Elhuyar zientziaren komunikazioa

Suaren Lurraldean IZOTZA MALKOTAN

2016/06/22 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Patagoniako eta Suaren Lurraldeko izotz-eremu ezezagunenak ikertzea helburu, espedizio bat egin berri dute hiru glaziologok: Eñaut Izagirre elgoibartarrak, Ibai Rico gasteiztarrak eta Evan Miles estatubatuarrak. Hego Amerika osoko izotz-eremurik hegoaldekoena eta ezezagunena esploratu eta kartografiatu dute: Cloue izotz-eremua. Hoste uhartean dago, izotzezko labirinto baten erdian. Izotza, kazkabar-ekaitz bortitzak eta urakan-haize glaziarrak lagun, inork zapaldu gabeko lurraldetan barneratu dira. Eta haien zain, Northanger belaontzia, nabigazio-baldintza gogorrak gainditu behar izan dituena. Zientzia beti izaten da abentura bat, baina oraingo honetan, letra larriz idazteko modukoa.

suaren-lurraldean-izoztza-malkotan
INCOGNITA PATAGONIA 2016 ESPEDIZIOA, National Geographic-en babesaz egina Arg. Incognita Patagonia 2016
Espedizioko hiru kideak, ezkerretik eskuinera: Evan Miles (glaziologoa eta Scott Polar Research Instituteko ikertzailea), Ibai Rico (geografoa eta Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzailea) eta Eñaut Izagirre (geografoa eta Magallanes Unibertsitateko ikertzailea). Arg. Incognita Patagonia 2016

"Izugarria izan da hango handitasuna ikustea. Hango paisaiaren dimentsioak. Belaontzian ginen, eta 1.500 metroko paretak ikusten genituen ondoan. Pixka bat iparralderago, baita 2.500 metrokoak ere. Sekulako paretak, izugarrizko glaziarrak, fiordoetan izotz-erorketa etengabeak… Ikaragarria da!", emozio handiz gogoratzen ditu guztiak Eñaut Izagirre geografoak.

Kartografia-mapa zehatzak

Darwin Mendikateko mendi izoztuetako gailur eta erpinetan ohikoak dira izotz-perretxikoen formak. Arg. Incognita Patagonia 2016

Cloue izotz-eremua uharte txikien, fiordoen eta kanalen labirinto moduko bat da, eta guztiz ezezaguna oraindik. Hartara, hango mapa kartografikoa egitea zuten helburu hiru ikertzaileek, baina garai bateko espedizioen modura egin nahi izan dute: geografia deskribatu eta ahalik eta mapa kartografiko zehatzena egiteko, espedizioak izotz-eremu handiak zeharkatu behar izan ditu, inork igo gabeko mendiak eskalatu, orain arte ezezagunak ziren fiordoak deskribatu, belaontziz oso sarbide zaila duten kanaletatik nabigatu eta izugarrizko haizeteei aurre egin.

Evan Miles eta Ibai Rico Cloue mendiaren gailurrean (1.356 m). Arg. Incognita Patagonia 2016

Izan ere, haizean ere nabari da Suaren Lurraldeko handitasuna. “Nik uste baldintzak izan direla benetan espedizioa gogorra egin dutenak. Mendi txiki handiak dira, Charlie Porter alpinista handiak deitzen zien bezala. Altueran ez dira oso garaiak, 1.400 metro ingurukoak, baina itsas mailan zaude, eta justu Ozeano Bareko haizeen sarrerari zabalik, haizeen eraginpean erabat. Antartikatik eta mendebaldetik datozen haize guztiek jotzen dute han, eta, gero, haizeak munduari buelta eman eta, ez dutenez kontinenterik latitude horretan, berriz jotzen dizute. Izugarria da!”

Ikertzaileak eta aldi berean alpinistak izanik, plazer hutsagatik eskalatu dituzte mendiak, baina baita altuerak benetan ondo zehaztu ahal izateko ere. “Satelite-irudiz kalkulatutako altuerak besterik ez zegoen, eta lainoek eta malkarren itzalek distortsioak sortzen dituzte. Guk neurtutako altueretatik aurrez neurtuta zeudenetara, ikusi dugu badagoela 30-35 metroko errorea”.

Ibai Rico, Antartikatik datozen haize indartsuei aurre egiten, izotz-eremuaren goialdean. Inguruotan ia ezinezkoa da eguraldi-iragarpenak egitea, eta eguraldi lasaia izango zutela uste zutenean ere, izugarrizko haizeteak eta ekaitzak jasan behar izan dituzte espedizio-kideek. Arg. Incognita Patagonia 2016
Izagirre eta Schinas, Pia fiordoan dagoen estazio meteorologikoko datuak deskargatzen. Charlie Porter alpinistak jarritako estazioak dira, eta espedizioan, haiek berreskuratzen saiatu dira. Baldintza meteorologikoen eta glaziarren arteko lotura zehazteko, ezinbestekoak izango dira estazio hauek. Arg. Incognita Patagonia 2016

Glaziarrak aztergai

Izotz-eremua bere osotasunean ikertu nahi izan dute. Historia glaziarra eta erliebea hobeto ezagutzeko, milaka eta milaka urte dituen izotza izan dute aztergai; glaziarren formak eta metaketak kartografiatu dituzte hiru glaziologoek. “Euskal Herrian izan dira glaziar batzuk izozte-aldi handienetan —Aralarren, adibidez—, baina ez dago glaziarren kulturarik. Azken finean, Piriniotan dauden glaziarrak ere oso txikiak dira. Horregatik arrotza egiten zaigu glaziologo hitza” —azaldu nahi izan du Izagirrek—.

Izagirre, Fouque glaziarraren aurrealdetik gertu ur-sakonera neurtzen (batimetria), packraft-arekin. Garrantzitsua da uraren sakonera zein den jakitea, uretara iristen diren glaziarrak handitzen edo txikitzen ari diren ulertzeko. Arg. Incognita Patagonia 2016

Glaziarrek glaziazio handietan izan zuten azalera handiena. Ordutik hona atzera egiten joan dira, eta gaur egungo glaziarrak izotz-aldi handi haietako hondarrak dira. Lurrak glaziazio asko izan ditu, bata bestearen atzetik, eta Suaren Lurraldea izotzez estalita egon da milaka edo milioika urtean. Suaren Lurraldeko eremurik australenaren glaziarren eboluzioa aztertu nahi izan dute hiru ikertzaileek espedizioan.

Northanger belaontzia izan dute izotzezko labirintoan gidari eta zaindari. Izotzezko eremuan oinez barneratzean, hiru glaziologoek inoiz ez zekiten noiz itzuliko zen belaontzia haien bila, baldintza meteorologiko gogorren eraginez askotan ezin baitzuen nabigatu. Arg. Incognita Patagonia 2016

“Duela 200 urte, Izotz Aro Txikia deitzen den periodoan, izotzak aurrera egin zuen berriz. XIV. eta XVII/XVIII. mendeetan izan zen, eta Patagonian, XIX. mendera arte luzatu zen. Mundu osoko tenperatura atmosferikoak gutxi gorabehera gradu bat egin zuen behera, eta glaziarrek aurrera egin zuten” —adierazi du Izagirrek—. “Gaur egun ikusten ari garen atzeratze globala horixe da, Izotz Aro Txiki horretan izan zuten hedapenetik nola egiten ari diren atzera glaziarrak”.

Satelite-irudien bidez egindako azterketek zioten Patagoniako glaziarrak ez zirela aldatu azken urteotan, galera-tasak ez zirela handiak. Izagirrek, Ricok eta Milesek, ordea, bertatik bertara aztertzea erabaki zuten. “Gure landa-lanetan alderantzizkoa ikusi dugu: azken 70 urteotan, glaziarren azalera guztiaren % 20 galdu da. Batez ere, azken hamarkadetan. Eta, gainera, halako banaketa bat ikusi dugu glaziarretan, deskonexio moduko bat elurra pilatzen den tokitik, pilaketa-gunetik, gaur egun mihia dagoen tokira. Normalean elurra erortzen da, goian pilatzen da, eta, gero, dentsitate jakin bat hartzen duenean, grabitate-indarraz deformatzen eta beheraka labaintzen joaten da. Orain, glaziarrak ez dira gai beren mugimendua goitik behera egiteko, halako deskonexio bat dago. Aurreko hamarkadetan oso ondo iristen zen itsas mailaraino, osasuntsu, baina orain glaziarren goiko altueratan zokoratzen ari da”.

Acix fiordoaren ekialdeko besoan dagoen glaziarretako bat. Goialdearen eta behealdearen arteko deskonexioa agerian geratzen da glaziar honetan, egungo osasun eskasaren seinale. Une honetan, elur-jauziek eta erortzen diren izotz-pusketek baino ez dute elikatzen mihi glaziarra.

Kontuan hartzeko modukoa da glaziarren osasuna, haiek urtzerakoan itsas maila igotzen baitoa. Berez izotz gehiago dute Antartikak edo Groenlandiak, baina mendiko glaziar txikiagoak dira tenperatura-aldaketen aurrean azkarren erreakzionatzen dutenak eta itsas maila askoz ere azkarrago igoaraziko dutenak. Patagoniakoak eta Alaskakoak, esate baterako. 1-1,5 metro igoarazi lezakete, ikertzaileen arabera.

Paisaia berriak sortzen

Izotzak atzera egiteak paisaia berriak ere ekarri ditu Suaren Lurraldean. Bailara berriak geratu dira agerian. Gainera, izotzak estaltzen duen eremu guztia ez-organikoa da, bizitzarik gabea eta inertea. “Orain, pixkanaka bizitza hasten ari da. Glaziarrek atzera egitean, lehenik hazten direnak likenak eta goroldioak dira han. Oso paisaia ederra da. Ikusgarria”.

“Bestetik, badu Patagoniak esanguratsu den ezaugarri bat: klima hain hezea eta hotza izanik, zohikaztegiak sortzen dira. Hain klima heze eta hotzean hazten den landaredia ez da desegiteko gai, eta orduan metaketak hasten dira, alboetara zein bertikalki. Zohikaztegiak sortzeko denbora asko behar izaten da, hortaz, haiek egoteak erakusten du glaziarrek duela dezente denbora egin zutela atzera”.

Kastoreen eragina ere asko igartzen da Izagirreren iritziz; haien larrua merkaturatzeko, 1946an sartu zituzten kastoreak Ushuaian. “Ekosisteman eragin handia dute. Guztiz zohikaztsua zen eremu bat aurkitu zuten, ur zingiratsuak, haientzat oso aproposak. Gainera, han ez dago harrapari handirik”. Hortaz, espedizio-kideak kastoreen habi nagusiak lokalizatzen saiatu dira.

Suaren Lurraldeko landarediak eta zohikaztegiek paisaia ederrak sortzen dituzte, izotzak atzera egin duen tokietan. Arg. Incognita Patagonia 2016

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia