6. Gertaerak berretsi dituzu?

2020/11/12 Elhuyar Zientzia

 

Ahal izanez gero, gertakizunen edo baieztapenen berrespen independentea egon behar da. Hau da, beste edonork lortu behar ditu ikerketa batean lortutako emaitzak, ikerketaren esperimentazio-fasean planteatzen diren metodo bera baliatuz.

Zergatik diogu “ahal izanez gero”? Errepikagarritasunaren irizpidea ez delako betetzen zientzia guztietan. Teorikoagoak diren zientzietan —historian adibidez—, non fenomenoak ezin baitira modu kontrolatuan edo artifizialean errepikatu, ezin dira gertakari historikoak esperimentu baten bitartez errepikatu. Beste zientzia batzuetan, aldiz — zientzia esperimentaletan, batez ere—, errepikagarritasunak sinesgarritasuna emango die esperimentazioan oinarritutako emaitzen bidez inferitutako ondorioei.

Beraz, erreplikagarritasuna da aurrerapen zientifikoak finkatzeko oinarrizko ezaugarrietako bat. Metodo zientifikoaren azken urratsa jarraituz ikerketa baten emaitzak gizarteratzen direnean, hau da, informazio bat argitaratzen denean, haren sinesgarritasuna bermatuta dago ikerkuntzaren hipotesia berresteko esperimentazioa beste edonork egin eta emaitza eta ondorio berdinetara iristen bada. Errepikagarritasunaren azterketaren bidez, sendotu egin daitezke emaitzak eta ondorioak, edo ustekabeko akatsak eta iruzurrak hauteman daitezke. Errepikatu ezin bada, ezin da egiaztatu, eta ondorioz ez da sinesgarria.

Kasu gehienetan ezingo ditugu errepikatu iristen zaizkigun informazioak egiaztatzeko egin behar diren probak edo esperimentuak; Horregatik, gure eguneroko bizimoduan iristen zaigun informazioa kontrastatzeko, gomendatzen da gai horren inguruko adituen iritzia ezagutzea. Izan ere, oso baliagarria da komunitate zientifikoaren iritzia jakitea, jasotzen dugun edozein informazioren sinesgarritasuna aztertzeko; eskuartean dugun informazioa sinesgarria den aztertzen lagunduko digu.

Aurreko guztia hobeto ulertzeko, ikus ditzagun adibide batzuk, etxean izan ditzakegun elementuak erabiliz esperimentuen errepikagarritasuna aztertzeko balioko digutenak: jaso al duzu inoiz sare sozialetan birala egin diren erronkarik edo challengerik? Bada, erronka horietako adibide bat erabiliko dugu errepikagarritasunaren kontzeptua argitzeko eta erronka horretan planteatzen dena benetakoa den ikusteko: “Aulkiaren erronka” (#ChairChallenge).

Erronka hau asko hedatu zen sare sozialen bidez, beharbada —hainbeste zabaltzeko gako gisa—, esate zelako emakumeek bakarrik gainditu zezaketela. Hauek izan ziren erronkaren inguruan hainbat egunkari eta aldizkaritan argitaratu ziren titular batzuk: “Chair Challenge, azken erronka birala ez da egokia gizonentzat” (El Mundo, 2019/12/04), “#Chairchallenge, emakumeek bakarrik gainditu dezaketen erronka birala” (El Periódico, 2019/12/04), “‘Chair Challenge’: emakumeek bakarrik egin dezaketen erronka biral berria” (Womenshealth, 2019/12/03), “'Chair Challenge', gizonek gainditu ezin duten erronka biral berria” (As, 2019/12/04), eta abar.

Gainera, egun horietan bideo asko zabaldu ziren sare sozialetan, erakutsiz zeinen erraz lortzen zuten emakumeek erronka eta zeinen baldarrak ziren gizonezkoak.

Komunikabideetan agertutako titularren eta #ChairChallenge traolarekin argitaratu ziren bideo gehienen arabera, argi geratzen zen emakumezkoek bakarrik lortu dezaketela erronka hori; baina, sinesgarritzat emango zenuke baieztapen hori egunkarietako albisteen eta biralizatu ziren bideo pilaren ondorioz bakarrik? Pentsalari kritiko batek aulki bat hartu, eta erronka egiteko ematen diren argibideei jarraituz, bere behaketa propioa egingo luke.

Zure pentsamendu kritikoa praktikan jartzen hasi nahi baduzu, hauek dira dira erronka egiten saiatzeko jarraitu beharreko pausoak: 

  • Pareta baten aurrean jarri eta egin hiru pauso atzera (aulkia eskura izan).

  • Inklinatu gorputza aurrera 90 gradu, pareta ukitu arte.

  • Posizioa aldatu gabe, hartu aulkia bi eskuekin, eta gerturatu bularrera.

  • Aulkia askatu gabe altxatzen saiatu.

Erronka egiteko azalpenen bideoa ikusteko sakatu hemen.  

Erronka egiteko erabiltzen den lagina txikia bada, hau da, erronka osatzen saiatzen diren pertsona-taldea txikia bada, oso litekeena da biralizatu zen emaitza bera errepikatzea, eta ontzat ematea egunkarietako titularretako eta bideoetako informazioa. Zabaldutako informazioarekin bat datozen emaitzak izanda ere, pentsalari kritiko batek zalantzan jarriko luke generoaren hipotesia, eta beste hipotesi bat planteatzen eta probatzen saiatuko litzateke: posible da erronka osatzeko arrakasta pertsonen ezaugarri morfologikoen araberakoa izatea? 

Aurreko galderan planteatutakoa probatzeko, laginak handiagoa eta heterogenoagoa izan behar du, hau da, pertsona asko eta ezaugarri fisionomiko desberdinekoak hartu behar ditugu. Hala, erronkak generoarekin zerikusirik ez duela egiaztatuko duzu, erronka lortzeko gaitasuna pertsona bakoitzaren ezaugarri morfologiko eta antropometrikoen araberakoa baita.

Beraz, gezurra da emakumeak bakarrik direla erronka egiteko  gai, ezaugarri morfologiko zehatz batzuk dituzten gizonak ere erronka egiteko gai baitira. Modu berean, egongo dira beren morfologia eta ezaugarri antropometrikoengatik erronka osatzeko gai ez diren emakumeak ere. Emakumezkoen eta gizonezkoen gorputzen ezaugarri morfologiko orokorren ondorioz, emakume gehiago izango dira erronka egiteko gai gizonezkoak baino, baina ez emakume edo gizon izateagatik; beraz, titularrean emandako informazioa ez da zuzena.

Antzeko beste adibide bat: NASAren mezu batean oinarriturik, sare sozialetan asko zabaldu zen beste erronka bat da, erratzaren erronka (#BroomstickChallenge). 2020ko martxoaren erdialdean, COVID-19ak sortutako pandemiaren eraginez etxean berrogeialdian geundenean, erratzaren erronka indar handiz biralizatu zen herrialde askotan. Erronkak berak ez du sekretu handirik: helburua da erratz bat zutik jartzea eta zutik eustea inork heldu gabe eta inolako euskarririk gabe. Bideo eta argazki ugari partekatu ziren sare sozialetan, gainditutako erronka biralaren erakusgarri. Hona erronka aurkezteko sare sozialetan zabaldu zen mezua:

“#NASAren arabera, gaur da, Lurraren ardatzaren inklinazioagatik erratz bat laguntzarik gabe zutik mantenduko den egun bakarra; 3.500 urtean behin gertatzen da hori” (Twitter, @karenmercadop, 2020/03/17)

Baina ez zen mezu hori sare sozialetan zabaltzen zen lehenengo aldia. Hona aurretik argitaratutako antzeko mezu bat:

“Tira, NASAk esan zuen gaur zela erratz batek laguntzarik gabe zutik eutsiko zion egun bakarra, grabitazio-erakarpenaren ondorioz... Hasieran ez nuen sinetsi, baina ene Jainkoa!” (Twitter, @Mikaylaaaaa, 2020/02/10)

Erronka planteatzeko biralizatu ziren aurreko mezuek bazeuzkaten berezitasun batzuk: alde batetik, erronka osatzeko aukera egun jakin batera mugatua egotea (bi mezuetan egun desberdina), eta 3.500 urte pasatu arte ezingo zela errepikatu adierazten zuen. Bestetik, NASAri egiten dion aipamenaren arabera, erakunde espazialean egongo litzateke baieztapenaren jatorria.

Zer egingo zuen pentsalari kritiko batek aurreko mezuetako bat jasotzerakoan? Argi dago, lehenengo gauza erratza bat hartu eta zutik jartzen saiatuko litzateke. Demagun, sare sozialetan #BroomstickChallenge traolarekin zabaldu ziren argazki eta bideoetan bezala, erratza zutik jartzen eta inolako laguntzarik gabe zutik mantentzea lortzen duela. Erronkak planteatzen duena sinetsiko luke? Ez, ez luke sinetsiko, erronkak planteatzen duen baieztapenetako bat soilik baieztatzen delako: egun jakin horretan erratza zutik mantentzen da. Baieztapenaren sinesgarritasuna bermatzeko, saiatuko litzateke gaiari buruzko informazioa arakatzen eta erratza beste egun batean zutik mantentzen. Hori eginda, mezuetan esaten dena gezurra dela ikusiko luke, edozein egunetan jar daitekeelako zutik erratza eta hari zutik eutsi. Erratza-motaren arabera, errazagoa edo zailagoa izango da  erronka, baina horrek ez du zerikusirik Lurraren ardatzaren inklinazioarekin, ezta Lurraren grabitate-indarrarekin ere.

Informazioaren jatorriari dagokionez, ustez, NASA izan zen erronka egun horretan bakarrik egin daitekeela esan zuena, baina ez dago horren aztarnarik. Beraz, zabaldu zen mezua amen-omen bat izan zen. Erronkarekin erlazionatutako mezuak hainbeste hedatu ziren, ezen NASA berak txio bat argitaratu zuen, eta erronkan planteatutako baieztapenak gezurtatu zituen. Honela zioen 2020ko otsailaren 10ean #BroomstickChallenge traolarekin biralizatu zen erronkari erantzunez NASAk argitaratu zuen mezuak:

“Alvin Drew astronautak eta Sarah Noble zientzialariak #BroomstickChallengeari erantzun diote, eta erakutsi dute oinarrizko fisikak urteko egun guztietan funtzionatzen duela, ez bakarrik otsailaren 10ean” 

Adibide hauekin, beraz, agerian geratzen da zeinen garrantzitsua den gertaeren berrespen independentea pentsamendu kritikoa garatzeko bidean. Posible denean, gertaeren berrespena norberak egitea komeni da, baina esperimentazio horrek ematen dituen emaitzak ontzat emateko, ezinbestekoa da komunitate zientifikoak gaiaren inguruan duen iritzia ezagutzea.

 

Dokumentua deskargatzeko sakatu hemen.