}

Unibertsoko hondoko erradiazioa, gero eta zehatzagoa

2003/02/13 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Hondoko erradiazioaren azken neurketak aurkeztu ditu NASAk.

Big Bang leherketa eta unibertsoaren sortze-prozesua ikertzea oso zaila da, gertatu zeneko arrastoetatik abiatu beharra dagoelako. Noiz sortu ziren izarrak? Nola barreiatu zen materia? Zenbat urte ditu unibertsoak?

Hori guztia ikertzeko bada aukera bat: unibertsoaren sorrerako gertakizunen ondorioz, erradiazio elektromagnetikoa sortu zen, eta gaur arte iraun du erradiazio horrek. Eskuragarri dagoen sorreraren aztarna bakarra da, eta mikrouhinen hondoko erradiazio deritze uhin horiei.

NASAk, noizean behin, argitaratzen ditu erradiazio horren ikerketaren emaitzak. Azken urteotan, maiz azaldu da komunikabideetan unibertsoaren adina eta topologia (geometria) zehaztu dela. Gaur, esaterako. Baina zer berri dakar albisteak?

Neurri batean, ezer ez. Datu berri batzuk kaleratu dira, baina ikerketa-lerroa aspaldikoa da, eta kontzeptuaren ikuspuntutik ez da ezer berririk gehitu. Hain zuzen ere, Science aldizkariak 2002. urteko zientziaren lorpen garrantzitsuenen zerrendan sartu zuen hondoko erradiazioaren ikerketaren emaitza. Eta orain argitaratutakoa ikerketa horren xehetasunak besterik ez dira.

Columbia jaurtigailuaren porrota ezkutatzeko izan ala ez, NASAk prentsaurreko bat eskaini du unibertsoari buruzko zenbaki berriak jakinarazteko. Mikrouhinen hondoko erradiazioa aurrekoetan baino zehatzago neurtzen duen proiektu bat dute martxan; 'zeru osoko' erradiazioa neurtu dutela diote, eta, horrekin batera, erradiazio horren polaritatea.

Hortik abiatuta, unibertsoaren adina kalkulatu dute berriz ere. 12.000 eta 15.000 milioi urte artekoa dela esan zuten iaz, eta datua eztabaidatzen ari ziren adituak. Orain, zenbaki zehatzago bat eman dute: 13.700 milioi urte. Horrez gain, beste bi kalkulu kaleratu dituzte: hondoko erradiazioa eta lehen izarrak Big Bang -a gertatu eta 400.000 eta 200 milioi urtera sortu zirela, hurrenez hurren. Orain arte uste zena baino askoz lehenago, alegia.

Zein zenbaki emango dizkigute kalkulu zehatzagoak egingo dituzten hurrengo aldian? Zer dela eta aurkeztuko dizkigute?

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia