}

Tektonika, bizilekuen zizelkatzaile

2011/06/01 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Mugimendu tektonikoei lotuta, suntsipena eta asaldura izaten dira gehien entzuten diren hitzak. Alabaina, funtsezkoak izan dira biziaren historia aberasteko. Inguruko paisaia edo eremua eraldatzeko gai dira lurrikarak eta sumendiak, eta biziarentzako txoko berriak sortzen dituzte, ordura arte ez zeudenak. Habitat-aberastasuna sortzen dute, eta horrek biodibertsitatea handiagoa izaten laguntzen du. Giza arbasoek bizitzeko jarduera tektoniko handiko eremuak bilatu zituztela proposatu duen ikertzailerik ere bada.
Tektonika, bizilekuen zizelkatzaile
2011/06/01 | Lakar Iraizoz, Oihane | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Etiopiako paisaia gorabeheratsua. Arg.: iStockphoto.com/Frankvandenbergh.

Journal of Human Evolution aldizkariaren martxoko alean argitaratutako artikulu batean diote ebidentziak aurkitu dituztela esateko gizakion arbasoek, hala nola Australopithecus africanus espezieko hominidoek, joera zutela tektonikoki aktiboak ziren eskualdeetan ezartzeko. Hain zuzen, tektonikoki aktiboak diren eskualdeetan ohikoak diren habitat-mosaikoetara egokituta zeudela dio York Unibertsitateko, Witwatersrand Unibertsitateko (Hegoafrika) eta Parisko Physique du Globe Institutuko ikertzaile-taldeak.

Besteak beste, Etiopian egindako ikerketetatik atera dituzte ondorio horiek ikertzaileek. Izan ere, Australopithecus en eta beste hominido aitzindari batzuen aztarna asko aurkitu dira han. Bada, gizakien arbasoen fosilak non aurkitu diren eta inguru horiek mugimendu tektonikoen eraginez zer ezaugarri dituzten aztertu dute.

Etiopian, eta, oro har, Afrikako ekialdeko Rift Haranean, oso ohikoak dira lurrikarak eta sumendiak, bi plaka tektonikoren arteko muga dibergenteak baitaude: alde batetik, Afrikako eta Arabiako plakak elkarrengandik urruntzen ari dira, eta, bestetik, Afrikako eta Somaliako blokeak noizbait apurtu egingo direla iradokitzen dute frogek. Kontinentearen apurtze eta urruntze horretan, lurrazala zartatu egiten da; hau da, faila normalak sortzen dira, eta faila horien eraginez, bloke batzuk hondoratu eta beste batzuk altxatu egiten dira. Hala, blokeen artean haran txiki pila bat sortzen dira. Haranen artean tartekatuta, hondoratu ez diren lurrazal-zatiek mendilerroak eratzen dituzte.

Nazioarteko ikertzaile-taldeak azaldu du nola aldatzen den ibai baten ur-korrontea, halako gorabeherak ibai baten inguruan gertatzen badira: haranak eratu diren inguruetan ibaietako ura eta sedimentuak metatu egiten dira, eta, mendilerroetan, berriz, terrazak eta arroilak eratzen dira.

Hala, arro sedimentarioak eta aintzirak eratzen dira, inguruan gora egindako blokeek eratutako itxitura eta hesiek baldintzatuta. Halako eremu gorabeheratsuak "zaildu egin lezake ugaztun korrikalarien mugimendua; primate, hominido eta gizaki modernoentzat, berriz, ibiltzeko modukoak lirateke", adierazi dute. Ingurune gorabeheratsuetan egoteak, gainera, "babesa eta segurtasuna ematen zien", diote.

Lotura, apalagoa

Arturo Apraiz tektonikan adituari eta Arantxa Aranburu Atapuercako ikertzaileari ikerketa horri buruz galdetuta, bi fenomeno horien artean lotura askoz apalagoa izan daitekeela erantzun dute. "Ezin da esan tektonikoki aktiboak diren eremuak aukeratzen zituztenik beren bizilekuak ezartzeko --dio Apraizek--. Izan ere, oso eskala desberdineko gertaerak dira".

Arturo Apraiz eta Arantxa Aranburu EHUko geologia-irakasleak dira. Arg.: Oihane Lakar.

Artikuluan aipatzen diren ezaugarri topografikoak eratzeko "ez da nahikoa lurrikara bat edo bi gertatzea --azaldu du Apraizek--. Ehunka lurrikara eta milaka urte behar dira era horretako aldaketak emateko. Lurrikarek apurka-apurka aldatzen dituzte lurralde ezegonkor baten ezaugarriak. Eta, gero, gizakiak, ezaugarri egokiak dauden lekuan ezartzen dira. Garai hartako hominidoek ez zekiten, ezin zuten jakin, nondik datorren aberastasuna. Beste alde batetik begiratuta, gainera, lurrikara asko dauden beste leku batzuk ez ziren egokiak izango garai hartako giza arbasoentzat, eta ziur naiz ez zirela han geratu. Eta, alderantziz, tektonikaren eraginik gabe beste lekuren batean bizi-kondizio egokiak sortu baldin baziren, han ere ezarriko ziren".

Hain zuzen, Arantxa Aranburuk esan bezala, gizakia, eta giza arbasoak, "ez dira nitxo ekologiko bakar bati atxikita egon. Kondizio guztietan bizitzera moldatu gara; garai hotzetako elurretatik, basamortuko leku idorrenetaraino. Atzera eginez ere, hainbat klimatako ingurunetan aurkitu dira aztarnategiak: sabanetan, tundretan, basoaren erdian... Sortzez agian ez ginen horrelakoak (diotenez, sabanakoak omen gara), baina, gero, moldatzen jakin dugu".

Beste argudio bat ere gaineratu du Aranburuk kontu honetan: "Afrikako ekialdeko Rift Haranean gure arbasoen aztarna asko aurkitu dira, batetik, bai, han egon zirelako, baina, bestetik, sedimentazio-baldintzak oso egokiak direlako han. Orduan, han egon zena gorde egin da. Agian beste leku batzuetan ere egon ziren populazioak garai bertsuan, baina baldintzak ez direnez egokiak izan, ez dira gorde".

Gogora ekarri nahi izan du Aranburuk egon diren gizaki guztien "% 1 baino gutxiago" pasatu dela erregistro fosilera: . "Gutxi horretatik beste guztia ulertzen saiatzen gara. Eta batzuetan ahaztu egiten zaigu gorde ez den historia ere egon dela.

Tektonikari esker, aberastasuna

Giza arbasoek ustez tektonikarekin zuten lotura alde batera utzita, bi adituak bat datoz Journal of Human Evolution artikuluak deskribatzen duen habitat-aberastasunarekin. Rifta, definizioz, inguruko blokeekiko sakonki hondoratua dagoen eremua denez, "Afrikan, adibidez, berez oso idorra den klima apaldu egiten du", dio Apraizek. "Riftaren eraginez, halaber, lakuak eratu ziren. Beraz, bizitzeko oso egokia ez zen klima horretan, txoko egokiagoak agertu ziren", gaineratu du Aranburuk.

Habitat-aberastasuna ere handitu da Afrikako eskualde horretan, rifta eratu denetik. Riftaren gaineko haranean sabana-erako landaredia dago, eta, riftaren hondotik haran horretarainoko maldan, berriz, baso-estai asko daude. "Kontuan izan oso espazio txikian 2.000-2.500 metroko aldea dagoela altuerari dagokionez", dio Apraizek.

Gizakia, antza, sabanakoa da sortzez, baina, eboluzioan, ingurune eta klima guztietara moldatzen jakin du. Arg.: Michael Hagelberg/Arizona Estatu-Unibertsitateko ikerketa-aldizkaria.

Eremu jakin batean txoko ekologiko bereziak sortzeaz gainera, plaka tektonikoen mugimenduek eskala handiagoko fenomenoak eragiten dituzte Lurrean, hala nola klima-aldaketak. Adibidez, "Pleistozenoaren mugak bat egiten du, gutxi gorabehera, Erdialdeko Amerika agertu eta Ipar Amerika eta Hego Amerika elkartu ziren garaiarekin", azaldu du Aranburuk. Gaur egun Ertamerika zena sortuz joan zen, eta, bi azpikontinenteak elkartzean, itsas korronteak aldatu egin ziren, "lehen, korronteak Ipar Amerika eta Hego Amerika artetik joaten baitziren", dio. Izan ere, "klimaren ekuazioan aldagai askok hartzen dute parte, eta, horietako bat, bai, geologia da. Batzuetan, oso aldagai garrantzitsua da".

Mediterraneoan tektonikari lotutako beste aldaketa bat aipatu du Apraizek: "Orain dela 40 milioi urte, Mediterraneoa erabat lehortu zen, eta, noski, izugarrizko aldaketak ekarri zituen horrek. Gibraltarreko lurmuturra mugimendu tektonikoen eraginez itxi zen, eta, horren ondorioz, ezin zen Ozeano Atlantikotik ura sartu. Ibaietatik eta euriaren bidez iristen zen ura lurruntzen zena baino gutxiago zenez, 100.000-200.000 urtean guztiz lehortu zen. Ondoren, beste mugimendu baten bidez lurmuturra zabaldu zen, eta, orain dela gutxi jakinarazi denez, badirudi izugarrizko tsunamia gertatu zela Mediterraneoko kosta guztian. Ura arrapaladan sartu zen, urjauzi bat balitz bezala".

Bestalde, eta denak zuzen-zuzenean tektonikari lotuta ez badaude ere, geologiari lotutako fenomenoek pasabide naturalak eratzen dituzte; alegia, inguru jakin bateko orografian eratzen diren erliebe txikiko korridoreak. Pasabide horiek "oso mesedegarriak dira bizidunentzat; migrazio- eta dispertsio-bide gisa erabiltzen baitituzte. Autopista naturalak dira, nolabait", argitu du Aranburuk.

Lurreko bizia ez zatekeen berdina izango mugimendu tektonikoek bultzatuta sortutako egitura, formazio, fenomeno eta aldaketarik gabe. Berebiziko eragina dute tokian tokiko bizian eta bizidunetan. Eta kontraesankorra ere izan daiteke eragin hori, zer eskalatatik begiratzen zaion. Apraizentzat eta Aranbururentzat, horren adibide ezin hobea dira Japoniako lurrikara eta tsunamia: "Sekulako lurrikara izan da Japonian, tsunamiak izugarrizko suntsipena eragin du kostaldean, Japonia bera bi metro desplazatu ere egin da... baina paisaian sortu duen aldaketa, giza azpiegiturak alde batera utzita, ez da ezer izan".

Lakar Iraizoz, Oihane
3
276
2011
6
020
Geologia; Geografia; Paleontologia
Artikulua
41

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia