Agenda
“Emakume zientzialarien argitan” solasaldi-zikloaren udazkeneko sorta
Data:
2023/10/23 - 2023/12/11
Ordua: 19:00
Herria: Donostia
Lekua: Ernst Lluch Kultura Etxea
Emakume zientzialariak ezagutzea du helburu egitasmo honek. Izan ere, emakumeen ekarpenak ezkutuan geratu dira zientziaren eta teknologiaren historian, eta gaur egun ere nabarmena da emakumeen diskriminazioa arlo horretan.
Aurrez aurreko elkarrizketen bidez, arlo desberdinetan diharduten hiru emakume zientzialari ezagutzeko aukera izango da: Miren Vives Urbieta, Uzuri Albizu Mallea eta Onintze Salazar Perez. Besteak beste, azalduko dute zerk bultzatzen dituen ikertzera, zer galderari erantzun nahi dioten, zerk harritu dituen gehien eta zer zailtasuni egin behar dieten aurre. Ana Galarraga Aiestaran Elhuyarreko zientzia-dibulgatzaileak gidatuko ditu solasaldiak. Horrez gainera, "bi kulturen" estereotipoa (hots, zientziak eta humanitateak) gainditzeko gogokoen dituzten liburuak gomendatuko dituzte.
2023ko udazkeneko solasaldi-zikloa
Lehenengo solasaldia urriaren 23an izango da. Miren Vives Urbieta arkitektoa izango da protagonista, eta honako hau solasaldiaren izenburua: Nola diseinatu hiri eta etxe bizigarriak eta osasungarriak denontzat. Hiri eta auzo osasungarriago eta bidezkoagoak sustatzeko, baliagarriak dira ingurune urbanizatu eta eraikiek gure eguneroko bizitzan eta ongizate fisiko, mental eta sozialean duten eraginean oinarritutako diagnostiko eta proiektuak. Horretarako, hainbat ikuspegi hartzen dira aintzat; besteak beste, generoa, zahartze aktiboa, haurtzaro autonomoa, aniztasun funtzionala eta ahalmen ekonomikoa.
Uzuri Azbizu Mallea izango da bigarren elkarrizketatua. Matematikak izango ditu hizpide, eta azaroaren 20an hartuko du parte Matematika, gertutik eta barrutik izenburuko solasaldian. Gizartean oso zabalduta dago pertsona bereziki adimentsuek bakarrik ikas eta uler dezaketela matematika. Normalean, gainera, gizon batek gorpuzten du jenioaren irudi estereotipatu hori. Eta horrek eragina du ikasleengan: izan ere, sei urterekin, neskek jada gutxietsi egiten dute matematikak ikasteko beren gaitasuna, eta itxitzat ematen dituzte etorkizunerako bide batzuk.
Azken solasaldiko protagonista Onintze Salazar Perez izango da, abenduaren 11n, eta Eguraldia aldatu da edo aldaketa klimatikoagatik da? izango du izenburu saioak. Azkenaldian, muturreko fenomeno meteorologiko ugari izan ditugu inguruan: uholdeak, lehorteak, haizeteak… Horrekin batera, begien bistakoak dira zenbait aldaketa: Pirinioetako glaziarrak desagertzen ari dira, animalia migratzaileak beren ohiturak aldatzen ari dira, eta landaretzaren egitura eta hedapena ere aldatzen ari da. Eta eguraldia ere, jada ez omen da garai batekoa.
Hiru saioak euskaraz izango dira, astelehenetan, 19:00etan, Ernest Lluch Kultur Etxeko areto nagusian.
Solasaldien audioak Donostia Kultura Irratiko (DK Irratia) podcastetan eta Elhuyarren zientzia.eus webgunean entzun ahal izango dira.