Irabazleak epaimahaikideekin hizketan aritu ziren.
Poly fotografos

Lan horien ondorioak garbi azaldu eta bistarako hain ederrak diren paraje horietan poluzioaren sarbidea nolakoa izan den eta nolakoa izan litekeen erakutsi du.

Ikerketa honek gure gune naturalen egoeraz zer pentsatua eman diola nabarmendu dute epaimahaikoek eta, bertakoa bada ere, neurri handian, nonahikoak ere badirela lan honek erakusten dituen seriotasun zientifikoa eta dibulgaziorako gogoa.

Hirugarren saria Kleopatrak, perlek eta luxuak irabazi dute, “gai sinple bat jorratuz, idazleek artisau-lan goxoa egitea lortu dutelako, perlak fisika kuantikoaren mailara hurbilduz”. Lan biribila iruditu zaie epaimahaikoei “eskolan banatzekoa zein bikotekidearekin ohean edo norberak komunean irakurtzeko modukoa. Irakatsi eta entretenitu batera, hau da, zientziaren dibulgazioa ondo egiten duena”. Horixe iritzi diote epaimahaikoek Itxaso Apraiz eta Ohiane Lakar biologia-ikasleen lanari. Hirugarren saria irabazi badu ere, artikulu honek jaso ditu lore goxoenak.

Idazle gazteentzako sari berezia

Idazle gazteen sari berezia Gorka Azkuneren “Naturaren seme ezkutuak” lanak jaso du. Hogei urteko informatika-ikasle gazte hau ez da dibulgazioan hasiberria, joan den urteko edizioan berak irabazi baitzuen bigarren saria. Orduan supersoken teoria garrantzitsu eta zaila era dotore, erakargarri eta ulergarrian aurkeztu zuen. Aurten, errazagoa ez den beste gai bati heldu dio Gorkak, zulo beltzen teoriari. “Txukun aurkeztu du zulo beltzen teoria, zuzenean behatu ezin diren astroen teoria. Nola aurreikusi ziren, horien existentziaren onarpena, gaur egun ezagutzen diren hainbat ezaugarri, euren bitartez azaltzen diren fenomenoak... Eta, noski, etorkizunari begira irekitzen dituzten ateak, hots, singularitateak, denbora-makinak, hiperespazioko bidaiak...”.

Elhuyar Fundazioako lehendakari Jose Maria Rodriguez Ibabek kargua estreinatu zuen Txitxardin Beltxa jatetxean.
Poly fotografos

Hori guztia Einsteinen Erlatibitate Orokorraren Teoria azalduz egin du, hark hasi baitzuen oraindik amaitu gabe dagoen bidaia luze hori. Epaimahaikideek gaiaren gaurkotasuna, eduki zientifikoaren kalitatea eta erabilitako euskararen estiloa baloratu dituzte, “gai gogor eta astun bat era sinple eta ulerkorrean aurkeztu izana”.

Aurtengo deialdian guztira 17 dibulgazio-artikulu aurkeztu dira, guztiak ere kalitate onekoak epaimahaikoen arabera. Lanen kalitatea eta idazleen gaztetasuna goraipatu dituzte epaimahaikideek, baina, lanen alde grafikoa eta estilo dibulgatiboa gehiago zaintzeko ere eskatu diete. Batek baino gehiagok galdu omen du saria horren erruz. Kritika pozgarria neurri handi batean, zientziaren dibulgazioan beste pauso bat eman dela adierazten baitu horrek.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia