El Hierro

2011/11/09 Elhuyar

Azken hilabeteotan asko hitz egin da El Hierrori buruz, hango jarduera bolkanikoa dela eta. Kanariar Uharteetako irlarik gazteena da, sumendi-dentsitaterik handiena duena. 500 krater ditu agerian, baina baita beste 300 bat ere, laba-kolada artean gorderik.

Zero meridianoa kokatzen zuen puntu geografikoa izan zen El Hierro, harik eta 1885ean Ingalaterrako Greenwich hiriak ordezkatu zuen arte. Gaur egun, anekdota historikoez gain, biosferaren erreserba da uharte osoa, bertako biodibertsitatearen garrantziari eta aberastasunari esker.

Paisaia ikusgarrietan txertatuak, ekosistema ugari ageri dira elkarren ondoan. Miter edo sabina zuhaitzak dira adibide bat. Ehunka urte dituzte, eta uhartea astintzen duten haize alisioen eragina dute haien forma apetatsuek. Gorago, 800 eta 1.500 metro artean, laurisilba basoa da nagusi, tokikoek “monteverde” ere deitzen diotena.

Faunari dagokionez, El Hierroren harribitxia musker erraldoia da, uharte honetan soilik bizi den narrasti bat. Desagertutzat jo zen, baina 1970eko hamarkadan artzain batek ezustean aurkitu zituen ale batzuk, eta muskertegi bat sortu zuten espeziearen iraupena bermatzeko.

Eta urpean gordeta daude beste hainbat altxor. Mediterraneoko eta Atlantikoko espezieak nahasirik ageri dira, eta urpeko paisaia ikusgarriez goza daiteke uharteko ia edozein txokotan; La Restingako itsas erreserban, esate baterako.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia