}

1. Seguru zaude zure usteez?

2020/11/12 Elhuyar Zientzia

1-seguru-zaude-zure-usteez

 

Askotan eskuartean daukagun informazioa ontzat emateko nahikoa izaten da norberaren iritziarekin bat datorren arrazoiketa beste baten ahotik entzutea; baina, oso garrantzitsua da gure iritziarekin bat ez datozen iritziak eta arrazoiketak ere ezagutzea.

Pentsalari kritiko batek zalantzan jartzen ditu gai baten inguruan dituen iritziak, kontuan hartzen ditu beste iritzi batzuk, eta iritzi horien arrazoiketak ulertzen saiatzen da. Hau da,  besteen argudioak ebaluatu aurretik, norberaren ideiak eta jarrerak argudiatzeko gai da. Gainera, bere iritzia ona dela uste duenean, gai da bere arrazoiketa errespetuz emateko eta defendatzeko, eta eztabaida aberatsa eta mamitsua sustatzen du.

Eztabaida batean parte hartzeko oso garrantzitsua da argudiatzen jakitea, hau da, ikuspuntu batetik abiatuta, argudio arrazoituen bidez iritzia adieraztea; eta argudiatzen ikastea abiapuntu ezin hobea da pentsamendu kritikoaren trebetasunak garatzeko, hala nola planteamendu argiak egiteko, ikuspegi anbiguoak identifikatzeko, argudioak ebaluatzeko, eta abar. Eztabaidak beraz, ikaskuntza sustatzen du, eta enpatia eta komunikazio-trebetasunak garatzen ditu; azken batean, pentsamendu kritikoa garatzen laguntzen du.

Aurretik azaldutako guztiaren kontra, pentsamendu kritikorik ez duen pertsona batek suhartasunez defendatzen ditu bere iritziak, eta bestearen argudioak baliogabetzen saiatuko da haren arrazoiketak gutxietsiz, eta, kasurik okerrenean, “ad hominem” argudioa erabiliz. “Argumentum ad hominem” izenarekin ezagutzen den falazia erabiltzen duenak ez ditu aurkezten arrazoi egokiak; horren ordez, baieztapen bat aldezten duen pertsona gaitzesten du, edo pertsona hori bere ezaugarri edo ideiengatik erasotzen du, eta baieztapenaren sinesgarritasuna ezeztatzen saiatzen da.

Telebistan ikus daitezkeen eztabaida politiko asko horren erakusgarri dira: arrazoiak oihuka eta besteen argudioak gutxietsiz ezarri nahi dituzten tertuliakideek "ad hominem" argudioa erabiltzen dute askotan aurkako alderdiaren iritziei aurre egiteko, norberaren argudioei inolako kritikarik egin gabe, objektibotasunik gabe, eta iritzi guztiak hizlarien joera ideologikoak markatuta.

PPko Celia Villalobos diputatuak, adibidez, Podemoseko diputatuei eta haien itxurari buruz hitz egin zuen, ordura arte Diputatuen Kongresuan ohikoa zen traje eta gorbataz osatutako jantziaz aldentzen zirelako. Hain zuzen ere, hau esan zion Alberto Rodríguez Rodríguez diputatuari: “niri berdin dit rastak eramatea, baina garbiak eraman ditzala, niri zorriak ez kutsatzeko”. Telebistan egindako adierazpen horiekin, Villalobosek, Podemoseko diputatuaren iritziak argudioekin kritikatu beharrean, itxura mespretxatuz saiatu zen haren ideiak zapuzten.

Baina, horrelakoak ez dira bakarrik telebistan ikusten. Gure egunerokoan ere ohikoa da, adibidez, mugimendu feministaren kontrako arrazoiak ematerakoan “feminazi” hitza erabiltzea. Horrela, feministen aldarrikapen eta iritziei kontra egiteko arrazoiak errespetuz adierazi ordez, eraso egiten da haren alde dauden pertsonak gaitzesten saiatuz. Hau da, feminista bat nazi batekin parekatzen da, gizabanakoa (feminista) eta mugimendua (feminismoa) difamatzen saiatuz.

Pentsalari kritiko batek beraz, informazio baten inguruan besteek dituzten argudioak entzuten eta analizatzen jakin behar du, eta, bere iritzia defendatzeko, ebidentzietan oinarrituta argudioak emango ditu, betiere bestearekiko errespetua mantenduz eta esan nahi den hori ahalik eta argien adieraziz (elkarrizketaren mailara egokituz).

 

Dokumentua deskargatzeko sakatu hemen.