}

7. Egiazkoa da ala fake newsa?

2020/11/12 Elhuyar Zientzia

7-egiazkoa-da-ala-fake-newsa

 

Azken urteotan, sare sozialek asko aldatu dute informazioa kontsumitzeko modua, eta informazioak etengabe bonbardatzen gaitu formatu eta euskarri desberdinen bidez;  Informazio asko izatea positiboa eta onuragarria izan beharko litzateke, baina zer gertatzen da jasotzen dugun informazio gehiena egiazkoa ez denean? Errealitate horrekin egin zuen topo Massachusettseko Teknologia Institutuko ikertzaile talde batek. Zenbait ikerketatan oinarrituta, ondorioztatu zuten Twitterren ageri diren albiste faltsuak, fake newsak, egiazkoak baino askoz gehiago direla. Gainera, ikusi zuten gezurrak askoz gehiago zabaltzen direla, hau da, gehiago partekatzen direla; Twitterren istorio faltsu bat kontatzen duen txio batek, fake news batek, egiazko txio batek baino % 70eko  probabilitate handiagoa du bertxiotua izateko, hau da, sare sozialaren beste erabiltzaile batzuei zabaltzeko.

Ildo beretik, Nature Physics aldizkarian argitaratu zen artikulu batean, ondorioztatu zuten desinformazioa (fake newsak) birus biologikoen antzera zabaltzen dela baina azkarrago eta jende gehiagorengana hedatzen dela. Artikuluaren egileek azaltzen dutenez, informazioa inoiz baino azkarrago hedatzen da, bai informazio "ona", baita fake news izenaz ezagutzen diren albiste faltsuak ere.

Egoera horren aurrean, Facebooken, Instagram sare sozialaren eta WhatsApp aplikazioaren jabea neurriak hartzen hasi zen fake newsen hedapena murrizteko plataforma horietan, eduki biralen birbidaltzea mugatuz. Googlek eta Twitterrek ere antzeko neurriak iragarri dituzte beren plataformetan informazio faltsua ez zabaltzeko.

Baina fake newsen hedapenaren erantzuleak ez dira Facebook, WhatssApp, Twitter edo antzeko sare sozialak. Pertsonen arteko aurrez aurreko harremanetan ere fake newsak hedatzen dira, lagunekin hizketan gaudela aipatzen diren txutxu-mutxuen bidez, adibidez. Pertsonak gara, beraz, benetako informazioen eta informazio faltsuen hedapenaren erantzuleak. Horregatik, gure ardura da fake newsen hedapena saihestea, iristen zaigun, aurkitzen dugun eta partekatzen dugun informazioarekin kritikoak eta analitikoak izanik; eta, gure esku dago albiste faltsu horietako baten aurrerabidea etetea.

Baina, nola bereizten dira albiste errealak eta fake newsak? Hurrengo lerroetan, Pilar Rodríguez Franco Biologia Ebolutiboko Institutuko komunikazio-arduradun eta dibulgatzaile zientifikoak emandako aholkuak aurkeztuko ditugu. Aholku horiek lagungarriak izan daitezke albisteak «pentsalari kritikoaren betaurrekoekin» irakurtzeko eta informazioa erreala den edo fake newsa den identifikatzen laguntzeko:

  • Ez  erreparatu albistearen titularrari bakarrik: Garrantzitsua da artikuluak aurkezten dituen xehetasunak aztertzea. Zenbat eta informazio gehiago izan, orduan eta errazagoa izango da haren sinesgarritasuna zehaztea.

  • Bilatu informazio-iturria: Aurkitu eta aztertu informazioaren jatorria. Aurkikuntza zientifikoei, osasunari eta aurkikuntza harrigarriei buruzko berriek —bai eta gainerako informazioek ere— iturriari egin behar diote erreferentzia. Beraz, zalantzan jarri informazio-iturririk gabe jasotzen dituzun informazioak.

  • Eszeptizismoz aztertu oso harrigarriak diren baieztapenak: aztertu behar da ea ebidentzietan oinarritutako baieztapen baten aurrean gauden edo, aldiz, albiste gehiegizko edo faltsu baten aurrean.

  • Informazioa egiaztatu: Informazio deigarri edo alarmista bat leku  batean bakarrik agertzen bada (webgune bat, komunikabide bat...), zalantzan jarri, eta saiatu aurkitzen informazio bera edo horri erreferentzia egiten dioten beste informazio batzuk beste webgune edo komunikabide batzuetan, aurrekoaren egiazkotasuna berresten laguntzeko.

  • Ez birbidali edo zabaldu kritikoki aztertu ez duzun informaziorik: Jasotzen dugun informazio bat egiazkoa den aztertu gabe birbidaltzeak informazio faltsua zabaltzen lagundu dezake. Sarritan, informazioa argitaratzen duen erakundearen webgunearen azterketa batek edo informazioa egiaztatzeko interneten egindako bilaketa azkar batek agerian utz dezake albiste faltsu bat dela.

Baina, aipatu den bezala, fake newsak ez dira internet bidez bakarrik hedatzen, pertsonen arteko zuzeneko elkarrizketetan ere zabaltzen da informazio faltsua. Adibidez, azken hilabeteetan COVID-19aren inguruan hitz egin duzunean jendearekin, seguru asko entzungo zenion norbaiti ustez egia zen zerbait esaten, nahiz zuk aurrez jakin gezurra zela. Seguruenik, ezjakintasun hutsez ariko zen, hau da, fake news bat zabaltzen, asmo txarrik gabe bazen ere.

Internet bidezko mezu baten bidez zein aurrez aurreko elkarrizketa baten bidez informazio faltsu bat jasotzen dugunean, oso garrantzitsua da informazio horren igorleari, gertuko pertsona bat bada behintzat, oker dagoela esaten jakitea. Askotan ez da erraza izaten, baina saiatu behar dugu ikusarazten oker dagoela. Fake newsak identifikatzen dituen maldita.es webgunean, psikologo adituekin hitz egin ondoren, egoera honen aurrean jokatzeko hurrengo gomendioak argitaratu zituzten: 

  • Ez egin erasorik inori eta ez barregarri utzi oker dagoen eta fake newsa bidali duen pertsona: enpatiaz jokatu, eta argi izan momenturen batean zuk ere informazio faltsu bat sinetsi eta zabaldu dezakezula. Horrela, aurrean duzun pertsona ez da defentsiban jarriko, eta errazagoa izango da helarazi nahi diozun mezuari erreparatzea eta horri buruz hausnartzea.

  • Saiatu ulertzen zerk bultzatu duen fake newsa zabaltzera: zer esaten duen, nola esaten duen eta zer asmorekin esaten duen aztertu behar da. Gertuko pertsona bada, litekeena da asmo txarrik ez izatea, eta, beraz, oso garrantzitsua da haren arrazoibidea ulertzen saiatzea oker dagoela konbentzitzen saiatu aurretik. Batzuetan, beldurrak, egoera bat ez kontrolatzeak edo bakardadeak bultza dezake pertsona bat informazio faltsu bat sinestera.

  • Kontua ez da gure azalpenarekin bestearen gainetik geratzea, oker dagoela azaltzea baizik: oker dagoela frogatu behar dugu, baina errespetuz, betiere azalduz haren  informazioari kontra egiten dioten argudio sendo eta hobeak daudela.

  • Hobe da zentzu positiboan hitz egitea negatiboan baino: Adituen ustetan, garrantzitsua da komunikazio positiboa baliatzea, esaldi positiboak erabiltzea. Adibidez, hobe da “txertoak seguruak dira” esatea, “txertoek ez dute gaixotasunik eragiten” esatea baino. Gainera, fake newsa bidali duen pertsonak beste batean ekarpen baliotsuak egiten dituenean edo informazioren bat zuzentzen duenean, garrantzitsua da jarrera hori gure onespen sozialaren bidez indartzea.

  • Adeitasunez, baina zuzenketa beti egin behar da: informazio faltsu bat zabaltzen ari den pertsonarekin hitz egitean, nahiz eta egoera deserosoa izan,  fake news bat zabaltzen ari dela esan behar zaio, eta gaiari buruzko informazio ofizialera bideratzea komeni da.

  • Argumentu erraz baina sendoekin konbentzitzen saiatu: Esaten duena egia ez dela ikusarazteko erabiltzen dugun informazio-kopurua ere zaindu behar da. Kontua ez da informazio eta datu pila ematea, egokienak ematea baizik.

  • Noiz eta non hitz egin behar dugu fake news bat bidaltzen digun pertsona batekin? Komunikazioa hobea da aurrez aurrekoa denean, baina beti ez da posible. Nolanahi ere, hobe da komunikazioa esparru pribatuan eta momentu lasai batean izatea. Horrela, etenak saihestuko dira, eta bien arteko eztabaida eta argudioen azalpen lasaia sustatuko da. Onlineko komunikazioetan, errazagoa da elkarrizketa etetea eta informazio-iturrietara jotzea, baina jokoz kanpo geratzen da norberaren emozioak azaltzeko eta bestearenak identifikatzeko hain garrantzitsua den gorputz-hizkuntza.

Desinformazioaren hedapena murrizteko, oso garrantzitsua da aurreko gomendio guztiei jarraitzea; Izan ere, fake newsek Espainian duten eraginari buruzko ikerketa baten arabera, Espainiarren % 86k zailtasunak ditu informazio faltsuak eta egiazko albisteak bereizteko, eta inkestatutakoen % 4k dio albiste faltsuren bat sortu duela, eta haietako erdiek onartzen dute zabaldu egin dituztela.

Aurrekoagatik guztiagatik, adi egon behar dugu iristen zaizkigun eta zabaltzen ditugun informazioekin, askoz errazagoa baita fake news bat sortzea eta zabaltzea informazio faltsu bat gezurtatu eta haren hedapena saihestea baino.

Beraz, informazio faltsuen ugaritze horren aurrean, pentsamendu kritikoa erabili behar dugu; izan ere, fake newsek pentsamendu kritikorik ez duten eta irakurtzen edo entzuten duten guztia sinesten duten pertsonen bidez egiten dute aurrera.

 

Dokumentua deskargatzeko sakatu hemen.