}

Marte 2020

2016/09/01 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Espazio-agentzien planak betetzen badira, 2020an bost misio abiatuko dira Marterantz. Eta haietako hiruk, edo agian lauk, ibilgailu autonomo bat jarriko dute Marteren gainazalean. Garai garrantzitsua izango da, zalantzarik gabe, Marteren esplorazioan. Garrantzitsua Euskal Herriko Unibertsitateko Zientzia Planetarioen Taldearentzat ere, misio horietako bitan parte hartuko baitu.
marte-2020
Arg. NASA

NASAk alde batetik, Europako eta Errusiako Espazio Agentziek elkarrekin bestetik, eta Txinakoak bestetik, Martera ibilgailu autonomo bana bidaltzeko asmoa dute 2020an. Indiak eta Arabiar Emirerri Batuek, berriz, orbitatzaile bat bidaliko dute, eta Indian aztertzen ari dira haiek ere ibilgailu bat bidaliko ote duten orbitatzailearekin batera. “Alde batetik, honelako misioek ekartzen duten garapen teknologiko izugarria motibagarria da edozein herrialderentzat”, dio Agustín Sánchez Lavega Euskal Herriko Unibertsitateko Zientzia Planetarioen Taldeko zuzendariak. “Eta, bestetik, lorpen zientifikoa dago. Pentsa misioren batean biziaren arrastoak topatzen badira”.

Zientzia Planetarioen taldeko ikertzaileek parte hartuko dute ExoMars 2020 misio europar-errusiarrean eta, batez ere, NASAren Mars 2020 misioan; eta horixe da, hain zuzen ere, bi misio horien helburu nagusia: biziaren arrastoren bat topatzea.

“Dagoeneko dudarik ez dago Marteren gainazalean noizbait ur likidoa egon zela. Ez dakigu ze hedadura izan zuen, eta zenbat denboraz egon zen likido, baina bai lakuak, eta errekak izan zirela. Adibidez, orain Curiosity dabilen lekuan, Gale kraterrean, argi eta garbi menditik jaisten diren errekak daude”, azaltzen du Sánchez Lavegak. “Puntu garrantzitsu hori kontuan izanda, nik uste dut badagoela aukera inoiz jarduera biologikoren bat egon izanaren arrastoren bat topatzeko, nitxoren batean. Marteko geologiarekin azaldu ezin daitekeen arrastoren bat”.

Mars eta ExoMars

Horixe bilatzen saiatuko dira Mars 2020 misioan, eta horretarako beste ibilgailu autonomo bat jarri nahi dute Marten. Ibilgailua gaur egun han dabilen Curiosityren oso antzekoa izango da, hark bezala 1.000 kg izango ditu, eta hainbat kamera, sentsore eta tresnaz hornituta egongo da. Horietako batzuk aurrekoen bertsio hobetuak izango dira, eta beste batzuk berriak; esaterako, SHERLOCK. Raman espektrometro bat da, eta molekula organikoak eta biomarkatzaileak detektatzeko balio du. “Orain arte ez da halako tresnarik eraman Martera. Funtsezkoa izango da bizi-seinaleak bilatzeko”, argitu du Sánchez Lavegak.

Agustín Sánchez Lavega. Euskal Herriko Unibertsitateko Zientzia Planetarioen Taldeko zuzendaria.

RIMFAX tresna ere azpimarratu du Sánchez Lavegak, gainazalaren azpiko kondizioak aztertzeko balioko duen radarra. Marteren orbitan dauden Mars Express eta MRO zundek antzeko radarrak dituzte, baina Marteren gainazalean ariko den lehena izango da, eta 500 metroko sakoneraraino iritsiko da. “Ez dakigu oso ondo Marteren gainazalaren azpian akuiferoak egon ote daitezkeen. Sakonera handitu ahala tenperatura eta presioa handiagoak dira, beraz, agian ur likidoa egon liteke”.

ExoMars 2020 misioak eramango duen ibilgailua berriz txikiagoa izango da, 300 kg ingurukoa. Eta bere arma garrantzitsuena bi metroko sakonerara iritsiko den zulagailua da. Zulagailuak hainbat sakoneratako laginak hartuko ditu, eta lagin horiek ibilgailuan aztertuko dira hainbat tresnarekin. Hala, sakonera horretako laginak lehenengoz aztertu ahal izango ditu ExoMars 2020 misioak. Mars 2020k ere izango du zulagailua, baina ez da metro bat baino gehiagora iritsiko.

Astrobiologoek argi dute biziaren seinaleak aurkitzeko aukera gehienak gainazalaren azpian leudekeela. “Martera iristen den erradiazio ultramoreak dena esterilizatzen du. Beraz, gainazalaren azpian bilatu beharko litzateke. Baikorrenek pentsatzen dute litekeena dela hor gaur egun oraindik ere bizidunen bat egotea”, dio Sánchez Lavegak.

Bizia baieztatzerik ez

Bizirik dagoen edo inoiz egon den argitzea ez da lan samurra izango. “Planeta bat oso gauza handia da, eta bizirik egon bada ere, auskalo non dauden nitxo horiek”, azaldu du Sánchez Lavegak. Gainera, NASAk ere argi utzi du gauza bat dela molekula organikoak eta biomarkatzaileak detektatzea, baina Mars 2020k ezingo duela baieztatu Marten bizirik dagoen edo izan den.

“Oso zaila da —jarraitu du Sánchez Lavegak—; begira zer gertatu zen 1996an. Antartikan eroritako Marteko harri batek hautsak harrotu zituen mundu zientifikoan. Batzuek uste izan zuten bizia izan zezakeela, eta eztabaida piztu zen. Azterketa guztiak egin ziren arte ez zen argitu auzia. Eta azterketa horiek Lurreko laborategietan egin ziren! Marten, nahiz eta oso tresneria sofistikatua izan, mugatua da. Nik uste dut benetan bizia egon den edo ez baieztatzeko beharrezkoa izango dela Martera pertsonak joatea, eta han benetako laborategiak muntatzea, eroso esploratu eta bertan azterketak egin ahal izateko”.

Ezkerrean, Marten dabilen Curiosity ibilgailua. Mars 2020 misioak eramango duena oso antzekoa izango da. Eskuinean, ExoMars 2020 misioak eramango duen ibilgailua. Arg. NASA/JPL eta ESA, hurrenez hurren

Baina, hori urrun ikusten du oraindik Sánchez Lavegak: “beti esaten da 20 urte barru gertatuko dela, baina inork ez dauka benetan planifikatuta. Aurreko batean, hain justu, NASAko bati galdetu nion, eta beraiek ere ez zekitela erantzun zidan. Bestetik, egia da ekimen pribatua ere badagoela dagoeneko horretarako; benetan bitxia da hori”.

Edonola ere, horretarako teknologia garatzen hasteko ere baliatu nahi du misioa NASAk. Esaterako, MOXIE tresna eramango dute. Tresna horren bidez Marteko atmosferako CO 2 -tik oxigenoa lortzeko teknika bat probatuko dute. Orduko 0,015 kg oxigeno lortzea espero dute.

Bestalde, Mars 2020k biziaren arrastoak topatzeaz gain, badu bigarren helburu nagusi bat: Marteko laginak Lurrera ekarriko lituzkeen etorkizuneko misio baterako lehen pausoa ematea. Hain zuzen ere, lagin horiek aukeratu, jaso, eta leku jakin batean pilatuko ditu ibilgailuak, 50 ºC-ren azpitik eta hamar urtetik gora mantenduko dituen hodi metaliko batzuetan gordeta. Gero, beste misio batek Lurrera ekarriko lituzke lagin horiek, bertako laborategietan aztertzeko.

“Hori egingarria ikusten dut etorkizun hurbilean —dio Sánchez Lavegak—, nahiz eta Martetik aireratzea lortu behar den. Ez da gauza bera Ilargitik aireratzea edo Martetik; grabitatea askoz handiagoa da. Agian, MOXIEk ekoiztutako oxigenoa erabili ahal izango litzateke erregai gisa. Nolanahi ere, gertuago ikusten dut hori Martera pertsonak iristea baino”.

Marteko hautsa

Dust devil deitzen dioten honelako hautsezko zurrunbilo txikiak ere ikertuko dituzte. Izan ere, ekaitz handiez gain, hautsa garraiatzeko mekanismo garrantzitsuenetako bat izan daitezkeela uste dute. Leku batzuetan etengabe daude horrelako zurrunbiloak, eta hauts asko altxatzen dute. Arg. NASA_JPL-Caltech/University of Arizona

Bitartean, Marteko misioetan beste gauza asko ere ikertuko dira. Esaterako, Zientzia Planetarioen Taldeak Marteko meteorologia eta hautsa ikertuko ditu. “Hautsa oso elementu garrantzitsua da Marten —azaldu du Sánchez Lavegak—; izan ere, Marteren atmosfera oso arina da, eta hautsa erraz harrotzen da. Hauts asko dago eta azkar mugitzen da alde batetik bestera. Eta tresnak hondatzen ditu. Horregatik garrantzitsua da ezagutzea hautsaren zikloak, jalkitze-tasa, tresnei nola eragiten dien elektronikaren, optikaren eta abarren ikuspuntutik, eta abar. Lurrean hautsa ez da kontuan hartzeko gauza bat, baina Marten funtsezkoa da”.

Bada, Marteko meteorologia eta hautsa ikertzeko, NASAren Mars 2020 misioko ibilgailuak MEDA tresna izango du. Madrilgo Astrobiologia Zentroak zuzenduta, Zientzia Planetarioen Taldeko ikertzaileek parte hartzen ari dira MEDAren garapenean, eta tresna horrekin egingo diren ikerketetan era ariko dira. “MEDA estazio meteorologiko bat da —azaltzen du Sánchez Lavegak—; neurtuko ditu tenperatura, presioa, haizea, hezetasuna, edo kasu honetan esango dugu atmosferako ur-lurrun kantitatea, eta, batez ere, hautsa. Bestalde, ExoMars 2020 misio europar-errusiarrean ere hartuko dute parte; kasu horretan, meteorologia ez dute egingo, baina hauts-detektagailuak izango dituzte.

Misio horiei laguntza emateko behaketak ere egingo dituzte Lurretik, eurek garatutako PlanetCAM-UPV/EHU kamerekin. Kamera horiek teleskopioei akoplatzen zaizkie (Calar Altoko teleskopioetako batean daukate bat, esaterako). Eta behaketa horiekin Marten, eskala handian gertatzen diren fenomenoak aztertzen dituzte. Horrez gain, Marteren orbitan dagoen ExoMars ontziak duen kamera txiki batekin eta Curiosityren datuekin ere ari dira lanean dagoeneko, dinamika atmosferikoa eta hautsa ikertzen.

2020ko misioetan Zientzia Planetarioen Taldearen helburua izango da “ahalik eta ondoen ezagutzea Marteko meteorologia, hautsaren zikloa, hodeien sorkuntza, poloetan desizoztearekin batera sortzen diren borraska modukoak, eta abar” dio Sánchez Lavegak. “Finean, Marteko meteorologiaren ezagutzan aurreratzea, besteak beste, hori oso garrantzitsua izango baita etorkizuneko bisitetarako, izan bisitariak ibilgailuak edo pertsonak”.

Mars 2020 eta ExoMars 2020 misioetan parte hartzea erronka bat da taldearentzat, Sánchez Lavegak azaldu duenez: “talde txikia gara, eta gainezka gaude, baina seguru asko inoiz izan dugun erronka politena da. Justu garai horretan erretiroa hartzekoa naiz, eta zoragarria litzateke Martera bisita batekin erretiratzea. Hori amesten dut”.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia