2006ko urakanak
2006/06/01 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia
Jadanik plazaratu dituzte ustez aurten Atlantikoan izango diren ekaitz tropikal eta urakanen iragarpenak. Iragarpen esanguratsuena NOAA agentzia estatubatuarrarena izaten da. Haien ustez, lau urakan bortitz izango dira gutxienez 2006an. Beste iragarpen batzuk, Colorado Estatu Unibertsitatearena eta Londresko Benfield Hazard ikerketa-zentroarena adibidez, antzekoak dira.
NOAAk 13-16 ekaitz tropikal iragarri ditu, eta, horietatik, 8-10 urakan izatera iritsiko dira; gainera, 4-6 oso urakan bortitzak izango dira. eragiten duten haizearen abiaduraren arabera sailkatzen dituzte ekaitzak; ekaitz tropikal, urakan eta urakan bortitz deritze gutxienez 62, 118 eta 178 kilometro orduko haizeak dituzten ekaitzei, hurrenez hurren. Datu horien arabera, ohi baino ekaitz gehiago izango da uda honetan, nahiz eta ez duten espero 2005eko ekaitz-kopurura iristea.
Ozeanoko uraren tenperatura, haizearen indarra eta beste hainbat faktore kontuan hartuta egin dute kalkulua. Baina adituak kezkatuta daude, ez baitira kalkulu zehatzak. Esate baterako, iazko maiatzean, iragarritako ekaitz-kopuruaren bikoitza izan zen Atlantikoan. Hain zuzen ere, urakanen izenen zerrenda motz geratu zitzaien.
Nolanahi ere, aurtengo izen-zerrenda prest dago, eta, urtero bezala, hogeita bat izen sartu dituzte:
- Alberto
- Beryl
- Chris
- Debby
- Ernesto
- Florence
- Gordon
- Helene
- Isaac
- Joyce
- Kirk
- Leslie
- Michael
- Nadine
- Oscar
- Patty
- Rafael
- Sandy
- Tony
- Valerie
- William