Elhuyar zientziaren komunikazioa

Natura ustiatzetik kontserbatzera

2017/02/15 Mikel de Francisco Pastor - HAZI Fundazioko Ingurune Naturaleko Arloko buruaHAZI Fundazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

natura-ustiatzetik-kontserbatzera
Arg. Gema Arrugaeta

Baliabide naturalek sostengatzen dituzte gure ekonomia eta ongizatea. Lehengaien mende bizi gara: erregaiak, metalak eta mineralak behar ditugu, bai eta elikagaiak, lurra, ura, biomasa eta ekosistemak ere. Ekosistemek gero eta presio handiagoa jasaten dute, ordea, eta horrek arriskuan jartzen du gizateriak behar dituen ondasunen etorkizuneko hornidura.

Erronka horri erantzuteko bide nagusia ingurumena babesteko politikak dira. Hasiera-hasieratik, bi ikuspegi osagarri (eta, zenbaitetan, elkarren aurkako) izan dira babestu beharreko objektua definitzeko. Haietako batek natura garbiarekin egiten du lan, gizakiaren eraginik jasan ez duenarekin. Besteak, berriz, gizakiak sortutako paisaien zati batzuk hartzen ditu barnean, eta babestu beharrekotzat jotzen ditu zenbait paisaia kultural.

Ikuspegi horietako lehenak ustiapena murriztearen edo erabat ezabatzearen alde egiten du; bigarrenak, berriz, ikusten badu ustiapenak direla babestu nahi diren paisaien arduradun, mantentzearen eta eguneratzearen alde egiten du.

Eztabaidarik handiena sortzen da babestu nahi diren habitatak kudeaketarik edo ustiapenik egin ez delako hondatzen direnean. Oro har, gure lurraldearen zatirik handienean, basoa da landaredi potentziala, gizakiaren esku-hartzerik gabe modu egonkorrean gara daitekeena, alegia. Landaredi hori egonkorra izan ohi da; izan ere, aldaketa handirik gertatu ezean (gizakiak edo hondamendi naturalek eragindakoak), dozenaka urte behar dira funtsezko aldaketak izateko. Dena den, landaredia bere potentzial optimotik zenbat eta urrunago egon (zuhaixka-sastraka, larrea-belarkia), orduan eta azkarragoa da aldaketa, eta, beraz, beharrezkoagoa da esku-hartze aktibo bat, kontserbatu ahal izateko. Belarki erdinaturalak dira kudeaketa- eta kontserbazio-behar larriena dutenak.

Horri jarraituz, Europako Batzordeak jakinarazten du Europako mendi-inguruneetako biodibertsitatearen presio nagusiak direla artzaintza nahikorik ez izatea —edo batere ez izatea—, produktibitate txikiko eremu hauetan giza jardueren pixkanakako uztearen ondorio gisa. Eremu horiek eta haien habitatak kontserbatzeko, desagertzea saihesten duten neurriak eta aldian aldiko presioak kentzen dituztenak (luberritzea, baso-sartzea edo urbanizazioa, esaterako) konbinatu ohi dira. Bestalde, abeltzaintza bultzatzen da, ustiapenen jasangarritasuna sustatzeko ekintzen bidez, edo abeltzain eta nekazariei laguntzak emanez, beren ustiapena alde batera uztera bultzatzen dituen kostu gehigarriei edo errenta-galerei aurre egin diezaieten.

Halako neurrien adibideak dira, Euskal Herrian, mendiko larreen ustiapen jasangarria babesten duten Landa Garapenerako Planetan jasotako laguntzak eta LIFE Oreka Mendian, zeinak planifikazioa bultzatzen baitu euskal mendietako larre-habitaten kontserbazioaren eta ustiapenaren arteko oreka aurkitzeko.

Beste alde batetik, espero daitekeena baino biodibertsitate txikiagoa aurkitzen da gure basoetako askotan ere. Hori gertatu ohi da habitat sinplifikatuak direlako, zuhaitz- eta zuhaixka-espezieen dibertsitate txikia eta zahartasun-fase desberdinetan dauden zuhaitz zahar gutxi dituztenak. Pentsa daiteke denbora igaro ahala lortuko direla habitat horien hobekuntza-helburuak. Edonola ere, prozesu hori azkartu egin daiteke, ustiapen planifikatua eta jasangarria eginez.

Hala lortzen da baso-baliabideen ustiapenekin finantzatzea basoetako esku-hartzeak eta habitata nabarmen hobetzea. Era horretako estrategien artean, arrakasta izan duen adibide bat da Arabako LIFE Pro-IZKI. Baso-plan bat jarri da martxan; hala, kalitateko baso-produktuak eskuratuz, ameztien kontserbazio-egoera hobetzen duten eta mehatxatutako espezieei (okil ertainari eta Bechstein saguzarrari, esaterako) laguntzen dieten basoko esku-hartzeak finantzatzen dira Izkiko Parke Naturalean.

Zenbait kasutan, baliabide naturalen ustiapen tradizionala mehatxu izan ez arren kontserbazio-helburuak erdiesteko, erabilerak mugatzearen alde egiten da, eremu babestuetan naturaltasun-maila handiagoak lortzeko. Edonola ere, estrategia horiek kalterako izaten dira jabe eta erabiltzaileei eremuaren babesarekiko sentimendu negatiboa eragiten dienean, eta, batzuetan, gerta liteke kontserbazio-neurrien aplikazioa zailtzea ere. Jabe eta erabiltzaileak desjabetzean eta mugak ezartzean oinarritutako politika ugarik egin dute porrot, gatazka soziala sortu dutelako eta administrazioak, berez, ez duelako gaitasunik lurraldea kudeatzeko.

Horri lotuta, Europa mailako kontserbaziorako tresna nagusiak, Habitaten Direktibak, hitzaurrean adierazten du helburu orokor gisa garapen iraunkorra hartuz gero biodibertsitatea mantentzea bultzatu behar dela, eskakizun ekonomiko, sozial, kultural eta eskualdekoak kontuan izateaz gainera. Izan ere, baliteke biodibertsitatea mantentzeko beharrezkoa izatea giza jarduerek bere horretan jarraitzea, bai eta areagotzea ere.

Beraz, kasu askotan, baliabide naturalen ustiapena ez da bateraezina kontserbazioarekin; beharrezkoa da hura mantentzeko.

3.625/5 rating (8 votes)

Erantzunak

1

zientzialaring 2017/02/15

Oso eskasa artikulua. Oinarri zientifiko eskaseko publierreportaia. Pena izan da hemen horrelako bat aurkitzea. Finantziazioa?
2

rikardoarrillaga 2017/02/16

Hain zuzen ere, argudio oso antzekoa ematen dute militarrek Bardeetan poligonoarekin segitzeko. han ere, euren esku hartzea ona da, beste inork ezin duelako erabili. Lotsagarria.
3

AITZIBER AGIRRE RUIZ DE ARKAUTE 2017/02/17

Eskertzen zuen kritika. Helaraziko diogu analisiaren egileari, erantzuteko aukera izan dezan. Segi hain irakurle finak izaten!

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago
DokuSare bidez

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia