Antonio Bernal Colonbiako Medellineko planetarioko zuzendaria
2000/12/01 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Zein da jendearengana iristeko sekretua?
Erraza da hori, ikuskizun asko eta hitz gutxi. Jendeari ikustea eta sentitzea gehiago gustatzen zaio entzutea baino. Munduan hizkuntzak galtzeko arrisku bizian gaude, guztia begietatik sartzen baitzaigu.
Eta zuek nola egiten duzue hori?
Adibide batekin erantzungo dizut. Planetarioko injinerutako batek Ilargiari buruzko programa prestatu zidan: "Ilargira itzultzea". Programa haren bidez, azken 5-6 urteotan ilargian egin diren aurkikuntzen berri eman nahi zuen, ura dela eta ez dela, ilargiko poloetan dauden krater berezien berriak eta abar. Programa egin zuen, erakutsi zidan, eta bukatu bezain pronto esan nion, "programa horretan jendearen partehartzea falta da". "Eta -erantzun zidan- zer egin dezaket jendea ilargian gertatzen diren fenomenoetan inplikatzeko?". "Tranpak jarri" esan nion. Horrela egin genuen, ilargira pertsonaia famatu baten gorpuzkinak eraman zituztela esan genuen. Hori gezurra zen, baina inplikazio zuzena lortu genuen. Izan ere, lurreko erritoa -hileta- ilargiarekin nahasi genuen. Ez zen tranpatxo bakarra izan, gehiago ere sartu genituen. Labur esanda, irudi asko erabiltzea eta jendea nolabait inplikatzea atentzioa lortzeko giltza dira.
Dibulgazioaren gakoei eta sekretuei buruz hitz egin duzu, biak dibulgatzeko helburu horri begira. Baina dibulgatu, zertarako?
Oso argi daukat, zientzia-museoek zubi-lana bete behar dute. Zubiaren alde batean zientzian lanean ari direnak, zientzia egiten dutenak, egongo lirateke; beste aldean, berriz, jendea, gizartea, zientziarik egiten ez dutenen multzo handia. Unibertsitateetan, ikerketa-zentroetan, institutuetan, zientziaren arloan, oro har, egiten dena jasotzen dugu, hor dagoen jakintza guztia. Gero jakintza hori guztia jendeak ulertuko duen hizkuntzan jartzea izaten da gure eginbeharra, eta jakina, jendeari aurkeztea. Zientzia guztiek dute beraien lengoaia, ulertezina askotan. Medikuntzan, adibidez, botiken izenak nekez ulertzen dira, gaixotasunenak ez dira hobeak, eta giza organoenak okerragoak izan daitezke; guk hori jendeak uler dezakeen hizkuntzan jarri behar dugu, besterik ez.
Eta publikoak, jendeak, gizarteak, ba al du hori guztia jakin beharrik?
Bai, jakina. Mundua gero eta teknikoagoa da, teknologiarik gabe ezin gara bizi, enpresatan ordenagailu barik ezin da lanik egin, telebistaren beharra dugu, teknologiaren beharra egunero da nabarmena, eta aurrerapena gizarteari azaldu egin behar zaio. Ordenagailua erosten duenari ez zaizkio txipei buruzko gorabehera guztiak kontatu behar, baina oinarriaren berri eman behar zaio, eta nola erabili adierazi behar zaio.
Zientziaren jakintza izatea ezinbestekoa dela diozu, erabakiak hartzeko behar-beharrezkoa, eta oinezkoon iritzia osatzeko nahitaezkoa. Egia al da hori?
XXI. mendearen atarian, erlijioak XV. mendean zuen bezainbesteko garrantzia du zientziak. Zientzialariak datozen urteetako apaizen antzeko zerbait izan daitezke, jendeak zientzian inplikatu behar du. Zergatik dute pseudozientziek zientziek baino onarpen zabalagoa? Zergatik ditu astrologiak astronomiak baino jarraitzaile gehiago? Astrologia erlijioa balitz bezala saldu da; zientzia, berriz, ez. Zientzia irakatsi egiten da, Jupiter han dago, lainoak ditu eta abar; astrologiak, berriz, Jupiterrek eragingo dizula esaten du. Guk zientzia ondo saltzen asmatzen badugu, zientziak jendearengan eragina izango du.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia