Elhuyar zientziaren komunikazioa

Jaizkibel, hareharriaren apetak

2014/07/01 Iturria: Elhuyar aldizkaria

Hondarribia eta Orio arteko kostaldean, 40 kilometrotan zehar, altxor handiak daude; Jaizkibel formazioko hareharrizko estratuek gordetzen dituzten altxor geologiko eta biologikoak dira. Carlos Galánek eta Aranzadi Zientzia Elkarteko Espeleologia Saileko beste lankide batzuek 14 urte daramatzate hareharrizko estratu horiek ikertzen, eta gaur arte 220 barrunbe eta interes geologikoko puntu baino gehiago aurkitu dituzte.

Igeldo, Ulia eta Jaizkibel bera biltzen dituen Jaizkibel formazioa duela 54-45 milioi urte (Eozenoan) sortutako flysch bat da. Eta flysch horren berezitasuna da harea-kantitate handiak pilatu zirela bertan. Harea hori hondo abisaletan sedimentatu eta hareharri bihurtu zen. Gero, lurrazalera atera zenetik, hareharrizko estratu lodietan karstifikazio-prozesuak gertatu dira, eta, horren ondorioz sortu da, Galánek azaldu duenez, "karst edo pseudokarst berezi bat, barrunbez eta geoformaz betea. Asko berriak dira zientziarentzat, eta munduan ezagutzen diren bakarrak".

"Hareharrian haitzuloak sortzea oso arraroa da, normalean gainazaleko higadurak arroka hare bihurtzen baitu" dio Galánek. Baina Jaizkibelen, ura harkaitzean infiltratzen da, lurpeko akuifero bat sortzen da, eta akuifero horretan hareharriaren zementua eta kuartzozko aleen zati bat disolbatzearen ondorioz barrunbeak sortzen dira. "Ohikoenak haitzulo txikiak diren arren, badira barrunbe handiak ere, lehorrak nahiz hidrologikoki aktiboak. Gaur egun ezagutzen ditugu 70 metroko desnibela duten simak, 250 metrokoko luzera duten kobazuloak, eta 40 metrorainoko diametroa eta 8 metrorainoko altuera duten barrunbeak".

Jaizkibelgo hareharrian disoluzio- eta prezipitazio-prozesuak karst klasikoetan (kareharrian) baino konplexuagoak dira. Erreaktibotasun handiko soluzioak sortzen dira, eta, batzuetan, horri gehitzen zaio mikroorganismoek sortutako azido organikoen eragina. Hala, lurpeko akuiferoan difusio- eta konbekzio-prozesuak eta aktibitate kimikoaren uhinak gertatzen dira. Eta horren guztiaren ondorioz sortzen dira banda-egitura erritmikoak, berzementazioak eta prezipitazioak hexagono edo poligono-forman, edo diseinu fraktalak... "Ingurune inorganikoko autoantolaketa-prozesuak dira, sistema konplexu ez-linealen eremukoak" dio Galánek.

Jaizkibelgo geoforma berezien artean, hainbat forma albeolar eta abaraska-itxurako gelaxkez gain, azpimarratzekoak dira, besteak beste, boxwork erraldoiak, koral-formak, mota desberdinetako nodulu eta konkrezioak, forma kordatuak, Moebiusen bandak, Liesegang eraztunak eta bandak, eta hieroglifikoak diruditen egitura trokelatuak.

Espeleotema (estalaktita, estalagmita...) oso bereziak ere badira, ezohiko mineralekin osatuak: opalo-A, magnetita, hematita, goethita, aluminio amorfozko silikatoak, alofanoa, igeltsua, kaltzita, kaltzedonia, anatasa...

Bestalde, haitzulotako 50 espezietik gora dituzten ekosistemak ere aurkitu dituzte. Espezie horien artean, lehorrekoak, ur gezakoak eta itsasokoak daude, eta, batzuk Tertziarioko "fosil bizidunak" dira.

Galánek eta lankideek nazioartean hedapen handia izan duten 40 artikulutik gora argitaratu dituzte. Baina, "interes zientifiko handia izan arren, Jaizkibelgo hareharriko karstaren ikerketak inolako laguntza ofizialik gabe, eta baliabide oso gutxirekin egin dira --salatzen du Galánek-- eta, administraziotik isilduak izan dira, batez ere Pasaiako superportuaren garapenarentzat oztopo bat zirelako. Orain, dagoeneko arazo hori ez dagoela dirudienean, komeni da zehaztea hareharriko karstari buruz ezagutzen duguna icebergaren punta baino ez dela, eta aukera handia dagoela prospekzio, ikerketa eta aurkikuntza gehiago egiteko etorkizunean".

Galánek ondare geologiko eta biologiko hau kontserbatzearen garrantzia azpimarratzen du, "baina kontserbatzeko, lehenago ezagutu eta balioetsi egin behar da, eta horretarako beharrezkoa da ikerketa gehiago sustatzea eta finantzatzea; eta hori oraindik falta da". Azkenik, Galánek argi utzi duenez, "barrunbe eta geoforma asko malkar bertikal, labar eta iristeko zailak diren lekuetan daude, eta, kasu askotan izugarri hauskorrak dira; horregatik, ezin dute jasan turismorik eta, beraz, ez litzateke horrelakorik sustatu behar, baizik eta kontserbazioa, babesa eta ikerketa".

Ikusi galeria moduan

Boxwork erraldoiak

Boxwork erraldoiak

Boxwork erraldoiak, hareharriaren ale-arteko disoluzioz sortuak Jaizkibelgo haitzulo batean. Horrelako geoformarik ez da beste inon ikusi.

Hareharriko karsta

Hareharriko karsta

Karstifikazioa hareharrizko estratu lodietan gertatzen da. Estratu horiek malkar, labar eta plaka handiak osatzen dituzte.

Hareharriko karsta 2
Haitzulo izanak

Haitzulo izanak

Barrunbez eta geoformaz betetako hareharrizko karsta da eskualde honetako ezaugarririk garrantzitsuena. Haietako batzuk gaur egun azalean dauden arren, inoiz haitzulo izandakoen pareten hondarrak dira. Koloreak eta diseinuak ikusgarriak dira.

Haitzulo bat

Haitzulo bat

Hidrologikoki aktiboa den haitzulo bateko sarrera. Lurpeko erreka batek zeharkatzen du haitzuloa, eta espeleotema ugari ditu.

Haitzulotako fauna

Haitzulotako fauna

Bertako bizidun batzuk (ezkerretik eskuinera): <em>Kratochviliola</em> opilioia (ez du begirik, ez pigmenturik); <em>Neobisium</em> pseudoeskorpioia, Tertziarioko oihan tropikaletako faunaren errelikto bat; eta <em>Pseudoniphargus vasconiensis </em>jatorri itsastarreko ur gezatako anfipodo bat, Euskal Herrian endemikoa.

Paramoudrak

Paramoudrak

Paramoudrak itsas poliketo abisalen hodi fosilen inguruan sortutako konkrezio silizeoak dira. Hainbat forma har ditzakete: esferikoak, zilindrikoak, elkartuta zizare artikulatu baten itxura dutenak... Zortzi metro luze izatera iristen dira. Munduko ikusgarrienetakoak eta ondoen kontserbatu direnetakoak dira.

Paramoudrak 2
Geoformak

Geoformak

Zinta trokelatuak eta hieroglifikoak diruditen geoformak. Munduan ez da horrelako beste egiturarik ezagutzen.

Geoformak2
Moebius bandak

Moebius bandak

Moebius bandak. Munduan ez da horrelako beste egiturarik ezagutzen.

Boxwork erraldoiak 2

Boxwork erraldoiak 2

Boxwork erraldoiak eta forma orrikarak labarretan dauden haitzuloetan. Silize eta karbonato soluzioen difusio, konbekzio eta prezipitazioz, sare poligonalak sortzen dira, hostopil erraldoien itxurakoak. Jaizkibelen dagoen diseinu-aniztasunik eta tamaina handirik ez zen ezagutzen lehenago.

Boxwork erraldoiak 1611
Boxwork erraldoiak 3

Boxwork erraldoiak 3

Boxwork erraldoiak eta forma orrikarak labarretan dauden haitzuloetan. Silize eta karbonato soluzioen difusio, konbekzio eta prezipitazioz, sare poligonalak sortzen dira, hostopil erraldoien itxurakoak. Jaizkibelen dagoen diseinu-aniztasunik eta tamaina handirik ez zen ezagutzen lehenago.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia