}

Abian da Elhuyar Zientzia Azoka 2021

2021/01/15 STEAM-Hezkuntza (Elhuyar Zientzia)

Ireki da 2021eko Elhuyar Zientzia Azokan izena emateko epea. Bederatzigarren edizioa izango da aurtengoa. 2013an lehen edizioa egin zenetik, gaur arte, 12-18 urte bitarteko 6.000 bat gaztek hartu dute parte Elhuyar Zientzia Azokan. Guztira, 900 ikerketa-proiektu edo proiektu teknologiko egin dira, eta, horietatik, 700 lan inguru aurkeztu dira Bilboko Plaza Berrian antolatzen den Elhuyar Zientzia Azokan.
abian-da-elhuyar-zientzia-azoka-2021

Zientzia- eta teknologia-proiektuak garatzeko gonbitea luzatzen die Elhuyarrek Euskal Herriko 12-18 urte bitarteko gazteei eta beren irakasleei; izan ere, Elhuyar Zientzia Azoka gazteek garatutako zientzia-proiektuen ekimena da, ikerketa zientifikoa eta garapen teknologikoa barrutik bizitzeko aukera izan dezaten, eta Euskal Herriko ikastetxe guztiak daude gonbidatuta parte hartzera, DBHko eta Batxillergoko gazteekin.

Gazte-taldeek erabakitzen duten gaiaren inguruan arituko dira talde-lanean: galdetzen, ikertzen, diseinatzen, eraikitzen, eta esperientzia berriak bizitzen. Lanaren emaitza ikerketa-proiektu bat nahiz proiektu teknologiko bat izango da. Ekainean ospatuko da Elhuyar Zientzia Azokaren ekitaldi nagusia: Bilboko Plaza Berrian izango den aurrez aurreko azoka handi bat, osasun-egoerak hala baimentzen badu.

Gazteei laguntzeko eta STEM mundu profesionalaren gertuko erreferentziak izan ditzaten, Euskal Zientzia eta Teknologia sareko ikertzaile-talde zabala bildu du dagoeneko Elhuyarrek, gazteen aholkulari izan daitezen. Izan ere, 200etik gorako ikertzaile-taldeak eman du izena 2021eko Elhuyar Zientzia Azokan gazteen aholkulari izateko. Haietatik, % 55 dira emakumezkoak eta % 45 dira gizonezkoak.

Hala, beren proiektuen barnean, gazteek zientzia eta teknologiako benetako profesionalak ezagutuko dituzte, haiekin abenturak eta bizipenak partekatuko dituzte eta beren lanean bidelagun izango dituzte.

Ikasturteko egutegia

  • 2021eko urtarrilaren 1etik 31ra: Aurretiko izen-ematea (formularioa).
  • 2021eko otsailaren 1etik martxoaren 8ra: Ikertzaileekin harremana (online).
  • 2021eko martxoaren 8tik apirilaren 12ra: Azokarako proiektua bidali (formularioa).
  • 2021eko maiatzean: Epaimahaiak lanak aztertu eta taldeekin harremana izan (online).
  • 2021eko ekainaren 5ean: Elhuyar Zientzia Azokaren azoka nagusia; egoerak ahalbidetzen badu, azoka presentziala izango da Bilboko Plaza Barrian.
  • 2021eko ekainetik aurrera: Sariak (kanporako bidaiak, trebakuntza eta egonaldiak zentroetan).

Elhuyar Zientzia Azokak Eusko Jaurlaritzaren, Nafarroako Gobernuaren, Fundación Española para la Ciencia y la Tecnologíaren (FECYT), Bilboko Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Erabi-ren laguntza ekonomikoa du, eta euskal unibertsitate eta ikerketa-zentro nagusien lankidetza.

STEAM Euskadi saria

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak STEAM Euskadi saria eman zion Elhuyar Zientzia Azokari 2020ko azaroaren 18an, STEAM hezkuntzako proiektu berritzaileenaren kategorian. Deialdira aurkeztutako 133 proiekturen artean izan zen hautatua STEAM izaera edukitzeagatik, erabiltzen duen metodologiarengatik, lortutako emaitzengatik, izaera berritzailea izateagatik eta ezarritako hobekuntzengatik.

DBHko eta Batxilergoko ikasleek garatutako STEAM proiektuen azoka da Elhuyar Zientzia Azoka. Zientzia eta teknologiarekin lotutako esperientziak eta aukerak eskaintzen ditu; ikertzaileak hezkuntza zientifikoan inplikatzen ditu, eta emakumeei ikusgarritasuna ematen arreta berezia jarri. Hemen, hori guztia erakusten duen ikus-entzunezkoa.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia