Elhuyar zientziaren komunikazioa

Munduko populazio osoa elika liteke etorkizunean baso gehiago deforestatu gabe

2016/04/21 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

 

munduko-populazio-osoa-elikatu-liteke-etorkizunean
Arg. Chris Waits, Flickr

Egungo basoak babestea lehentasun hartuta, etengabe hazten jarraitzen duen giza populazioa elikatzeko nahikoa nekazaritza-lur ba ote dagoen aztertu nahi izan dute Austriako Gizarte Ekologia Institutuko ikertzaileek. Emaitzen arabera, posible da giza populazio osoa elikatzea baso gehiago nekazaritza-lur bihurtu gabe, baina gure dieta-motak baldintzatuko luke: haragia jateak eskatzen du deforestazio gehien.

Etengabe hazten ari den giza populazioak gero eta elikagai gehiago eskatzen ditu, eta hori lortzeko hainbat bide daude: nekazaritzaren eraginkortasuna handitzea (intentsiboagoa eginez) edo nekazaritzarako erabiltzen den lur-eremua handitzea, esaterako. Nekazal lurrak handitzeak, ordea, talka egiten du biodibertsitatearen kontserbazio-helburuekin.

2050. urtean eman daitezkeen egoera erreal posibleak aztertu dituzte ikertzaileek, hainbat aldagai kontuan hartuta: zer erabilera ematen zaien nekazal lurrei, zenbateko etekina ateratzen zaien lurroi, ganadua nola elikatzen den eta gizakiok zer elikadura-ohitura ditugun, besteak beste. Kontuan hartuta zenbat biomasa sortzen dugun eta zenbat kontsumitzen dugun, 500 egoera posible desberdin aztertu eta modelizatu dituzte. Emaitzek erakusten dute egoera horietako askok munduko giza populazioaren elikagai-eskaera aseko luketela baso-lur gehiago soildu gabe.

Munduko giza populazio osoa guztiz beganoa balitz, aztertutako egoeren % 100 izango lirateke posible; egoeren % 94 lirateke posible denok begetariano bagina; % 66, dietak orain arte bezala jarraituko balu; eta soilik % 15, mundu-mailan mendebaldeko aberatson estiloko dieta orokortuko balitz, alegia haragian oinarritutakoa.

Urtero Panamaren tamainako baso-azalera deforestatzen da munduan, eta erritmo hori jarraituz gero, ehun urtean guztiz desagertuko dira euri-oihanak. Modelo horien emaitzek erakusten dute aukera asko dagoela baso-eremu gehiago soildu eta nekazaritza-lur bihurtu gabe populazio mundiala elikatzeko, baina elikadura-ohituren mende dagoela hein handi batean.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia