}

Agenda

“Emakume zientzialarien argitan” solasaldi-zikloak jarraipena izango du udazkenean

Data: 2022/10/04 - 2022/11/29
Ordua: 19:00
Herria: Donostia
Lekua: Ernst Lluch K.E.

Elhuyarrek eta Donostia Kulturak elkarlanean antolatu duten Emakume zientzialarien argitan solasaldi-zikloak jarraipena izango du udazkenean: hiru saio gehiago egingo dira, bat urriaren 4an eta beste biak azaroan, 8an eta 29an. 

Egitasmo honek emakume zientzialariak ezagutzea du helburu. Izan ere, zientziaren eta teknologiaren historian emakumeen ekarpenak ezkutuan geratu dira, eta gaur egun ere nabarmena da emakumeen kontrako diskriminazioa arlo horretan.

Lehenengo solasaldia urriaren 4an izango da. Itziar Laka Mugarza izango da elkarrizketatua, eta solasaldiaren izenburua honako hau izango da: Itziar Laka Mugarza: imajinaezinaren bila, hizkuntzatik abiatuta.

Itziar Laka Mugarza Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak saileko katedraduna da, eta Gogo Elebiduna ikerketa-taldearen zuzendaria EHUn. Jakiunde Euskal Herriko Zientzia, Arte eta Letren Akademiako kidea da, eta euskaltzain urgazlea. Interneten eskuragarri den A Brief Grammar of Euskara, the Basque Language gramatikaren egilea. Bere ikerketak hizkuntzalaritza teorikoa eta psiko/neurolinguistikako metodo esperimentalak uztartzen ditu, hizkuntzaren irudikapen eta prozesamendu neurala argitzeko, batik bat sintaxiaren eta elebitasunaren inguruan.

Amaia Bacigalupe de la Hera izango da bigarren elkarrizketatua. Osasuna izango du hizpide, eta solasaldia azaroaren 8an egingo da, Amaia Bacigalupe de la Hera: osasuna ez da soilik gaixo ez egotea titulupean. 

Amaia Bacigalupe de la Hera Osasun Publikoan doktorea da, Soziologiako irakaslea da Euskal Herriko Unibertsitatean, eta ikertzailea OPIK taldean (Osasunaren gizarte-baldintzatzaileei eta aldaketa demografikoari buruzko ikerketa-taldea). COVID-19aren krisiaren kudeaketarekin kritiko azaldu da, ez baitu uste halabeharrez gertatu den zerbait denik, ezta denoi berdin eragin digunik ere. Eta COVID-19a adibide bat baino ez da. Izan ere, osasuna ez da bakarrik gaixotasunik eza, baizik eta ongizatea, zentzu orokor batean. Ikuspegi horrekin dabil lanean Bacigalupe, politika hobeak ezartzeko.

Azken solasaldia Lourdes Herrasti Erlogorrirena izango da, azaroaren 29an egingo da, eta Lourdes Herrasti Erlogorri: memoria eraikitzen, iragana lurpetik ateraz izenburua izango du. 

Lourdes Herrasti Erlogorri Euskal Herriko Unibertsitateko Geografia eta Historiako lizentziaduna da, eta irakaskuntza ertainetako irakaslea. Osteoarkeologian espezializatuta dago, eta 30 urte baino gehiago daramatza Aranzadin lanean. Zenbait aurkikuntza arkeologiko garrantzitsutan parte hartu du; tartean, San Joan ante Portam Latinam aztarnategi neolitikoan (Araba), eta gerra zibileko hobien exhumazio-lanetan ere aritzen da, zorroztasun zientifikoa eta gizatasuna uztartuta.

Hiru saioak euskaraz izango dira, 19:00etan, Ernest Lluch Kultur Etxeko areto nagusian
 

2024 - Apirila
al ar az og ol lr ig
1 2 3 4 5 6 7
8 9 10 11 12 13 14
15 16 17 18 19 20 21
22 23 24 25 26 27 28
29 30